Binakako Txapelketa Nagusiak badu bikote garailea: Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta. Emozio eta gogortasun handiko final baten ondoren, Aspeko bikoteak 22-20 garaitu du Iñaki Artolak eta Jon Mariezkurrenak osaturiko bikoa, eta ongi merezita egin da txapel preziatuen jabe. Finalaren hasiera izan da gakoa, besteak beste. Ezkurdiak eta Rezustak bizitasunez eta inspirazioz beterik jokatu dituzte lehen tantoak, eta berehala hartu dute aurrea: 7-1. Bada, orduan lortutako aldeari bikain eutsi diete gerora, ofizioa eta kasta lagun. Bi tantora hurbildu dira Baikokoak, lau bider soilik, baina sekula ez dute lortu lehia berdintzerik. Horrenbestez, nola Ezkurdiak hala Rezustak hirugarrenez jantzi dute binakako txapela. Ezkurdiak aurrez Zabaletarekin eta Martijarekin zuen irabazia; Rezustak, berriz, Irribarriarekin eta Elezkanorekin. Bada, hirugarrena elkarrekin lortu dute.
Urduritasuna izan ohi da gakoetako bat finaletan, eta Artolak eta Mariezkurrenak zalantza artean ekin diote finalari. Erritmo bizian ibili dute pilota, batez ere Ezkurdiak, eta min egin du. 4-0 eta 7-1 aurreratu da berehala Aspeko bikotea. Arbizuko aurrelariak gaitzeko jokoa plazaratu du, batez ere boleaz bereak eta bi eman baitizkio pilotari. Zentratuago eta lasaiago sumatu dira kantxan garaileak. Laineza hartuta, hain zuzen. Ordea, partidaren ibilia oraindik malkartsuago jarri aurretik, euren onenera hurbiltzen hasi dira Artola eta Mariezkurrena. Garai egokian eskatu dute atsedena, eta handik bueltan pixkanaka indarrak berdintzen joan dira.

Hain zuzen, partidako tantorik onenetakoa 7-3koa izan da, Mariezkurrenak egina. Laugarren koadroaren parean jo du pilotakada, eta erreboteko hesia gainetik pasatu du pilotak. Zoragarria izan da. Agintzen aritu da Berriozarkoa, eta Artolak ere egoki irakurri du partida. Aukera onetan ausartu egin da erasoan, eta pilota zailetan lagundu egin dio atzelariari. Apurka-apurka aldatuz joan da norgehiagokaren gidoia, eta behin baino gehiagotan hurbildu dira Baikokoak bi tantora: 8-6 eta 10-8. Garrantzitsua zen lehen atsedenaldi luzera aurretik iristea, eta Mariezkurrenaren bi hutsek lau tantoren aldea eman die berriro Aspekoei: 12-8.
Ordura arte ikusitakoa zera izan da: Artolak eta Mariezkurrenak gehiagotan agindu dutela, baina pilotakada gehiago galdu dituztela. Lehen zatian, zehazki, bost pilota galdu ditu Mariezkurrenak, eta alerik ez, Rezustak. Hor egon da aldea. Eta atseden luze horretatik bueltan ere Aspeko bikoak bere horretan jarraitu du: lan eta lan. 14-8 jarri dira aurretik Ezkurdia eta Rezusta, eta hausteko zorian egon da finala. Baina ezustea gertatu da, Rezustak hiru pilota jarraian galdu baititu, azken biak sake errestoan. Horri esker berriz ere bi tantora gerturatu dira gorriak: 14-12.
Hanka sartze galanta
Bikaina zihoan finala, eta garai horretatik aurrera emozioan ere irabazi egin du. Sufritzen ari zen Rezusta, erabat zazpigarren koadroaren atzetik baitzituen oinak, eta Mariezkurrena bizkarra erakusten ari zen. Baina bi hanka sartze egin ditu jarraian atzelari nafarrak, handi horietakoak gainera. Horma bikoarekin tematu da, eta horietako batean kontrakantxara bidali du pilota. Tanto bakar batera hurbiltzeko aukera alferrik galdu du Baikoko bikoteak. Nor baino nor gehiago aritu dira bi bikoteak hurrengo tantoetan, eta bigarren atseden luzera 18-15 aurretik iritsi dira garaileak.
Azken txanpari begira, neke fisikoa nabarmena bihurtu da, eta batez ere beteranoek sufritu dute: Ezkurdiak eta Rezustak. Aurrelariak aldageletara ere joan behar izan du medikuaren laguntza jasotzera. Dena den, kasta eta ofizioa jarri dituzte kantxan, eta saria izan dute. Kosta zaie 22ra iristea, hori bai. 21-17 aurretik joan arren, Artolak bere gain hartu du bikotearen zama, eta nabarmentzeko moduko ausardia erakutsi du. Tanto zoragarriak egin ditu aurreko koadroetan, 21-20 hurbildu dira galtzaileak, baina Mariezkurrenak galdu du azkeneko pilotakada.
Hala, txapelketako bikoterik onenak jantzi du txapela: Ezkurdiak eta Rezustak. Arbizukoak hunkituta hitz egin du mikrofonoen aurrean. «Txapel batzuk irabaziak baditut, baina gaurkoa berezia izan da, eta batez ere etxekoei eskaini nahi diet». Atseden hartzeko betarik gabe, pilotariek buruz burukora begira jarri beharko dute, bihar aurkeztuko baitute, Donostian.