Jon Pacheco Dozagarat. Realeko jokalaria

«Ezin naiz kexatu; aurtengoa ikasteko urtea da niretzat»

Estreinako sasoia du Realeko lehen taldean Jon Pachecok, eta «pozik» ari dela dio. Elizondokoak esan du taldeak «dena» emango duela Europarako sailkatzeko, eta gakotzat jo ditu aurkari zuzenen aurka jokatuko dituzten norgehiagokak.

JAVIER ETXEZARRETA.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Jon Pacheco Dozagaratek (Elizondo, Nafarroa, 2001) nazioarteko neurketak jokatzen igaro du astearen lehen zatia. Asteazkenean itzuli zen Euskal Herrira, Eslovakiatik, eta biharamunean Zubietara joan zen, neketik azkarrago osatzeko. Handik erantzun zien BERRIAren galderei, telefonoz.

Aurrera-atzera ibilita, atsedenik hartu al duzu?

Kanpoan gaudenean, ez dugu aunitz entrenatzen, baina bi partida jokatu ditugu. Ongi nago, atseden apur bat ere hartu baitugu.

Nolako esperientzia izan da, zer moduz moldatu zara?

Ongi. Bi partidak jokatu nituen; lehendabizikoan, 60 minutu, eta bigarrengoan, osoa. Fisikoki, maila nagusian gogorragoa da. 21 urtez azpikoan ez dago maila handirik [Espainiako selekzioarekin aritu da] intentsitateari dagokionez. Lehen Mailan maila hobea dago.

Asko jokatu duzu. Merezitako masajea hartuko zenuen.

Bai, apur bat tratatzera etorri naiz Zubietara, berriz martxan jartzeko.

Etzi abiatuko duzue ligako martxa berriz ere. Sasoi honetan lehen aldiz, astelehenez ariko zarete. Horrek zerbait aldatzen al du?

Ez. Guk, beti bezala, partida irabaztera joan behar dugu, eta dena ematera. Ea ongi ailegatzen garen. Etxean da partida, Anoetan, eta ea zerbait ona lortzen dugun.

Espanyol jasoko duzue. Haiek ez hotz ez bero daude sailkapenean. Nolako neurketa espero duzu?

Hala da, baina Lehen Mailan partida guztiak dira zailak. Talde guztiek dituzte beren erronkak, eta ez da erraza izango. Gureari heldu behar diogu, eta ea hiru puntuak lortzen ditugun.

Zer egin beharko duzue horretarako?

Betikoa. Gure jokatzeko era nagusitu. Partidan agintzen saiatu behar dugu. Goialdean ea asmatzen dugun, eta atzean sendo aritu, indartsu egoteko.

Reala Europarako lehian dago; Espanyolek gutxi du jokoan. Horrek kalte egin al diezazueke?

Ez dut uste. Lehen esan dudan moduan, partida guztiak dira zailak. Haiek ez dira galtzera etorriko.

Zu jokoan aritu zara, baina zure taldekideek hartu al dute nahikoa atseden?

Ez dakit nik atseden handirik izan duten... Erran didatenez, entrenamenduak gogorrak izan dira. Egun gehiago izan zituzten jai, hori bai, baina, nahiz eta gutxiago entrenatu, segitu dute gogor-gogorrak izaten.

Horixe da Imanol Alguacilen zigilua.

Bai. Beti exijitzen du; %100 ez, %120 eman behar izaten da harekin.

Seigarren postuan ekingo diozue ligako azken txanpari. Espero zenuten kokapen hori?

Baietz uste dut. Europan sartzeko gaude. Baina, tira, zaila izango da. Partida bakoitzean egin behar lan, eta zorte pixka bat ere beharko dugu helburua lortzeko. Ea hor segitzen dugun.

Zer interpretazio egiten duzu geratzen zaizuen egutegiaz?

Kontrario indartsuak etorriko zaizkigu etxera. Betis, Bartzelona... Goian segitu nahi badugu, irabazteko modukoak dira. Taldeak badaki hirugarren urtez Europan sartzea ikaragarria izango zela.

Sailkapenari erreparatuta, Betis eta Vila-real dituzue gertuen, eta beste taldeak ere badira jiran. Ez dute deus oparituko.

Ezta gutxiago ere. Goian segitzeko, partida horietan ere, haien aurkakoetan, irabazi egin beharko dugu, eta puntuak bildu behintzat. Erran dudana; goian daudenekin ahalik eta puntu gutxien galdu behar ditugu, eta, horretarako, etxean indartsu aritu behar dugu.

Etenak sasoiaren zama arinduko zuela uste al duzu?

Ez naiz denekin egon, baina taldea indartsu dagoela esango nuke. Bizpahiru lesio garrantzitsu ditugu orain, baina beste erronka bat da hori. Ea ongi moldatzen garen.

Min hartzeaz ari zarela, nola bizi izan duzu Mikel Oiartzabalen moduko erreferente baten hutsunea?

