«Lau partida eta kito». Axier Arteagak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1996) buruan du atzerako kontaketa. Hilaren 17an jokatuko du azkeneko partida profesionaletan, jaioterrian. «Prest» dagoela dio: «Gogoa dut eguna iritsi eta bizitzaren beste aldi bat hasteko».
Hamar egun barru jokatuko duzu azken partida profesionaletan. Barneratua duzu?
Bai. Enpresak ez nuela jarraituko esan ondorengo bi egunak gogorrak izan ziren. Baina laugarren egunetik aurrera, gauzak beste ikuspuntu batekin ikusten hasi nintzen; txarrari ona atera nion.
Nola esan zizun enpresak ez zizula kontratua berrituko?
Enpresak erabakia hartu baino hilabete lehenago, Aimarri [Olaizola, Baikoko kirol zuzendaria] galdetu nion ea zein asmo zuten. Ez nuen nahi azken unean jakin; nire etorkizuna antolatzen hasi nahi nuen. Baina esan zidan azken egunera arte ez zidatela ezer esango. Iritsi zen eguna, Joserrak [Garai, Baikoko zuzendari nagusia] bilera batera deitu ninduen, eta egun horretan esan zidan ez zidatela kontratua berrituko.
Zein arrazoi eman zizkizuten?
Betikoak: batetik, gazteak nahi dituztela. Eta, bestetik, txarra izan dela nire azken urtea.
Eta zer erantzun zenion?
Esan nion 26 urte baino ez ditudala, eta ni naizela lehenengoa konturatu dena azken bi urteetan gora egin beharrean behera egin dudala. Sasoiko nagoela ere esan nion, kirolari moduan ez naizela oraindik onenera iritsi, eta, agian, denbora gehixeago emanda onenera irits naitekeela, edo, gutxienez, lehengo mailara itzuli. Baina esan zidan erabakia hartua zutela, eta ez zegoela atzera-bueltarik.
Kolpea izan zen?
Bai, oso gogorra. Nahiz eta banekien aukera zegoela ez segitzeko, itxaropenari eusten nion. Baina oso kolpe gogorra izan zen entzutea ez nuela jarraituko. Negar asko egin nuen lehen hiru egunetan, baina pixkanaka gora egin nuen. Mesede handia egin zidan urteetan trebatzailearekin egindako lanak. Barneratu dut ate bat itxi zaidala, baina argi dut orain beste batzuk irekiko zaizkidala.
Sei urte eta erdi pasatxo egin dituzu. Zer sentitzen duzu?
Laburra izan dela. Irudipena da oraintxe debutatu dudala. Gustura egiten duzun ogibidea da. Niri, gainera, izugarri gustatzen zait kirola egitea. Oso gustura aritu naiz; urteak asteak balira bezala pasatu zaizkit. Asko gozatu dut, baita sufritu ere. Nahi baino lehenago bukatu zait aldi hau, baina inoiz bukatu beharra zuen.
Konforme zaude egin duzun ibilbidearekin?
Bai. Ezin diot neure buruari ezer leporatu; dena eman dut beti. Damu bakarra izan dezaket: agian, gehiegi estutu dudala neure burua. Afizionatuetan ia dena irabazi nuen, eta hori dela eta, aurreikuspen dezenterekin debutatu nuen 2016an. Lehen urtea zaila izan zen, baina hurrengo hiruretan asko gozatu nuen; aparra bezala egin nuen gora. Baina koska bat falta izan zitzaidan, eta hori lortzeko, itsutu egin nintzen: dietekin, trebatzailearekin, banakako prestatzailearekin... Dena jarri, eta emaitzak iristen ez direnean, galdu egiten duzu konfiantza zeure buruarengan, eta sufritu egiten duzu. Horixe gertatu izan zait niri.
Hiru txapel dituzu irabaziak Bigarren Mailan: bitan buruz burukoa eta behin binakakoa. Asko erretiratu dira txapelik gabe.
Bai. Oso gutxik irabaziko zuten bitan Bigarren Mailako buruz burukoa [ kar-kar] —Angel Garcia Ariñok eta Oskar Lasak bakarrik—. Ez dut kexarik emaitzei dagokienez. Pribilegiatua izan naiz zazpi urtez pilotari profesionala izan naizelako eta honetaz bizi izan naizelako. Eta pribilegiatua naiz txapelak irabazi ditudalako, hiru, eta guztietan gozatu baitut, batez ere lehen bietan [2017an, buruz burukoa eta binakakoa irabazi zituen]. Gustatuko zitzaidan Lehen Mailan partida gehiago jokatzea, baina urte batzuk barru gehiago baloratuko dut lortu dudana.
Zuk esan duzu «koska bat» falta izan zaizula Lehen Mailan gehiago jokatzeko.
Hala da. 21 urte nituen 2018an maila nagusian jokatzeko aukera eman zidatenean. Sanferminetan, Albisuk eta biok tanto bakar batengatik ez genuen jokatu finala, eta Bilboko Aste Nagusian 22-19 galdu genuen finalerdia. Donostian, berriz, Rezustarekin, 22-16 irabazi genien Irribarria-Albisuri finalerdian, eta Olaizola II.a-Zabaletaren aurka galdu genuen finala. Handia zen halako partidak jokatzea. Halere, oraindik koska bat beherago ikusten nuen neure burua. Saiatu nintzen gora egiten, baina ez nuen lortu helburua. Behintzat, ez dut saiatu ez izanaren damua.
Lesioek ere garapena eten dizute?
Nire iritziz, lesioek gogortu egiten dute kirolaria. Nik, adibidez, gora egin dut beti lesio bat osatu ondoren. 16 urterekin, bi eskuetan egin zidaten ebakuntza, eta 17-18 urterekin, ia dena irabazi nuen afizionatuetan. 2017an, bi txapelak irabazi eta gero, lesioa izan nuen belaunean, baina indarrez bueltatu nintzen, eta Lehen Mailan jokatu nuen. Hala ere, azken urteetan asko sufritu dut eskuetatik. Ohikoa bilakatu zen baita minez entrenatzea ere. Gerora konturatu naiz askotan pasatu egin naizela.
Zein izan da unerik onena?
2017an Bakaikoari buruz burukoa irabazi nionekoa. Sekulakoa izan zen jendearengandik jaso nuen maitasuna, jokatu aurretik eta ondoren. Gogoan dut parranda itzela egin genuela Iruñean. Nire bizitzako egunik zoriontsuena da.
Eta txarrena?
Bitan Bigarren Mailako buruz burukoa irabazi eta gero, aurtengo txapelketan aritzeko enpresak bi atariko jokatzera behartu ninduenekoa. Asko kostatu zitzaidan barneratzea, eta oso aste txarra pasatu nuen. Alberdiren aurka jokatu nuen, eta erraz irabazi zidan: 22-7. Ez nuen batere jokatu. Egun horretan pentsatu nuen nire kirol ibilbidea amaitzear zela.
Gogorra izango zen greba egin zenutenekoa ere, ezta?
Oso gogorra izan zen. Askotan pentsatu nuen pilotak aurrera jarraituko zuela, eta gu bazter batean geratuko ginela. Egin beharra zegoen, eta merezi izan zuen. Horren erakusle da enpresako bi izar nagusiak Laso eta Mariezkurrena direla. Greba egin ez bagenu, ez lirateke orain enpresan egongo. Ez dut gaizki pentsatu nahi, baina greban parte hartu genuenok ari gara enpresatik kanpo geratzen: Urretabizkaia, Erasun, Ibai Zabala, ni neu... Oinatzi [Bengoetxea], berriz, izan den guztia kontuan hartuta ez zioten sei hilabetez luzatu kontratua. Baina ez dut inolako damurik ordukoaz.
Eta irailaren 18an, zer? Pentsatu duzu zer egingo duzun?
Lasai nago. Ez diot beldurrik hurrengo egunari. Aurrena, oporretara joango naiz. Eta gero, hasiko naiz etorkizuna zehazten: pilotari lotutako zenbait lan eskaini dizkidate jada. SHEEko ikasketak ditut [Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea], eta masterra banakako prestaketan, nutrizioan eta soin hezkuntzan. Banakako prestatzailea izan nahi dut, eta horri lotuta, trebatzaile lanak egin. Uste dut ikasi eta bizi izan dudanagatik gazteei lagun diezaiekedala.
Pilotan jokatzen segituko duzu?
Bai. 26 urte bakarrik ditut, eta pilota asko dut oraindik barruan; ez naiz nire onenera iritsi. Beste maila batean, baina jokatzen jarraituko dut.
Inori zerbait diozu eskertzeko?
Bai, etxekoei: gurasoei, arrebari, izebari... Haiek sufritu dituzte nire garai txarrak, eta beti animatu naute. Izugarri eskertzen diet.
Axier Arteaga. Baikoko pilotaria
«Ezin diot neure buruari ezer leporatu; dena eman dut beti»
Hilaren 17an jokatuko du azken partida profesionaletan, jaioterrian. Sei urte eta erdi egin ditu, eta bitan irabazi du Bigarren Mailako buruz burukoa, eta behin binakakoa. «Nahi baino lehenago amaitu da aldi hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu