Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala

Ezker eskua, ukitu ere ez

Bi bikoteek pilota mota ezberdinak aukeratu dituzte: Irujo-Barriolak, luzeago jokatzekoak; Olaizola-Aretxabaletak, errematerako egokiakApustuak alde dezentearekin aterako dira Asegarceko bikotearen alde: 100-60ri

Juan Martinez de Irujo eta Abel Barriola, elkarrekin hizketan, Aimar Olaizola eta Andoni Aretxabaleta begira dituztela, atzo, Bizkaia pilotalekuan, pilota aukeraketan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Bilbo
2014ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Atzerapenak atzerapen, aste erabakigarrian sarturik dago Binakako Txapelketa, eta guztia prest dago igande arratsalderako: prest dira pilotariak, prest dago pilotalekua, eta, nola ez, prest daude pilotak ere. Lau protagonistek atzo egin zuten aukeraketa Bizkaia frontoian, Bilbon, eta ez zen inolako aitzakiarik izan. Areago, gustura geratu ziren saskian sartutako materialarekin. Orain arteko bideari jarraituz, bikote bakoitzak bere dohainetara egokitutako pilotak hautatu zituen: Olaizola II.ak eta Aretxabaletak, baxuagoak, errematerako egokiak, eta Irujok eta Barriolak, biziagoak, luze jokatzekoak.

Pisuari erreparatzea aski da piloten ezaugarriez jabetzeko. Astunagoak dira Asegarcekoenak: 106,9, 106,5 eta 106 gramokoak, hain zuzen. Frontisetik gertuago jokatzea ahalbidetzen dute, Olaizola II.aren esanetan. «Pilota batekin zalantza izan dugu, baina hautatutako hirurak jokatzeko politak dira. Eskuan ongi sartzen zaizkigulako aukeratu ditugu». Asegarceko bikoteak bezala, Aspekoak ere istant batean hautatu zituen pilotak: 105,6, 104,7 eta 105,4 gramokoak. «Pilota biziagoen alde egin dugu. Gureak eta haienak, ezberdinak izan arren, pilota onak dira, Bizkaia pilotalekurako egokiak. Galduz gero, behintzat, ez dugu piloten aitzakiarik jarriko», aitortu zuen Barriolak.

Irujoren ezker eskua; piloten aukeraketaz gain, horixe zen zalantza sortzen zuen gai nagusia. Bada, bere horretan jarraitzen du zalantzak. Pilotakada bat. Besterik ez baitzuen jo Iberokoak esku minduarekin. «Ez dakit nola daukadan ere, ez baitut probarik egin». Ezker eskua takoz babestua izan arren, nahiago izan zuen geldirik eduki eta ez behartu. «Ez dut ukitu ere egingo igandera bitarte. Esperientziak esaten dit okerrerako izaten direla probak. Asko sufritu beharko dut». Eskua txikitzekotan finalean txikituko duela dio. «Finalean dena ematera aterako naiz, eta, galtzen badugu, gutxiago izan garelako izan dadila, ez eskua mindua izan dudalako». Olaizola II.a ez da fio hitz horiez. «Geure buruak kezkatzen gaitu gehien, ez Irujoren eskuak. Pentsatzen dut baldintza onenetan kantxaratuko dela».

Erreferentziarik ez

Bitxia bada ere, lau hilabete luzeko txapelketan elkarren aurka hiru aldiz aritu arren, Irujoren, Barriolaren eta Aretxabaletaren lesioek eraginda, lau finalistek ez dute jokatu elkarren aurka. Hortaz, ez dago erreferentziarik finaleko bi bikoteen artean. «Berezitasun hori izango du finalak. Morbo handiagoa ematen dio horrek partidari», zioen Irujok. Kontrario tokatu ez arren, halere, elkar ongi ezagutzen dute lau pilotariek. Barriola harrituta geratu da Aretxabaletaren jardunarekin: «Tenple oneko mutila da, lasaia, eta ez dut uste urduri jarriko denik. Presioari ongi aurre egiten dio, eta, gainera, azkarra da buruz. Badaki zein den bere lana».

Esperientzia izango du, akaso, etsai nagusiena Aretxabaletak. Horregatik, hain justu, faborito etiketa kendu egin behar dutela uste du Olaizola II.ak. «Faborito izateak ez du balio. Finalak ezberdinak dira, eta urduri ez jartzea izan daiteke gakoa. Kontuan hartu behar dugu Aretxabaleta oso gaztea dela». Esperientziari ez dio hainbesteko garrantzirik ematen Barriolak. «Adibide bat jarriko dut. Nik 11 final jokatu ditut profesional ibilbidean: lehen biak irabazi egin nituen, eta hurrengo denak, galdu. Esperientziarik txikiena nuen garaian erantzun nuen, beraz, ondoen». Aukeran, nahiago luke leitzarrak gazte baten freskotasuna eduki beterano baten esperientzia baino.

Krisi garaian apusturako txakur txikiren bat duenak 100-60ko momioak izango ditu partida hasieran, Olaizola II.aren eta Aretxabaletaren alde. Sarrerei dagokienez, oraindik ere berrehun bat eserleku geratzen dira libre, kantxa nagusi eta errebotekoak. Finala Bizkaian izanik, Aretxabaletak ez du izango babes faltarik. «Jende asko etorriko da ni animatzera; hunkigarria izango da». Pilotariak ongi gogoan du iazko finala. «Zaleen artean nengoen, eta inbidia sentitu nuen. Ez nuen pentsatuko hona helduko nintzenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.