Pilota

Ezina atzean utzi, eta gozatzen ari da Iker Larrazabal

Pilotari amurrioarra lehen aldiz ari da buruz buruko nagusian. Bikain ari da: Ezkurdia kanporatu zuen final-zortzirenetan, eta Altuna III.ari irabazi dio final-laurdenetan. Asko hobetu du banakako lehietan: lehen hamar neurketak galdu egin zituen.

Iker Larrazabal. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Larrazabal, Jokin Altunaren aurkako garaipena ospatzen, atzo, Eibarko Astelena frontoian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko apirilaren 14a
14:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Balentriaz balentria dabil Iker Larrazabal (Amurrio, Araba, 2002). Baikoko aurrelari gaztea lehen aldiz jokatzen ari da Lehen Mailako Buruz Buruko Txapelketa. Ikusgarri dabil. Duela hamar egun, Joseba Ezkurdia kanporatu zuen final-zortzirenetan: 22-21 irabazi zion, Azkoitian (Gipuzkoa). Atzo, berriz, Jokin Altuna hartu zuen mendean, Eibarren (Gipuzkoa), final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan: 22-14. Hau da, B Serieko buruz buruko txapeldunak irabazi egin zion Lehen Mailakoari.

Larrazabalek gauza handia egin du, baina baliteke are lorpen handiagoak izatea aurrerantzean. Ostiralean, Dario Gomezen kontra jokatuko du, Bastidan (Araba). Aurrelari errioxarrak ere irabazi egin du ligaxkako aurreneko neurketa: 22-16 nagusitu zitzaion Javier Zabalari, ostiralean, Gasteizen. Hau da, Larrazabalek edo Dariok, bietako batek bigarren garaipena lortuz gero, ia ziurtatuta edukiko luke toki bat izatea finalerdietan. Aspekoak duela bi urte jokatu zuen finalaren aurrekoa. Baikokoak, ordea, beste mugarri bat ezarriko luke bere kirol ibilbidean. 

Larrazabal gozatzen ari da buruz buru, baina ez da beti horrela izan. Hastapenetan, binaka nabarmendu zen: Promozio Mailako txapeldun izan zen duela bi urte Iosu Eskirozekin, eta, txapeldunorde iaz, bikotekide berarekin. Bakarka, ordea, nahi eta ezin ibili zen. Dohain handiak ditu, eta bat guztien gainetik: sekulako abiadura ematen dio pilotari. Oinarri oso ona da, baina ez nahikoa. Sufritzen jakin beharra dago defentsan, eta, horretarako, sasoiz eta hauspoz indartsu egon beharra dago. Binaka, bikotekide indartsu baten laguntzaz, aurrelari amurrioarrak nola edo hala estaltzen zuen gabezia hori, baina bakarka agerian geratzen zen. 

18 urte egin berritan debutatu zuen profesionaletan, eta handik bi hilabete eskasera jokatu zuen lehen txapelketa ofiziala: Promozio Mailako lau eta erdikoa. Estreinakoa oso gogorra izan zen, Zabalak astindua eman baitzion: 22-4. Bakarkako lehietako bolada txarraren hasiera izan zen. Beste bederatzi partida galdu zituen jarraian: bost lau eta erdian, eta lau buruz buru. 11. neurketan eten zuen bolada txarra, Julen Egigureni lau eta erdikoan 22-15 nagusituta. Buruz buru, ordea, beste bi neurketa galdu zituen. Zazpigarren ahaleginean lortu zuen lehen garaipena: 22-21 gailendu zitzaion Zabalari. Gauza handia egin zuen egun horretan, 21-8 baitzioan galtzen. Sufritzen jakin zuen. Zantzu oso ona zen.

«Garai txarretan, gehiago heltzen dio tantoari, eta, onetan, pilotari ematen dion abiadura emanda, gainetik pasatzen zaizu»

JON ALBERDIPilotari ohia 

Eta zantzu on hori iaz indartu zen. Jon Ander Peñak buruz buruko nagusiaren atarikoan kanporatu zuen, baina, gero, bikain aritu zen koska bat beherago: txapeldun izan zen, eta muturreraino sufrituta egin zuen, finalean Asier Agirreri 22-21 irabazita. Aspaldiko arantza atera zuen, eta bakarka ere oso ondo joka dezakeela erakutsi. Hilabete batzuk geroago indartu zuen uste hori, lau eta erdian txapeldunorde izanda. Aurrerapausoa eman zuen. Harribitxia leuntzen ari zen. Buruz buruko nagusi honetan, ordea, ez du aurrerapausoa eman, baizik eta jauzi handia egin. 

Ezustekoa: bai eta ez

Jon Alberdi pilotari ohiaren arabera (Azpeitia, Gipuzkoa, 1999), Larrazabalek egindakoa ez da sekulako ezustea. «Ezustea da, baina ez horrenbestekoa. Pilotari halako abiadura ematen dion pilotari batek beti egiten du min handia, are gehiago egungo materialarekin. Ni seguru nengoen berandu baino lehen iritsiko zela maila honetara».

Hobekuntza sumatu dio. «Lehen, zatika jokatzen zuen: bost tanto oso ondo jokatzen zituen, eta, jarraian, bostetan egiten zuen huts. Egun, ordea, gorabehera gutxiago ditu. Iaz, buruz buruko txapeldun eta lau eta erdiko txapeldunorde izan zen. Hori ez da kasualitatea. Banakako finalak jokatzen badituzu, seinale da buruz indartsua zarela. Sufritzeko gaitasun handiagoa du; garai txarretan, gehiago heltzen dio tantoari, eta, onetan, pilotari ematen dion abiadura emanda, gainetik pasatzen zaizu». Errestatzen ere «oso ondo» ari dela dio. «Horrek arnasa handia ematen dio aurkariaren tanto sortak eteteko».

Alberdiren ustez, Larrazabalek «bi partida» polit ditu orain, eta, finalerdia gertuago izanda, «presio pixka bat» nabarituko du. «Baina aurkariak ez dira lasai joango haren aurka jokatzera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.