Lesionatu zen egunean, gaizki. Denei eragin zigun: entrenatzaileei eta jokalariei. Erreferente bat da, eta denok dakigu zer ematen dion taldeari. Egia da orain faltako dela, baina taldea konponbidea bilatzen saiatuko da.

Zeureari helduta. Lehen sasoia duzu talde nagusiko jokalari gisa. Nolakoa izaten ari da esperientzia hori?

Hasieran, pixka bat bat gogorra egin zitzaidan. Lehen Mailan handiagoa da exijentzia, eta egia da hasieran ez nintzela asko aritu. Baina, tira, orain ezin naiz kexatu. Lauzpabost partida segidan jokatu nituen. Ikasteko urte bat da niretzat.

Ligan bederatzi partida jokatu dituzu; Espainiako Kopan, bi, eta Europa ligan, hiru. Bizipen berriak zakuratzen ari zara, ezta?.

Bai. Etortzen dena ongi etorria izango da. Segitu behar dut borrokatzen; minutuak heltzen badira, ahalik eta ondoen aprobetxatzea.

Zer esan nahi du zuretzat, esaterako, Europa ligan jokatzeak?

Esperientzia berri bat da, baina, aldi berean, partida bat gehiago da.

Dena den, gora bakarrik ez, behera ere begiratu duzu sasoi honetan, Reala Brekin Bigarren Mailako bi partida jokatuta. Behar den lekuan laguntzeko prest al zaude?

Bai, bai. Erraten didaten hori egiten dut nik. Bigarren taldera deitzen banaute, ni zoratzen. Gainera, orain apur bat urrun daude mailari eusteko lehian, eta, nik zerbaitetan lagundu ahal badut, bai, zoratzen joango naiz haiengana. Nik uste dut bolada okerragoa ere izan zutela. Partidak segidan galdu zituzten, askotan gol bakarrarengatik, eta, orain pixka bat urrun dauden arren, bi partida segidan irabazten badituzte berriz sartuko dira lehia betean.

Lehen taldean, Robin Le Normand eta Aritz Elustondoren gisako jokalariak dituzu alboan, egunerokotasunean. Asko ari al zara ikasten?

Bai, eta Igor [Zubeldia] ere hor dago. Le Normand eta Aritz Lehen Mailan urte askoan aritu diren atzelariak dira. Zenbat joango dira, haiek lehendabiziko mailan... hiru, lau, bost urte? Haien esperientziak laguntzen dit niri.

Zertan laguntzen zaituzte, gehienbat?

Zuzendu egiten naute, batez ere. Segituan despistatzen naiz, gainera, eta partidan sartuta egotera bultzatzen naute.

Zu ezkerra zara, zangoz. Ezaugarri hori duten erdiko atzelariak oso kotizatuak izaten zarete, ezta?

Tira, tira... Orain ari dira gehiago ateratzen. Baina bai, beti esan izan da hori. Modako izaten ginen. Agian, hori da gehiago.

Gazte mailetan zeundenean, zer jokalarirengan ipintzen zenuen arreta?

Beti Realekoei. Ispilu baten modukoak dira hemen, nahiz eta bakarren bat ere joan den beste aldera [barrez]. Hemen, atzelari onak egon dira beti, eta haiei begiratzen nien.

Futbolari askok beste kirolei ere erreparatzen diete sarri. Zuk ba al duzu beste kiroletarako zaletasunik?

Bai, noski. Denak gustatzen zaizkit: tenisa, padela... Pilota ere asko ikusten dut. Gustatzen zait hari erreparatzea.

Tira, pilotazalea baldin bazara...

Bai, finala, finala jokatuko dute! [barrez]

Nolakoa espero duzu final hori?

Ez dakit. [Jokin] Altuna indartsu dago aurten, baina justu azken partidan horretan 22-6 galdu zuten Lasorekin eta Imazekin. Zorte txarra izan dugu; guk astelehenean jokatzen dugu, eta, finala igandean izanda, ezin izango naiz ikustera joan.

Tira, telebistan-edo ikusiko duzu orduan.

Baietz espero dut. [Unai] Lasok merezi du, eta gainera nafarra da... baina berdin zait, Altunak ere merezi du binakakoa irabaztea.

Eta aizkora? Apustu itzela dute gaur Iker Vicentek eta Mikel Larrañagak...

Pilota bai, baina aizkora ez dut segitzen. Sekulako meritua dute, hori bai, eta Vicente nor den badakit, baina ez naiz jarraitzailea.

Jon Karrikaburu eta biok Elizondokoak zarete. Zer esaten dizuete kalean?

Bai, Elizondon 3.500 lagun gara. Tira, gu biok Elbeten bizi gara, mugan. Ez dakigu Elizondon, Elbeten...non [barrez]. Baina Baztanek 7.000 biztanle ditu, eta, gu bioz gain, Oihan Orbegozo atezaina ere bada. Han futbolean aritzen direnentzat erreferente modukoak gara, eta polita da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.