Mendi lasterketa asko korritzen ditu oraindik Ainara Urrutiak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1981), eta oso ohikoa izaten da gehienetan podiumean ikustea. Korrikalari izateaz gain, iaztik euskal selekzioko hautatzailea ere bada.
Denboraldiari bikain ekin zenion, Kobaz Koba lasterketa irabazita. Esperotako emaitza izan zen?
Ondo ezagutzen dut lasterketa, eta banekien irabazteko faborito nintzela. Baina banekien ez nindoala aurreko urteetan bezain ondo prestatua, alegia, askoz kilometro gutxiago neramatzan hanketan. Beraz, emaitza edozein izan zitekeen, eta pozik geratu nintzen egindakoarekin eta lortutako garaipenarekin.
Handik gutxira hirugarren izan zinen Cangas de Onisen, Espainian. Gehiago espero al zenuen?
Ez. Aurreko urteko denbora hobetu nuen: bost minutu lehenago iritsi nintzen. Eta iaz baino maila handiagoa egon zen. Gainera, hasierako ordu erdian ondo sentitu ez nintzen arren, gai izan nintzen egoerari buelta emateko eta lasterketako azken 15 kilometroetan disfrutatzeko. Horixe da garrantzitsuena.
Nolako denboraldiaurrea egin duzu?
Oraindik horretan ari naiz [barrezka]! Ez da negu erraza izan, eta aurreko urteetan baino askoz denbora gutxiago eskaini diot entrenatzeari. Aurreko denboraldietan zenbat kilometro egin ditudan aztertzen badut, oraindik lan handia daukat egiteko. Baina lasai nago, egingo dut!
Nola antolatu duzu denboraldia?
Oraindik ordu asko egin behar ditut mendian, denboraldia osorik antolatzeko. Oraingoz, sentsazioei eta gogoari kasu egin, eta gorputzari entzuten nabil. Oraintxe bertan, lasterketak ez dira nire lehentasuna; familia eta ni neu gara lehentasuna.
Zer lasterketa korritzeko asmoa daukazu?
Egutegia oraindik ez daukat guztiz erabakita. Motibatzen nauten hainbat lasterketa ditut buruan. Baina luze gabeko egutegia egiten ari naiz. Oraingoz, hurrengo bi hilabeteetan lasterketa hauek egin nahi ditut: Cursa Tomir [Balearrak, Herrialde Katalanak], Berako maratoi erdia, eta Zegama-Aizkorri.
Zure iritziz, zaila izango da iazko denboraldia berdintzea?
Ez dakit, baina ez nago horrekin kezkatuta. Nola neurtzen da denboraldi bat bestea baino hobea dela? Sailkapenari begiratuta? Garaipenei begiratuta? Lasterketa jakin batean lortutako denborari begiratuta? Niretzat, bizipenak, emozioak, gustura sentitzea eta ikastea dira gauzarik garrantzitsuena, eta, hori lortzen badut, ziur denboraldi ona izango dela. Gogotsu nago, gustuko dut korrika egitea, on egiten dit, eta asko gozatzen dut. Emaitzak etorriko dira etorri behar badira.
Korritu zenituen lasterketa ia denetan lehen edo bigarren postuan sailkatu zinen, eta ia urte osoan izan zinen sasoi onean. Nola lortzen duzu hori?
Ez dago misterio handirik. Gakoa zera da, entrenatzea, ilusioa izatea, konstantzia edukitzea, gorputza zaintzea, eta burua bere tokian izatea.
Berezia izan zen iazko urtea?
Oso berezia. Iazko denboraldi hasieran erabaki garrantzitsua hartu nuen: Skyrunning zirkuituan eta goi mailan lehiatzeari uko egin nion. Babesleen deiak jaso nituen, askotariko eskaintzak egin zizkidaten, baina kirola lasaiago bizi nahi nuen. Ez zen erabaki erraza izan, asko kostatu zitzaidan. Behin erabakia hartuta, sentitu nuen pisu handiko motxila bat kendu nuela gainetik. Nire ustez, neurri handi batean horri esker disfrutatu eta gozatu nuen asko iazko denboraldian.
Euskadiko txapeldun izatea lortu zenuen. Ilusio berezia egin zizun horrek?
Bai! Txapeldun izateak ilusioa egiten du beti, baina lasterketa berezia izan zen. Ordu arteko lasterketetan, nahiz eta irabazi, ez nintzen beti ondo ibili. Baina egun hartan hasieratik bukaeraraino disfrutatu nuen, eta berriro ere korrikalari indartsua nintzela sentitu nuen. Oroitzapen oso onak ditut.
