Entrenatzaile aldaketa dela tarteko, ezohiko astea bizitzea egokitu zaio Realari, zelaira ez, bulegoetara bideratuta egon baitira begirada gehienak. Ordea, «normal» lan egiten hasiak direla aitortu du Markel Bergarak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1896). Realak lagunarteko partida jokatu zuen herenegun Lisboan, Os Belenenses taldearen aurka, eta hutseanberdindu ondoren, penaltietan galdu zuen: 7-6. Halere, «helburua beteta» itzuli ziren txuri-urdinak, Realeko erdilariaren esanetan. «Eusebio entrenatzailearen ideiak barneratzen hastea zen xedea, eta lortu genuen». Ez da gutxi. Guztiaren premia izango baita egoerari buelta emateko.
Zein izan da Lisboako bidaiaren balorazioa?
Positiboa, dudarik gabe. Bidaia egin dugun guztiok aho zapore gozoarekin itzuli gara. Jakina da Eusebiok beste era bateko futbola ekarri duela Zubietara, eta haren ideietara egokituz joatea da gure asmoa. Ongi etorri zaigu, beraz, lagunartekoa jokatzea. Galdu edo irabazi, ongi sentitzea genuen helburu, eta lortu dugu. Penaltietan galdu genuen, baina hori gutxienekoa da. Orain, lana erruz egin, eta denborarekin jokoa hobetuz joan beharko dugu. Oraingoz, ilusioz eta gozo handiz gaude.
Nola definituko zenuke Eusebioren futbol pentsaera?
Bartzelonaren eskolakoa da. Horrekin ia guztia esanda dago. Nik uste dut gauza on asko hartu zituela handik, eta orain Realera egokitzea izango du bere lana. Geure burua ezin dugu engainatu, halere. Reala ez da Bartzelona, eta gure joko propioa sortu beharko dugu. Aldaketa handia tokatuko zaigu, baina prest gaude. Orain arte ikusi ahal izan dugunaren arabera, presio goian eta indartsu egin beharko dugu, eta baloia berreskuratzean joko posizionala egin.
Joko horren zantzuak azaldu al zenituzten Lisboan?
Pentsatzen dut baietz. Bidaiatu genuen jokalari guztiok jokatu genuen, eta txukun arituta etorri gara. Jokoan Os Belenenses baino gehiago izan ginen, eta tartekaongi jokatu genuen baloiarekin. Kontuan hartu behar da denbora gutxi daramagula era horretan lanean, eta miraririk ezin dugula egin. Hala ere, baikorrak gara aurrera begira.
Eusebiok ze futbol mota nahi duen jakina da, baina, une zailetan, motibatzailea izateak ere badu garrantzia, ezta?
Esango nuke gaur egun futbolari buruz jakiteak adina garrantzi duela motibatzailea izateak. Entrenatzaileek ere hala aitortu ohi dute. Eta Eusebio motibatzaile ona da. Frogatuta geratu zaigu. Ez nuke esango jokalariok oso kezkatuta gaudenik egoerarekin, baina une zailak bizi ditugu, eta Eusebiok autokonfiantza erantsi nahi digu. Bere lehen hitzaldian esan zigun konfiantza osoa duela gugan eta Reala ez dagoela merezi duen tokian. Taldea badagoela gorago egoteko; horixe utzi zigun oso argi. Horrez gain, irakurri nuen prentsaurrekoan aitortu zuela izugarri gustatzen zaiola Realak daukan taldea. Eskertzen dira hitz horiek.
Baina erakutsi, zelaian erakutsi behar da.
Onerako eta txarrerako, halaxe da. Hitzek ezer gutxirako balio dute. Orain arte gauzak gaizki egin ditugu, eta horregatik gaude gauden tokian. Baina, aldi berean, badakigu askoz gorago egon gaitezkeela. Gure esku dago. Autokritika egiten dugu, eta egoera txarraren ardura guztiona da. Gure partetik dena jarriko dugu. Hori bai, horrek ez du esan nahi orain arte genuen guztia ez dugunik eman. Futbola halako krudela da. Emaitzek ez digute lagundu, eta hargatik gertatu da gertatu den guztia. Erantzukizuna hartzea tokatzen zaigu.
Jokin Aperribai presidentearen hitz berberak egin dituzu.
Ados nago haren hausnarketarekin. Erabat ados. Beti entrenatzaileak ordaintzen du guztia, baina zelaian gaudenak jokalariak gara. Urtebetean hirugarren entrenatzailea da oraingoa; beraz, zerbaitetan huts egiten ari garen seinale da. Ongi egindakoak ere izan dira, baina gaizki eginak, gehiago. Gogoz gaude jada guztia aldatzeko, eta proiektu berrian sinetsi behar dugu.
