Ezkurdia eta Rezusta bikoteak binakako finalerako sailkatzea lortu du

Atzo sailkaturiko Artola eta Mariezkurrenaren aurka arituko dira.

Joseba Ezkurdia, pilota jotzen, azkeneko partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Joseba Ezkurdia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2025eko martxoaren 16a
19:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Atzo erabaki zen nor izango den binakako finalean parte hartuko duen lehenengo bikotea: Artola-Mariezkurrena II.a, 22-10 gailendu baitzitzaien Peña II.a-Albisuri Labriten. Eta gaur argitu da zein izango duten aurrez aurre. Izan ere, Ezkurdiak eta Rezustak aski zuten hamasei tanto egitea Lasoren eta Iztuetaren aurka binakako finalerako sailkatzeko, eta borroka egin behar izan dute lortzeko, baina lortu dute.

Gorriak aurreratu dira partidaren hasieratik. 6-3 jarri dira partidak 14 minutu zituenean. Horma-biko ikusgarri batekin lortu du Ezkurdiak zazpigarren tantoa, Laso ustekabean harrapatuta.

Hurrengo tantoan ere, goitik behera jo du pilota, bolea bikain batekin, eta Lasok erantzun badio ere, ezin izan du pilota txapa gainera eraman.

Baina mendekua hartu du hurrengoan Lasok, eta beste horma-biko batekin harrapatu du Ezkurdia. 8-4 jarri du horrek markagailua. Eta jarraitu egin du Lasok, partidaren lema hartu nahian. Txokora bidali du pilota, Ezkurdiak ozta-ozta eraman du, eta orduan gantxo gupidagabe batez amaitu du jokaldia Lasok. Hurrengoan ere gantxoa egin du Lasok, eta beste tanto bat egin. Gerturatu egin dira urdinak: 8-6.

Gainera, txapara joan da Ezkurdiaren pilotakada hurrengo tantoan.

Berdintzeko zorian egon dira Laso eta Iztueta tanto luze eta gogor batean. Atzera bidali dituzte pilotak, Rezusta larritze aldera, baina atzelariak ondo erantzun die, eta eraman ezinezkoak ziruditen pilotakadak paretaraino bidali ditu. Azkenean, Iztuetak egin du huts, pilota goregi botata.

Zalantza egon da hurrengo pilotakadaren inguruan, ez baita argi ikusi ezkerparetan goia jo ote duen, baina epaileek urdinei eman diete puntua. 9-8 jarri dira horrela.

Baina hurrengoan Lasok egin du huts, pilota txapapera bidalita. Halere, hurrengoan ez du barkatu, eta berriz murriztu du tartea: 10-9. Edonola ere, bere buruarekin haserretu da Laso hurrengo tantoan, berriz ere txapara bota duelako pilota.

Bere buruarekin adiskidetzeko modua izan du laster, ordea, txokoan harrapatu baitu Ezkurdia.

Iztuetak egin du kale hurrengoan. Aurrean jokatzen ausartu da une batez, hutsune bat ikusi baitu, baina txapapera bidali du pilota.

Atsedenaldiaren ostean, 11-12koa lortu du Lasok, pilota bat gurutzatuta. Hurrengoan gurutzatzen saiatu da berriz, baina, ondo neurtu ez, eta kanpora bidali du pilota.

Eskukada gogor batez, pilota atzeko paretara bidali du Rezustak, eta Iztuetak ezin izan du eraman. Horri esker, 15-11 jarri dira gorriak, finalerako sailkatzeko tanto bakarrera.

Hurrengoan Lasok berriz gurutzatu du pilota kanpora, eta ikusleek txaloka hartu dute Ezkurdia eta Rezusta finalerako sailkatu izana.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.