Iaz lasterketa askotan hartu zenuen parte. Aurten hainbeste lasterketa korritzeko asmoa duzu?
Ez dut uste. Momentuz entrenatzen jarraitu nahi dut, eta pixkanaka, gogoaren arabera, joango naiz egutegia osatzen.
Oso berandu hasi zinen mendian korrika. Nolatan hasi zinen?
Bai, 2019an hasi nintzen korrika egiten, 37 urte nituela. Beti izan naiz kirolzalea, baina ordu arte ez nintzen korrika ibili. Ez nekien mendiko lasterketak zer ziren ere! 2014an eta 2016an jaiotako bi alaba ditut, eta, argia ikusten hasi nintzenean, gorputzak eta batez ere buruak eskatuta, berriro ere kirola egiten hasteko gogoa sentitu nuen. Denbora gutxi nuenez, zer egin nezakeen pentsatzen hasi nintzen. Bada, oinetako eta arropa polit batzuk erosi nituen, eta bidegorrian hasi nintzen lasterka. Behin probatuta, gustatu egin zitzaidan, eta gaur arte!
Lehen denboraldian jada garaipen asko lortu zenituen.
Bai, ezusteko ikaragarria izan zen. Errepidean azkarra eta mendian jaisten ere trebea nintzela konturatu nintzen. Horri esker, eta ezer gutxi eginda, hainbat lasterketa irabazteko aukera izan nuen hasieratik.
Espero al zenuen gerora hain ondo ibiltzea?
Ez. Korrika egitea niretzat guztiz berria zen. Gaztetan saskibaloian ibili nintzen, baina ez nuen inoiz atletismoarekin harremanik izan. Azken bost urte hauetan izugarri ikasi dut. Bidelagun eta profesional ezin hobeak izan ditut alboan, eta haiei esker nire hobetuz joan naiz.
Nondik ateratzen duzu hainbeste lasterketetan parte hartzeko motibazioa?
Ilusioa eta gorputza ezinbestekoak dira. Biei eusten diedan bitartean, motibazioa hor egongo da.
Ultra distantziak batere erakartzen zaitu?
Askotan egiten didate galdera hori [barrezka]. Izan ere, Skyrunner World Seriesetan lortutako emaitza onenak lasterketa luze, tekniko eta gogorretan izan dira. Halere, gaur-gaurkoz ez daukat asmorik halako lasterketetan parte hartzeko. Ultra distantziako korrikalaria izateko, entrenamendu karga eta denbora asko behar da, eta, oraintxe bertan, bizitzan beste lehentasun eta betebehar batzuk dauzkat.
«Ultra distantziarako entrenamendu karga eta denbora asko behar dira, eta, oraintxe bertan, beste lehentasun batzuk dauzkat»
Iaztik euskal selekzioko hautatzailea ere bazara. Nondik etorri zen aukera?
Goi mailako mendi lasterketak uzteko erabakia hartu nuenean, selekzioko hautatzaileekin hitz egin nuen. Handik gutxira, hautatzaile batek bere kargua utzi behar izan zuen, eta Euskal Mendi Federazioko mendi lasterketen batzordetik dei bat jaso nuen. Ilusio handiz hartu nuen eskaintza, ez nuen askorik pentsatu behar izan.
Lasterketa asko ikustea tokatzen al zaizu?
Guztiak ikusten ditugu. Batzorde oso indartsu bat dugu, eta denon artean asteburuero Euskal Herrian eta inguruetan dauden lasterketak ikusten ditugu. Gehienak streaming bidez ikusten ditugu, baina aukera dagoenean mendira joaten gara korrikalariak gertuagotik ikusteko.
Nola egiten dituzu lasterketetarako taldeak?
Ez da erraza izaten. Urtero irizpideak argitaratzen ditugu, eta hainbat lasterketatarako tokiak emaitzen arabera erabakitzen dira. Baina beti saiatzen gara deialdi jakin baterako egoera sakon aztertzen: lasterketaren ezaugarriak, korrikalarien maila eta ezaugarriak…. Esaterako, 30 kilometroko lasterketa batek oso ezaugarri ezberdinak izan ditzake: baliteke korrika asko egiteko lasterketa izatea, eta bi ordu eta erdian bukatzea, edo baliteke lasterketa teknikoa izatea, lau ordutik gorakoa. Gauza asko hartu behar ditugu kontuan taldeak osatzeko orduan.
