Ez aldapa tenterik, ez jaitsiera ikusgarririk, ezta esprint itxirik ere. Arrabola egitera kondenatuta dago Jon Aberasturi (Gasteiz, 1989). Joan den larunbatera arte txirrindulariak errepidean ibil zitezkeen, baina igandean Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoera indarrean jarri zenetik, debekatua dute etxetik kanpo aritzea.
Akabo Orozko (Nafarroa) inguruko entrenamenduak —etxea du han Aberasturik, eta egunak daramatza han —. Etxea du orain entrenamendurako gune Caja Rural taldeko ziklistak. «Etsipenez» bizi du egoera. «Profesionalak gara, bizikletan aritzea dugu ogibide, eta, horretarako, errepidean entrenatu behar gara. Baina ez dugu hori egiteko baimenik. Italian, adibidez, nahiz eta itxuraz, egoera hemengoa baino okerragoa izan, txirrindulari profesionalak entrenatzen ari dira errepidean, baimen batekin. Hemen, aldiz, ez dugu halakorik». ACP Espainiako Txirrindulari Profesionalen Elkartearen bitartez saiatzen ari dira baimena lortzen, eta, horretarako, «prest» dira ezohiko zenbait neurri hartzeko. «Bakarka arituko ginateke, arriskurik hartu gabe, eta jenderik ez dagoen eremuetan. Zentzuzko eskaera da».
Argi utzi nahi du «beharra» dela, ez «apeta». «Gure lana behar bezala egin nahi dugu, besterik ez. Egun gutxian errepidean entrenatzen hasi ezean, alferrikakoa izango da orain arte egindako lan guztia. Sasoia berehala galtzen da, eta ezer gutxirako balio du arrabolean aritzeak. Faena galanta da; are gehiago, ikusita beste batzuk antzeko egoeran errepidean ari direla. Haiek ez dute nabarituko entrenamendu falta; guk bai, ordea». Eskaera eginda dago, baina ez du itxaropen handirik. «Itxura du gutxienez bi aste hauetan ezingo garela errepidera irten. Bitartean, arrabola egitea beste aukerarik ez dugu. Oraingoz, ondo daramat, oraintxe hasi bainaiz; baina, agian, bi aste barru erotu egin naiz».
Koronabirusak hankaz gora jarri du denboraldi osoa. Lasterketa asko eta asko bertan behera geratu dira, eta geratuko dira, COVID-19 gaitzaren ondorioek luze joko baitute. UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak, adibidez, bertan behera utzi ditu maiatzera arte jokatzekoak ziren lasterketa guztiak. Aberasturik uste du egoerak «luze» joko duela. «Gutxienez hilabete batez geldi egongo da guztia. Eta gero, egoera bere onera itzultzen bada, UCIk sekulako arazoa izango du bertan behera geratu diren lasterketa guztiei tokia egiten. Oso zaila izango da denak jokatzea».
Denboraldi hasiera ona
Koronabirusak, halaber, kolpe batez eten du Aberasturi egiten ari zen lan ona. Oso erregular aritu zen etenaldia izan arte, esprint guztietan txirrindulari azkarrenekin nor baino nor gehiago arituta. Estatistikei erreparatu besterik ez dago. Hamahiru egunetan lehiatu zen, eta, erdietan baino gehiagotan, zazpitan, lehen hamarren artean sailkatu zen: behin izan zen hirugarren; bitan bosgarren; bitan seigarren; behin zortzigarren; eta beste behin bederatzigarren. Lehen hamarren artean egon ez zen sei aldietatik behin baino ez zen sartu esprintean, eta matxura bat izan zuelako izan zen. Beste bost aldietatik lautan mendiko etapa jokatu zen, eta batean, erlojupekoa.
«Pozik» dago eginiko lanarekin, nahiz eta barrutik atera zaion esatea egunen batean «oso gertu» izan duela garaipena. «Oso sentipen onak izan nituen lasterketa guztietan. Esprinta egon zen etapa ia denetan aritu nintzen onenekin lehian. Pazientzia kontua zen lehen garaipena lortzea».
«Aldea» nabaritu du aurreko bi denboraldiekin konparatuta. «Orduan, sentipen onekin iristen nintzen; baina, gero, esprintean ez zitzaizkidan gauzak nahi bezala ateratzen. Ez nintzen ondo kokatzen, eta bazirudien ez nituela hanka onak. Aurten, aldiz, hobeto aritu naiz. Ia beti ondo kokatuta iritsi naiz azken zuzengunera, eta horri esker, irabazteko borrokan egon naiz».
Haren iritziz, «eskarmentua» dago hobekuntza horren atzean. «Esprintetan ez da nahikoa hanka onak izatea, azkarra izatea. Nekez egon daiteke txirrindulari bat garaipena lortzeko lehian azken metroetara ondo kokatuta iristen ez bada. Oreka topatu behar da: batetik, ahal den indar gutxien gastatu behar da aurrera ailegatzeko; eta, bestetik, hori eginda, kokapen aproposean iritsi behar da. Aurten, oreka hori topatu dut, eta, nire ustez, eskarmentuari esker lortu dut». Horregatik ere «penaz» hartu du geldialdia, haren garapena eten baitu, noiz eta «sasoiko garairik garrantzitsuenean». «Behetik gora egitea zen asmoa, eta nola hasi nintzen kontuan hartuta, itxaropentsu nengoen. Hilabete hau nuen indarberritzeko, zetorrenari aurre egiteko. Baina koronabirusak hankaz gora jarri du dena. Ea azkar bueltatzen den guztia bere onera».
Ezinegonaren arrabolean
Ziklistek errepidean ibiltzea debekatua dutenez, Jon Aberasturik etxea entrenamendurako gune bilakatu beste aukerarik ez du izan. «Irrikan» da «normal» entrenatzeko eta lehiari berriz ekiteko, baina uste du egoerak «luze» joko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu