Joseba Ezkurdiak eta Jon Mariezkurrenak ikuskizuna eman dute Caixabank Masterseko finalean. Iazko irabazleek ez diete aukerarik eman Jokin Altunari eta Ander Imazi (22-6), eta garaipena eskuratu dute berriz Nafarroa Arenan.
Ostiralean jokatu ziren finalerdietan, Ezkurdia-Mariezkurrena II.ak 22-20 irabazi zieten Jaka-Martijari. Altuna III.a-Imaz, berriz, 22-13 nagusitu ziren Peña II.a-Rezustaren aurka.
Gaur, neurketaren hasieratik izan dira nagusi nafarrak (8-1). Ezkurdiak min egin du sakez, eta errematean ere asmatu du. Markagailuak 8-4 erakusten zuenean, partida lehia handikoa izango zela zirudien, baina gorriek berehala hartu dute olatu ona, beste behin (14-4). Amaieran, 22-6, erakustaldia eta txapela.