Zaila da liga bati izotz hockeyko Txuri-Urdinen emakumezkoen taldeak bezain ondo ekitea. Donostiako taldeak bi partida soilik jokatu ditu, baina garbi utzi du iragan denboraldiko titulua berriz irabazteko hautagai sendoa dela. Talde onenetako baten aurka hasi zuen liga, Puigcerdaren kontra, eta 2-0 irabazi zuen. Jakaren kontra izan du azken neurketa, joan den asteburuan, eta aise gailendu ziren: 10-0. Ez diete golik sartu bi partida horietan, defentsako lan onaren seinale.
Sasoiaurrean lan gogorra egin izanaren fruitua dela pentsa dezakete batek baino gehiagok. Baina oraingoan kontrakoa izan da. Izan ere, Maria Serna jokalariak azaldu du «gutxi» entrenatu ahal izan direla. Taldeko jokalari beteranoetako bat da Serna, eta nabarmendu du ez dela izan eurek hala nahi izan dutelako. «Txuri-Urdin izotz pistaren kudeatzailea aldatu dute udan, eta, gorabehera batzuk zirela medio, irailean zabaltzea erabaki zuten. Gainera, udan izotz pista bat mantentzea garestia da».
Puigcerdaren aurkako partidaren aurretik soilik sei entrenamendu egin zituzten, baina demostratu dute nahikoa izan direla gogor ekiteko. Sernak gehitu du kirolariak direla denak, eta, nahiz eta taldeko entrenamendurik ez izan, orokorrean udan denak aktibo mantendu direla. Hala, itzulera errazagoa izan zen.
Gozatuz jokatu dute
Lehen neurketari buruz galdetuta, Sernak esan du urduri zeudela, aurrean zuten arerioa ligako gogorrenetako bat baitzen. Txuri-Urdinek joan den denboraldian liga irabazi bazuen ere, Puigcerda Espainiako Kopako txapeldun izan zen. Aurreko denboraldiko bi talde onenek, beraz, elkarren aurka jokatu zuten lehen jardunaldian. Hala ere, indartsu eta oldarkor jokatu zuten donostiarrek. Bada, ongi atera zitzaien apustua, irabazi egin baitzuten partida, eta golik jaso gabe, gainera: 2-0. «Oso emaitza ona izan zen. Gainera, jokatzerakoan gozatu egin genuen, eta dibertitu egin ginen», esplikatu du Sernak.
Oso ezberdina izan zen bigarren jardunaldia, Jakaren aurkakoa. Donostiako kluba harrobiko jokalari gazteak ari da igotzen lehen taldera. Gaztetasuna da taldearen ezaugarri nagusia. «Pentsa, nik 22 urte baino ez ditut, eta taldeko zaharrenetakoa naiz». Aise nagusitzen ari zirela ikusita, Irene Senac entrenatzaileak gazte horiei jokatzeko aukera eman zien. Serna, adibidez, 2012an jaiotako neskato batekin aritu zen defentsako lerroan. «Denok jokatzeko aprobetxatu genuen, eta gure eginkizunetako bat harrobiko gazte horiei laguntzea izan zen. Etorkizunerako prestatzeko eta multzoa sendotzeko partida bat izan zen. Izan ere, erresistentzia handia duten arren, oraindik ere esperientzia falta nabari zaie». Hala ere, kalitate handiko jendea dute taldean; esaterako, bostek Espainiako selekzioarekin jokatu ohi dute.
Harrobiko neskatoekin eta esperientzia handiko jokalariekin talde lehiakor bat osatu dute, beraz. Besteak beste Uma Apo-Tsang argentinarra batu zaie multzora. Haatik, Stella Scott estatubatuarrak taldea utzi du. Sernak azaldu du azken partidatik taldea «indartuta» atera zela.
Azken urteak, baina, ez dira beti onak izan. Joan den denboraldian liga irabazi bazuten ere, aurrekoan azken postuan geratu ziren; ezohiko postua Txuri-Urdinentzat, irabaztera ohituta baitago taldea. Eva Aizpurua eta Haizea Fernandez de Romarategi AEBetara joan ziren jokatzera, eta hutsune hori asko nabaritu zuten. Hala ere, joan den denboraldian itzuli ziren. Azkar batean nabaritu zuten hori, eta txapeldun izan ziren.
Denboraldi honetan ere liga irabazteko borrokatu dira, baina ez dute presiorik jarri nahi eurengan: «Noski, gure helburua irabaztea da, eta bi tituluak [Liga eta Espainiako Kopa] izanez gero, hobeto. Baina ez gara horretan zentratzen ari horrenbeste, galduz gero zurrunbilo batean sar zaitezke eta». Joan den ostiralean bilkura bat egin zuten, eta garbi utzi zuten partida guztiak irabazteko asmoz aterako direla, baina ez diotela euren buruari liga irabaztea exijituko.