«Estrategia ezin hobeto atera zaigu. Oso pozik nago, sailkapen nagusiko lehen lauren artean taldeko hiru sailkatu garelako». Amanda Spratt (Mitchelton-Scott) pozez ezin kabiturik zegoen atzo, Iurretako helmuga gainditu berritan. Ez zen gutxiagorako. Emakumeen Birako azken etapa irabazteaz gain, sailkapen nagusian ere gailendu baitzen. Hala, bere kirol ibilbideko garaipen garrantzitsua lortu zuen australiarrak. Gainera, Annemiek van Vleuten taldekidea bigarren izan zen sailkapen nagusian, eta Georgia Williams, laugarren. Gertu izan zuten podium guztia bereganatzea, baina Anna van der Breggenek (Boels) 21 segundorengatik eutsi zion hirugarren postuari. Ane Santesteban (Alle Cipollini) izan da lehen euskal ziklista sailkapen nagusian. 11. izan da errenteriarra, Sprattengandik 3.23ra.
Herenegun egin bezala, abila izan zen Mitcheltonen estrategia. Urkiolan gora jarri zuen martxan,helmugarako 55 kilometro falta zirela. Bost txirrindularik ihes egin zuten: Sprattek, Williamsek, Santestebanek, Lorena Llamasek (Movistar) eta Aafke Soetek (WNT).
Sprattek indarrez zegoela ikusi zuen, eta hortik bi kilometrora taldea utzi zuen. Faboritoak hirugarren talde batean zetozen, elkar zainduz. Baina Van Vleutenekaurretik bi taldekide zituen laguntzeko, eta Van der Breggenek bakar bat ere ez zuen, ezta bere alboan ere.
Atzekoak ados jartzen ez zirela aprobetxatuz, Sprattek 2.20ko errenta zuen 38 kilometro falta zirela. Sailkapen nagusian Van Vleuten taldekidearekin 1.37ko atzerapena zuela kontuan hartuta, orduan hasi ziren jabetzen bai bera eta bai taldea Bira irabaz zezakeela.
Pedal kolpe indartsuarekin zihoan, eta erakustaldia emanzuen azken 30 kilometroetan.Atzetik, Santesteban eta enparauen taldea faboritoen taldearekin batu zen. Elissa Longo-Borghini (Wiggle) eta Olga Zabelinskaia (Cogeas) saiatu ziren Spratt harrapatzen, baina alferrik. Urkiolara bigarren aldiz igo zirenean, ikusi zen garaipenak ez ziola ihes egingo Spratti. 2.40 inguruko errenta izan zuen, eta ederki kudeatu zuen, nahiz eta azken kilometroetan atzekoek apur bat estutu zuten. Sprattek 1.16ko errenta atera zien Longo eta Zabalenskaiari helmugan, eta 2.12koa faboritoei.
Iaz Spratt bosgarren izan zen, Van Vleutenen laguntzaile fin izan eta gero. Orain, Sprattena izan da loria.
Emakumeen Bira
Ezin hobeto atera zaio
Amanda Sprattek irabazi du Emakumeen Bira, azken etapan erakustaldia emanda. Annemiek van Vleuten eta Anna van der Breggen ere igo dira podiumera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu