Sei kilometro besterik ez dago Miarritzeko (Lapurdi) Aguilera errugbi estadiotik Baionako Jean Daugerrera. Bada, makina bat jokalarik jantzi dituzte elastiko xuri-gorria eta xuri-urdina euren kirol ibilbidean. Zerrenda horretara batu da berriki Asier Usarraga ere (Donostia, 1994). Miarritzen zazpi urte egin ostean, Baionaren elastikoa jantziko du datorren sasoian, eta, ondo bidean, Top14 ligan debutatuko du.
[Youtube]https://youtu.be/c-fdTKJucX4[/Youtube]
Zein izan da Baionaren eskaintza onartzeko arrazoi nagusia?
Betidanik nuen buruan gorengo mailan jokatzeko nahia. Izan ere, Frantziako Top14a munduko ligarik onenetarikoa da. Asko poztu nintzen Baionak eskaintza egin zidanean. Taldeko zuzendaritzarekin hitz egin nuen, eta hurrengo asterako erabakia hartua neukan. Horrelako aukera onari ezin izan diot ezetzik esan.
Taldeari zer ekarpen egin diezaiokezu?
Pausoz pauso joatea gustatuko litzaidake. Lehenik eta behin, talde berrira ondo moldatzea izango da nire asmoa. Ondoren, nire lekua zein izango den zehaztuz joango gara. Garbi daukat Baionak jokalari gisa hazten eta hobetzen lagunduko didala.
Miarritzerekin pilatutako eskarmentuak Top14an egokitzeko balioko al dizu?
Gaztea izan arren, elitera ez naiz oraintsu iritsi. Bigarren mailan debuta egin nuenean 19 urte nituen, eta ordutik esperientzia hartuz joan naiz. Miarritzerekin guztira 84 partida jokatu ditut, eta bidean neure burua gehiago ezagutuz joan naiz. Horri esker, lasai samar noa Baionako taldera.
Taldekideak ezagutzeko aukera izan al duzu?
Oraindik ez. Oraingoz, etxean ari naiz entrenatzen. Konfinamendua ezarri zenean, gimnasio txiki bat muntatu nuen ariketak egiteko. Kanpora ere irteten naiz korrika egitera. Egoera arraroa da, baina gogotsu nago taldera batzeko. Taldean entrenatzen hasten garenerako sasoiko egon nahi dut, datorren denboraldia oso garrantzitsua izango baita niretzat.
Zer talde jotzen dituzu faboritotzat titulua irabazteko?
Liga irabazteko hautagai asko ikusten ditut: Parisko bi taldeak, Bordele, Tolosa, Toulon... Ekonomikoki talde indartsuak dira. Lehia estua izango da.
Sasoia bertan behera uztea erabaki zenean, seigarren postuan zineten ligan. Ordura arte egindako lanarekin pozik zaude?
Aurreko denboralditik hona taldean aldaketak izan ditugun arren, emaitza onak lortu ditugu, eta pozik gaude. Izan ere, igoerako kanporaketan sartzeko lehia bizian geunden Nevers bosgarren sailkatuarekin [puntu bakarrera zuten]. Halaber, pandemiaren eraginez, lehiaketa bertan behera geratu zen, eta ezin izan genuen amaitu. Hori bai; pertsonalki, gustura nago egindako lanarekin: partida asko jokatu ditut, eta errugbiaz asko gozatu dut.
Denboraldian Hego Euskal Herriko taldeei erreparatu diezu?
Bai, eta, gainera, bi taldetan lagunak ditut: Ampo Ordizian, Julen Goia, eta Hernanin, berriz, Xabier Garmendia. Haiei esker, Hego Euskal Herriko taldeen neurketei jarraitzeko aukera izan dut.
Ipar eta Hego Euskal Herriko errugbiaren artean aldea nabaritzen da oraindik?
Bai, nabaritzen da. Ipar Euskal Herrian, errugbitik bizi zaitezke, kirol profesionala baita. Hego Euskal Herrian, aldiz, ez erabat. Ordizian, esaterako, goi mailako lauzpabost jokalari daude, baina oraindik ezin da errugbia profesionaltzat hartu. Aurrerapausoak egiten ari dira, baina helmuga urruti dute oraindik.
Hegoaldeko jokalari gutxik egin dute bidea Ipar Euskal Herrian. Joera hori aldatzen ari da?
Apurka-apurka aldatzen ari da. Egun, Baionan Hego Euskal Herriko bi jokalari daude, Miarritzen beste bi... Azken batean, ikusten da bi talde horiek Hegoaldeko jokalarioi aukerak ematen dizkigutela, guk ere kalitate eta potentzia handia baitaukagu.
Azken urteetan, Miarritzek diru arazoak izan ditu babesle faltagatik. Baionara joateak ekonomikoki berme bat emango dizu?
Maila gorenean jokatzeak ekonomikoki babes handiagoa izatea dakar. Beraz, zalantzarik gabe, alde horretatik lasaitasuna ematen dit horrek.
Bestalde, COVID-19aren eraginez, Munduko Errugbi Erakundeak jokalariak kutsa ditzaketen jokaldiak aldi baterako kentzeko asmoa dauka; besteak beste, dortoken kopuruak gutxitzea edota plakatzeak gerritik behera egitea. Zer iritzi duzu?
Neurri horiek hartzeak ez dauka zentzu handirik. Errugbia kontaktu handiko kirola da; hau da, aurkariekin kontaktuan gaude une oro. Ez dakit zer neurri hartuko dituzten, baina, dortokak eta plakatzeak gerritik behera egiten badira, kirol modalitate honek duen funtsa galduko luke.
Nola daramazu koronabirusaren pandemia?
Miarritzen nago, bikotekidearekin. Oraindik familiarekin ez naiz egon, ez digutelako muga igarotzen uzten. Halere, ondo daramagu, eta ez nago kexatzeko.
Asier Usarraga. Baionako jokalaria
«Ezin izan diot ezetz esan halako aukera on bati»
Usarragak bi denboraldirako kontratua sinatu du Baionako taldearekin, Miarritzen zazpi urtez jokatu ostean. Donostiako errugbilariak esan du «ilusioz dagoela» taldera batzeko eta Top14 ligan debutatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu