Ion Ansotegi. Realeko jokalaria

«Ezin dugu erantzukizuna zama bihurtu»

Ion Ansotegik argi du: «Final bat» da bihar Getaferen aurka jokatu beharreko partida. Eguna iristeko «irrikan» da, eta baikor.

Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Jon Ansotegik (Berriatua, Bizkaia, 1982) aitortu du lo hartzea kosta egin zitzaiola Sevillan galdu eta gero, baina buelta eman zion luze gabe. «Zapatuan zer den eta zer ez den ikusiko dugu, baina ordurako prest egoteko seinale ona izango da ondo entrenatzea, errekuperatzea eta behar bezala lo egitea». Aste berezia da Realeko jokalarientzat, asko dutelako jokoan Getaferen aurka, eta ez da erraza kontua ahaztea: «Ezinezkoa da futbola guztiz burutik kentzea, familiagaz egoten edo beste gauza batzuk egiten saiatuta ere». Realak Lehen Mailan jarraituz gero, ospatu egingo du, baina erokeriarik gabe: «Ez da promesak egiteko garaia, irabaztekoa baizik».

Nola deskribatu biharko partida?

Uste dut aukera ona dugula. Iaz, partida bat eduki genuen hurrengo urtean Lehen Mailan egoteko; hemen gaude, eta larunbatekoa beste aukera bat da bertan jarraitzeko. Alde horretatik hartu behar dugu, positiboki. Galduz gero zer gertatuko litzatekeen burutik kendu behar dugu, eta buruan sartu irabaziz gero denok nahi duguna lortuko dugula.

Marka da 44 punturekin kolokan egotea.

Inork ez zuen esango kopuru horrekin azken astean larritasunik edukiko genuenik. Gauza batzuk txarto egin ditugu, baina orokorrean ez dugu denboraldi txarra egin. Hor daude lortutako puntuak. Pentsatzen genuen nahikoak izango zirela, baina matematikek diote ezetz. Irabaztera atera behar dugu zapatuan; 47 punturekin seguru ez garela jaitsiko.

Nola egin behar zaio aurre halako erronka bati?

Denboraldian zehar ondo egin ditugun gauzek konfiantza eman behar digute. Azkenaldian emaitza onak lortu ditugu etxean, eta berdin irten behar dugu zelaira. Ez dut uste prestaketa berezirik behar denik, baina egia da garrantzitsua izango dela ondo hastea eta buruz ondo egotea, jokoan zer dugun jakinda, baina erantzukizun hori zama bihurtu gabe.

Puntu bat balekoa izatea ez al da arriskutsua?

Ez, ona da; berdintzera ateratzea da arriskutsua. Badakigu emaitza hori nahikoa dela, baina ezin gara nahastu, eta hasiera-hasieratik irten behar dugu irabaztera, indar betean, argi edukita 92. minutuan hutsekoa badago ez dugula baloiaren bila korrika joan behar. Seguru hamar minutu falta direla 2-0 irabazten ari bagara denok egongo garela lasaiago.

Arriskuak gehiago neurtu beharko dituzue, ezta?

Hori beti egin behar da, ez bakarrik zapatuan. Lehen Mailan erasora bururik gabe joaten bazara, edozeinek sartuko dizu gola. Urte osorako balio du. Oreka oso garrantzitsua da. Erasoan gauzak ahalik eta ondoen egin eta jokalari askorekin iritsi behar zara, baina bizkarra ondo zainduta.

Getafek ere irabazi nahi du.

Finala da partida. Irabazten duena libratu egingo da, eta biak joan gara irabaztera. Guri berdinketak balio digu, eta eurei, beharbada, ez. Hala ere, bientzat da hil edo biziko norgehiagoka. Ikusi beharko da beste zelaietan zer gertatzen den, baina inongo erlaxaziorik ez da izango, hori seguru. Zelaian tentsio handia izatea espero dugu.

Nola ikusten duzu aurkaria?

Haren ezaugarria beti izan da baloia ondo ukitzea, eta atzetik asko jokatzea, baina dagoen egoeran ez dakit zenbateraino eutsiko dion eredu horri. Ez dago joko punturik onenean, baina zelai erditik aurrera oso jokalari onak dauzka, izen handikoak, Lehen Mailako talde guztiek bezala. Egin diegu aurre beste batzuei, eta hauei ere egingo diegu.

Etxean jokatzeak lasaitasuna ematen dizue?

Bai. Azken partidetan ikusi dugun moduan, jendea gugaz egongo da. Ez dakit erabakigarria izango den, baina seguru lagunduko duela. 90 minutuetan denok elkarregaz egotea lortu behar dugu: jokatzen ari direnak, aulkikoak eta ikusleak. Abantaila da Anoetan aritzea. Azken hiru partidak irabazi ditugu, eta ez dago zertan aldatu, ez guk eta ez jendeak. Intentsitate bera erakutsi behar dugu.

Askok diote Anoetatik aterako dela jaitsiko den azken taldea.

Ez dakit. Bospasei talde gaude borrokan sartuta. Asko dira. Argi dugu gure esku dagoela dena, baina egia da beste zelaietan ere jokatuko dela, eta atsedenaldian esaten badigute Zaragoza 4-0 galtzen ari dela, tristurarik ez zaigu etorriko inori. Halere, nik itxaropena gure partidan daukat, gure esku dagoen gauza bakarra delako. Hor bildu behar ditugu ahalegin guztiak. Besteetan pentsatzeak ez du zentzurik, hori aldatzeko ezin dugulako ezer egin.

Gogorra da, hainbeste sufritu ondoren, dena karta bakarrera jokatzea?

Bai. Datorren urtean non egongo garen 90 minutuan erabakitzea ez da samurra. Denboraldi osoa daramagu lanean, baina ordainik ez dugu jaso oraindik. Hala ere, hor sartuta gaudenok zerbaitegatik gaude. Okerragoa ere izan zitekeen. Beste lehiaketetan egoten dira finalak, eta guk modu horretan hartu behar dugu hau.

Partida bakarrean zorteak eragin handia izan dezake?

Guk gure lana ondo egiten badugu, errazagoa izango da zortea gure alde egotea. Askotan aipatzen den faktore bat da, baina batzuek 100 puntu ateratzen dituzte eta besteek 25. Zortea bilatu beharra dago aurrera egiteko, aurkariak baino gehiago edo hobeto.

Irudipena duzu Realak ez duela arriskuan egotea merezi?

Aurretik egin duzunak edo egin ez duzunak ez du hainbeste balio. Azken jardunaldian azken hiru postuak zapaldu gabe jarraitzea lortu behar dugu. Azken sei partidetatik hiru irabazi arren, hurbildu egin zaizkigu behekoak.

Zer falta izan zaizue etxeko lanak lehenago egiteko?

Pentsatuko dugu horretan igandetik aurrera. Ez da ondorioak ateratzeko unea, indar, konfiantza eta pentsamendu guztiak zapatuko partidan ipintzekoa baizik. Gero aztertuko dugu zer egin dugun ondo eta zer ez. Lehenbizi, helburua lortu behar dugu, eta gero gerokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.