Kazetariekin ez bezala, jokalariekin agur hitzak egin zituen David Moyesek. Zer esan zizueten?
Triste zegoen. Aitortu zigun gustura jarraituko zuela lanean gurekin, baina zuzendaritzak ez ziola aukera hori eman. Plazera izan dela gurekin hainbat momentu partekatzea eta zorterik onena izateko aurrerantzean. Moyesek berak ere bazekien arriskua zegoela kargutik kentzeko, eta azkenean gertatu zen.
Zertan huts egin duzue?
Gauza askotan, nik uste. Halako egoera zailak ez dira etortzen gauza batengatik bakarrik. Erregulartasuna falta izan zaigu, batez ere. Hainbatetan, futbolean ongi aritu gara. Etxetik kanpo lortutako bi garaipenak erraz izan ziren, Granadaren eta Levanteren aurka. Celtaren kontra etxean ere lehen zati ona jokatu genuen. Beraz, ikusten zen Reala ez zegoela lurpean. Emaitzek, ordea, ez ziguten laguntzen. Bategatik edo besteagatik, galdu egiten genuen, eta Las Palmasko porrota errematea izan zen. Oso irudi kaskarra eskaini genuen. Esan dudan bezala, erregulartasuna edo oreka ez dugu topatu, eta ligan garesti ordaintzen da. Talde onak daude, eta haien parean egoteko gauzak oso ongi egin behar dira. Guk ez ditugu hala egin.
Orain, berriro, baloia oinetan izatea gustuko duen entrenatzailea duzue: Eusebio. Moyesen antza baino Jagoba Arrasaterena gehiago du. Halako aldaketak onerako ote?
Ez dakit. Jokalarion esku dago gauzak ongi egitea, eta saiatuko gara. Egia da Jagobari [Arrasate] gehiago gustatzen zitzaiola joko posizionala, eta Moyes bestelako entrenatzailea izan dela. Orain Eusebio etorri da, Bartzelonaren eskolakoa. Nik esaten dut Moyesekin berarekin ere Realak eman izan duela eman dezakeen mailarik onena, baina erregulartasunean huts egin dugu. Beste proiektu bati ekitea tokatzen da orain, eta gu prest gaude. Edozein joko eginda ere, garai zailetan emaitzak lortzea da garrantzitsuena.
Eta egutegiak ez du asko laguntzen: Sevilla, Bartzelona...
Egia da. Eta, askotan, emaitzek laguntzen ez badute, zailagoa izaten da autokonfiantza lortu eta zelaira lasai ateratzea. Bartzelonan irabaztea zaila izango dela badakigu, baina orain Sevillako partidari begira gaude. Talde sendoa eta ona da Sevilla, baina guk etxean jokatuko dugu, eta ezin dugu hutsik egin. Oraindik ere irabazi gabe gaude Anoetan, eta bada garaia gure zaleei poz txiki bat emateko. Reala beti izan da talde sendoa etxean, eta bide horri eutsi behar diogu. Astebete daukagu partida ongi prestatzeko, eta datorren larunbatean dena ematera irtengo gara zelaira. Egutegiak ez digu kezka sortzen. Gogotsu gaude jokatu eta egoera iraultzen hasteko.
Eta, zu zeu, partida osoak jokatzen ari zinen orain arte, baina berriz ere hutsetik abiatzea tokatzen zaizu. Arduratuta zaude horrekin?
Ez. Entrenatzaile berri bat etortzen denean, normala da berriz hutsetik hastea, baina une zailetan taldea da garrantzitsuena. Taldean pentsatu behar dugu. Orain arte jokalari denok gure mailatik behera egon gara, eta esnatu beharra daukagu. Salbuespena Imanol Agirretxe izan da. Maila izugarria dauka, eta lagundu behar diogu.
Eusebioren sisteman, halere, ziurtzat jo daiteke zure parte hartzea.
Egia da bere hamaikakoetan garrantzi handia duela euskarrian jokatzen duen jokalariak, eta ni prest nago hor egoteko. Konfiantzaz nago. Halere, oraindik ez dut pertsonalki Eusebiorekin hitz egiteko aukerarik izan.
Markel Bergara. Realeko jokalaria
«Ezin dugu engainatu geure burua. Ez gara Bartzelona, gure joko propioa sortu behar dugu»
Autokritikarik ez zaio falta elgoibartarrari, eta urtebetean hirugarren entrenatzailea izatea «seinale txarra» dela aitortu du. Halere, ilusioz eta gogotsu azaldu da egoerari buelta emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu