Lehen Mailako Binakako Txapelketak badu finala: Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak Iñaki Artolaren eta Jon Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute hilaren 30ean, Iruñean, Nafarroa Arenako frontoian.
Alde handia dago batzuk eta besteek jokatutako finaletan. Zailduak dira Ezkurdia eta Rezusta. Bienak kontuan hartuta, zazpigarrenez ariko dira finalean. Aurrelariak hirugarrena jokatuko du. Irabazi egin zituen aurreko biak: 2018an, Jose Javier Zabaletarekin, eta, 2020an, Julen Martijarekin. Atzelaria, berriz, bosgarrenez ariko da finalean. Jarraian jokatu zituen aurreko lauak: bi irabazi zituen —2017an, Iker Irribarriarekin, eta, 2019an, Danel Elezkanorekin—, eta, beste bi galdu: 2016an, Juan Martinez de Irujorekin, eta, 2018an, Elezkano II.arekin. Ezkurdiak bost urteren ostean jokatuko du berriro finala. Rezustak, berriz, sei urteren ostean.
Artolak eta Mariezkurrena II.ak, ordea, lehen finala jokatuko dute lehen mailan, bai binaka, bai beste bi modalitateak kontuan hartuta —buruz buru eta lau eta erdian—. Artola 2021eko buruz buruko finalerako sailkatu zen, baina min hartu zuen finalerdian, eta uko egin behar izan zion finala jokatzeari. Binaka, gehienez, finalerdietako ligaxkara iritsi ziren Artola eta Mariezkurrena II.a, baina, oraingoan, iritsi bakarrik ez, barruraino sartu dira.
Bitan jokatu dute elkarren aurka txapelketan, eta Aspekoak nagusitu dira bi partidetan: lehen ligaxkan, 22-15 irabazi zuten Eibarren (Gipuzkoa), eta, finalerdietakoan, 22-18 Iruñean.
Adosen finalerdiak, prest
Adosen binakakoa, berriz, azken txanpan dago. Asteburuan jokatuko dituzte finalerdiak: larunbatean, Donostian, Barrokal eta Arrastia Oskozen eta Agirreren aurka ariko dira; eta, igandean, Miarritzen (Lapurdi), Ruiz de Infante eta Orbegozo Iturriagaren eta Mendibururen kontra.