Zer da errazagoa: korrikalari edo hautatzaile izatea?
Biak dira errazak eta zailak aldi berean. Biek eskatzen dute denbora. Korrikalari izanik, entrenamendua, elikadura eta gorputza zaindu behar dituzu. Hautatzaileek, berriz, lan handia egiten dugu egunerokotasunean: esaterako, asteburuko emaitzak aztertu, korrikalariekin hitz egin eta bidaiak antolatu. Baina biak egiteko ilusioa eta gogoa badago, erraz egiten dira bi lanak.
Zein da hautatzaileen lanik zailena?
Lana eta harremanak bereiztea. Momentu batzuetan erabakiak hartu behar dira, eta horiek hartzeko bihotza alde batera utzi behar da, eta burua erabili.
«Hautatzaile izanda, momentu batzuetan erabakiak hartu behar dira. Horiek hartzeko bihotza alde batera utzi behar da, eta burua erabili»
Eta politena?
Egunerokotasuna. EMFko mendi lasterketen batzordea berezia da. Egunero gaude harremanetan, asko maite ditudan pertsonak daude bertan. Elkarri asko laguntzen diogu. Askotan eztabaidak egoten dira, haserreak, desadostasunak. Baina horrelakoetan, hitz egin, eta egoera konpontzen eta bideratzen dugu. Proiektu indartsu bat daukagu esku artean, eta ordu askoko lana dago atzean. Asko ari naiz ikasten; lantaldea ikaragarria da.
Gero eta emakume korrikalari gazte gehiago dago; pozik egoteko modukoa da.
Bai, polita da. Baina, sarri, sentimendu kontrajarriak izaten ditut. Pozik egoteko modukoa da, baina era berean kezka ere sortzen dit. Kirol hau serio hartu daiteke, baina ezinbestekoa da jolas modura ulertzea. Neska gazteek kirola egin behar dute. Baina aurretik egon behar dute lagunekin eta familiarekin egoteak, parrandak, ikasketek. Kirola muturrera eramatea ez da batere osasuntsua. Jakin egin behar da gorputza ulertzen eta entzuten.
Espainiako Txapelketetarako, esaterako, Malen Osarekin edo Sara Alonsorekin jarriko zarete harremanetan?
Bai, beti jarri izan gara korrikalari horiekin harremanetan. Baina denboraldiko egutegia oso zehatza eta betea daukate. Babesleak eta kontratuak tartean daude, eta horiek derrigorrean errespetatu behar dira.
Zer diozu emakumeen presentziari buruz?
Oso polita da emakumeak mendian egotea, eta esango nuke urtetik urtera gehiago ikusten direla. Ni horietako bat naiz, baina, hortxe dauzkagu Maite Maiora, Oihana Azkorbebeitia, Oihana Kortazar… Urte asko daramatzate mendiko lasterketetan, eta, oso goian daude oraindik. Sekulako meritua dutela iruditzen zait. Horiek izan behar dute gure erreferenteak, bai neska gazteentzat, bai edozein emakumerentzat. Hemendik mezu bat bidali nahiko nieke emakume guztiei: ez dezatela beldurrik izan oinetakoak jantzi eta mendira joateko. Anima daitezela!
Motzean
Mendi lasterketetan egindako lagunik onena?
Oier Ariznabarreta.
Lasterketa bat?
Grigne Skymarathon [Alpeak, Italia].
Egitea gustatuko litzaizukeen bat?
Dolomyths Run [Dolomitak, Italia].
Entrenatzeko leku bat?
Etxe ingurua: Muru, Kurtzebarri…
Mendi korrikalari bat?
Maite Maiora.
Beste kirol bat?
Mahai tenisa.
Sareetan gehien jarraitzen duzun kirolaria?
Dani Osanz. Kirolari aparta izateaz gain, gustuko dut haren izaera eta kirol hau ulertzeko eta bizitzeko duen modua.
Talde bat osatzeko lau mendi korrikalari?
Zaila egiten zait erantzutea! Aukeratu beharko banu, Garazi Sampedro, Sara Peña, Ikram Rharsalla eta Nuria Gil.
Jateko?
Gaztainak.
Edateko?
Ardo zuria.
Musika talde bat?
Idoia Asurmendi.
Abesti bat?
Korapilatzen [Olatz Salvador].
Oporretarako leku bat?
Hondartza.