Sergi Enrich. Eibarreko jokalaria

«Ezin gara pentsatzen hasi galaktikoak garela»

Hiru gol sartu ditu azken bi partidetan, baina ez da harrotu. Horrela lortu du Lehen Mailan jokatzea, eta ez du aldatzeko asmorik. Uste du gai direla Real Madrili irabazteko.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2015eko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Makina bat buelta eman du Sergi Enrichek (Ciutadella, Herrialde Katalanak, 1990) Bigarren Mailan, bere ametsa bete aurretik. Eibarrek ireki dizkio Lehen Mailako ateak, eta, ziurrenik, ligaren hasieran uste ez zuena ari da bizitzen: Borja Bastonekin batera jokatzea aurrealdean. Bi aurrelari petoak elkarrekin.

Zenbat aldiz jokatu izan duzu beste aurrelari peto batekin batera, Eibarren bezala?

Recreativon Pablo Sanchezekin jokatu nuen, baina ni aurrerago jarrita. Aurreko denboraldiaren hasieran, Numantzian, Braian Rodriguezekin ere jokatu nuen batera.

Ez da oso ohikoa gaur egun bi aurrelarirekin jokatzea.

Ez da, ez. Borjak eta biok gauza ezberdinak eman diezazkiokegu taldeari, eta erakusten ari gara bateragarriak garela. Ondo gabiltza batera jokatzen.

Zertan zarete berdinak?

Ni nolakoa naizen esango dizut. Dena ematen dut, oso langilea naiz, eta taldearen mesedetan edozer egiteko gai naiz. Borja golegilea da, baina lanerako gaitasun ikaragarria dauka. Oso ondo ulertzen ari gara elkar, eta biok gaude eroso elkarrekin.

Aurrelari batek taldeari laguntzeko daukan aukera bakarra golak sartzea da, ala beste lan garrantzitsu batzuk ere baditu?

Golarena arlo bat baino ez da. Ez nago ados gola sartzeko bakarrik gaudela esaten denean. Egia da golarenak sekulako garrantzia duela, eta gure lana horren arabera neurtzen dela. Baina defentsako lana ere egin behar dugu, entrenatzaileak eskatzen digulako. Gure euskarriei laguntzea ere tokatzen zaigu, eta gustura egiten dugu lan hori ere.

Eibarren ez dago arean bakarrik eta erasora jokatzeko soilik dagoen aurrelaririk.

Denetarik egin behar da. Aldagelan lelo hau dugu: aurkariak ez diezagula irabaz gogoa ez jartzeagatik. Talde osoa gaude lanerako, eta zelaian ikusten da hori. Agerian geratu da gutxiago jokatu dutenak jokatzen hasi direnean, bikain ari garelako guztiok.

Lan hori gustura eginagatik, aurrelaria gehien betetzen duena gola sartzea da. Hasi zara horretan ere.

Bai. Golari esker bizi gara aurrelariak, eta gure lana horrela neurtzen da. Baina golik sartu gabe ere egin ditzakegu partida onak.

Borja eta zu golegileak zarete, eta golak sartzen ari zarete. Ez daude talde asko Lehen Mailan horrelako golegile parearekin.

Gu izan edo beste batzuk, berdin da nork sartzen duen. Bolada onean gaude, eta horrela jarraitzea da taldearen lehentasuna. Gola sartzeko gaitasuna duten beste jokalari batzuk ere badaude taldean, eta horrek balio du azkenean.

Talde berria zarete, eta harridura eragin du zein azkar egokitu zareten. Zergatik hain azkar?

Idazkaritza teknikoak oso lan ona egin du fitxaketekin. Hamabost jokalari kolpetik fitxatzea ez da erraza. Oso jatorrak eta profesionalak gara denok, eta giro bikaina daukagu zelaian eta zelaitik kanpo.

Entrenamenduetako lan ona nabarmendu du Jose Luis Mendilibarrek. Nola entrenatu, hala jokatu?

Hori da. Biziak dira laneko saioak, eta denok ari gara hobetu nahian, sekulako ilusioarekin. Hori ikusi egiten da gero partidetan.

Eibarrek udan fitxatu zituen lehen jokalarietako bat izan zinen. Orduan oraindik ez zegoen ziurtatuta Lehen Mailan jarraituko zuela taldeak. Zergatik eman zenuen baiezkoa dudazko egoera horretan?

Aurreko denboraldiko neguko merkatuan azaldu zuten interesa ni fitxatzeko, baina ez zen gauzatu fitxaketa. Harremanetan jarraitu genuen, eta ikusi nuen nolako jendea dagoen lanean klubean. Oso langileak dira, gertukoak tratuan, eta niretzat balio handia dauka horrek. Nahiz eta Lehen Mailan jokatzeko lekua ezbaian egon, duda handirik ez nuen izan baiezkoa esateko. Gero, Mendilibarrek deitu ere egin zidan, eta dei horrek ere eragina izan zuen eskaintzari baietz esaterakoan. Oso erakargarria zen eskaintza.

Hainbat urtez Bigarren Mailan ibili eta gero, azkenean heldu zara Lehen Mailara. Luze egin zaizu bidea?

Betiko ametsa izan dut Lehen Mailan jokatzea, eta betetzen ari naiz. Lortu dut lan handia egin dudalako aurretik. Eibarrek apustu sendoa egin zuen niregatik, eta horregatik ere eman nuen baiezkoa.

Zein da aldea Bigarren Mailaren eta Lehen Mailaren artean?

Zaila da Bigarren Mailan jokatzea, lehiakortasun handia baitago talde guztietan. Oso maila ona da esperientzia hartzeko. Lehen Mailan, berriz, hutsik txikiena ere garesti ordaintzen da.

Aurkariaren hutsik txikiena baliatzen duten taldeetako bat da Real Madril, zuen gaurko arerioa.

Munduko talde onenetakoa da, eta sekulako jokalariak dauzka.

Nolako Real Madril azalduko da gaur? Krisian omen dago...

Bada, ez dakit zer ikusiko dugun. Dakidana da nolako Eibar ikusiko dugun, eta orain arteko bideari segitu behar diogu. Beste edozein partida bezala hartu dugu, nahiz eta berezia den.

Irabaziko al dio Eibarrek talde handi horietako bati Ipuruan?

Ea hala den. Uste dugu gai garela. Lehiatu nahi dugu, eta ezustea eman. Baina burua galdu gabe: ezin gara hasi pentsatzen galaktikoak garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.