Lesionatuta iritsi da Odei Jainaga (Eibar, Gipuzkoa, 1997) Tokioko Olinpiar Jokoetara. Hautsia du sorbaldako zurda bateko zatitxo bat, eta minduta, berriz, sorbaldako lotailuen kapsula. «Esan daiteke arrastaka iritsi naizela Tokiora», azaldu du.
Baldintza kaskarrak dira 800 gramoko eta 2,6-2,7 metroko xabalina 80 metrotik gora botatzeko. Hala ere, Jainagak ez du beldurrik. Sorbaldaren inguruko giharrak indartzen aritu da, zurda eta lotailua babesteko. Azken asteetako atsedenak ere mesede egin dio. Baina ez da nahikoa izango. Zoritxarrez, azken hilabeteetan ohitu egin da sorbaldan anestesia sartuta lehiatzera, mina arintzeko. Hala arituko da Tokion ere, bihartik aurrera.
Hala ere, minduta eta mugatuta egonda ere, ez du baztertzen finalean sartzea. Sailkatzeko saioan hiru jaurtiketa egingo dituzte, eta bi aukera izango dituzte finalean sartzeko: bata, 83,50 metro edo gehiago jaurtiz gero; bestea, hamabi onenen sailkatuz gero. Minak min, Jainagak uste du sailka daitekeela: «Finalean ikusten dut neure burua. Ni ausarta naiz». Eibarko xabalina jaurtitzaileak, lesionatuta, aurten ohiko bihurtu ditu 80 metrotik gorako jaurtiketak. 83,50 metrora iristeko, bere onena eman beharko du.
Finalean sartuz gero, sailkatzeko jaurtiketen eragina jasan beharko du: «Sailkatzeko saiotik bi egunera da, eta sekulako mina edukiko dut. Ia ezingo nuke jaurti, lesioagatik». Tarte txikiegia da indarberritzeko.
Ozta-ozta sailkatu zen Tokiorako. Maiatzean 84,80 metroko jaurtiketa bat egin zuen, Espainiako marka berria, Olinpiar Jokoetara joateko gutxieneko distantzia baino hogei zentimetro motzagoa. Beraz, munduko sailkapenaren zain egon behar zuen, Tokiora joan zitekeen jakiteko.
Munduko 32 onenak sailkatu ziren Olinpiar Jokoetarako: Jainaga 31.a izan zen. Onenen sailkapena ez da publikoa; koefiziente batzuen arabera egiten da (jaurtiketaren luzera, postua, probaren maila...), eta Jainagak berak behin betiko zerrenda argitaratu zenean jakin zuen Tokiora joango zela.
Ziurgabetasuna
Ziurgabetasun horrek eragina izan zuen haren planetan: «Duela hiru hilabete sailkatuta nengoela jakin banu, ez nintzateke gehiago lehiatuko, eta sorbalda osatzen saiatuko nintzateke. Azken txapelketetan ez nuke neure gorputza behartuko, sailkatzeko asmoz».
Xabalina jaurtitzea ariketa oso bortitza da gorputzarentzat. 30 bat metroan abiadura hartu, bat-batean gorputza galgatu, guztiz geratu, eta korrika saiotik ekarritako inertzia guztia xabalina botatzera bideratu. Zartada bat, eta xabalina hegan hasten da.
«Gorputza blokeatu egiten dugu, eta horrek kolpe handia eragiten du lotailuetan», Jainagaren arabera. Sorbaldan batez ere. Orkatiletan ere bai. Belaunetan ez hainbeste. «Gorputzaren eskuin aldeak arku funtzioa egiten du; ezkerrekoak, blokeatze funtzioa».
Berak ez ditu minduak jaurtitzeko giharrak, gorputza blokeatzekoak baizik; sorbaldaren atzealdea, «euskarria». Jaurti dezake, baina gero sortzen zaio mina.
Urte asko behar dira goi mailako xabalina jaurtitzailea izateko. Luzera begirako diziplina da. Gorputza sendotu behar izaten da. «Batez ere indarra eta teknika pixka bat falta zaizkit», zehaztu ditu bere gabeziak. «Ez da gauza bera 23 urteko mutil bat [Jainagaren adina] eta 28ko beste bat. 28ko batek indar handiagoa izaten du, gorputza ondo egina, eta lotailuak sendotuak».
Jainaga ari da gorputza sendotzen, baina duela hiru urtera arte oraindik hazten ari zen. Haren lotailuek dezente sufritu dute. Azkeneko bost urteetan 25 kilo hartu ditu. 25 kilo gihar. «Gorputza egiten ari da; oraindik ez dago guztiz osatuta». 28 urteren bueltan bukatuko luke jaurtitzaile gorputza. Hortik aurrera, «xehetasun teknikoak» hobetu behar dira.
Entrenatzaileak, Jose Antonio Garcia Feijook, uste du horrela jarraituz gero Jainagak gaindituko dituela 85 metroak, eta 90 metroren bueltan ere ibiliko dela.
Asko gustatu zaio olinpiar estadioa. Bihartik aurrera lehiatuko da han, egun batean edo bitan. Egiten duena eginda ere, pozik itzuliko da etxera, bizipen zoragarria eta aberasgarria iruditzen baitzaio. «Egongo dira Olinpiar Joko gehiago», dio, Paris 2024 gogoan. «Ea orduan osasun egoera hobean nagoen eta lehiatu naitekeen».