Ane Mugira. Gernika-Bizkaiko jokalaria

«Ezin da gehiago eskatu; sekulako saria da goren mailan jokatzea»

Ohorezko Mailan ariko da Gernika-Bizkaia saskibaloi taldea datorren denboraldian. Ane Mugira da taldeko kapitaina, eta, igoera lortuta, oso garai gozoan bizitzen ari direla onartu du.

Olaia Juaristi.
2014ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Denboraldi bikaina egin ondoren, datorren sasoian Ohorezko Mailan ariko da Gernika-Bizkaia saskibaloi taldea. Oraindik ere mailaz igo izana «sinetsi ezinik» daudela azaldu du Ane Mugirak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1984), taldeko kapitainak. Bizkaia GDKOk maila galdu ondoren, Gipuzkoa EHU eta Gernika-Bizkaia izango dira maila goreneko bi euskal ordezkariak.

Bi denboraldiz Bigarren Mailan aritu ondoren, hirugarrenean mailaz igotzea lortu duzue. Zein izan da sekretua?

Lehenengo denboraldian dena izaten da berria: maila, jendea… Kosta egiten da taldera egokitzea. Askok esaten dute bigarren denboraldian lehenengoan baino zailagoa izaten dela mantentzea, eta hirugarrenean hasieratik erakutsi genuen beste taldeak baino gorago geundela. Partida guztiak irabazten hasi ginen, eta, jardunaldi batean salbu, sasoi guztian lehen postuan mantendu gara. Sekretua? Pieza guztiak ondo uztartzea, eta, batez ere, taldeko giro ona. Halako txikikeriak askotan ez ditugu kontuan hartzen, baina kantxan antzeman egiten da. Zeresan handia dauka taldekideen artean giro ona edukitzeak; funtsezkoa da elkarren artean konplizitate handia izatea.

Nola dago taldea?

Lurreratu gabe, oraindik; laino baten gainean bezala. Lortu duguna barneratu gabe gaude oraindik. Ezusteko handia izan da. Lan asko egin dugu, eta sakrifizioak beti edukitzen du bere saria. Orain ez dugu atzera begiratzen; txarto pasatu ditugun garaiak ahaztu egin ditugu. Ezin da gehiago eskatu; sekulako saria da goren mailan jokatzea. Inoiz ez nuen sinetsiko pasatu zaiguna.

Gernika-Bizkaian saskiratu zenituen zure lehen hirukoak?

Bai [barrez]. Zortzi urterekin kuadrillako lagunekin batera eman nuen izena, eta hor jarraitzen dut. Betidanik jokatu izan dut Gernikan. Maila guztietatik pasatu naiz, eta inoiz ez dut pentsatu izan goren mailan jokatzera helduko nintzenik. Burutik pasatu izan zait noizbait, bai, baina ia ezinezko erronka zela iruditzen zitzaidan.

Nolako taldea da Gernika-Bizkaia?

Indartsua, langilea eta taldekideak elkarri laguntzeko prest dituena. Talde ona batu gara, eta bakoitzak berea eman diogu proiektuari. Fitxatutako jokalariekin ere asmatu egin dugu, denak bikain egokitu baitira.

Herritarrak gustura egongo dira, ezta?

Bai. Halako herri txiki batean, kalean antzeman egiten da giroa. Bilbon, agian ez; baina, Gernikan, bai. Ezohiko zerbait izan da: jendea kaletik zoriontzen, komunikabideak deika… Oso garai onak dira, eta gozatzen ari gara.

Zuen partidetan ohikoa bihurtu zenuten Maloste kiroldegia betetzea .

Bai, bai, gainezka egoten zen. Partidarik onenak etxean jokatu ditugu, giroa ezberdina izaten delako: gertukoak bertatik begira direla, harmailak beteta... Horrela errazagoa da ondo jokatzea. Partida asko erabakitzen dira zaleei esker, eta asko zor diegu. Etxeko jokalari asko dituelako lortu du taldeak halako berotasuna. Argi geratu zen hori, behin igoera lortuta, udaletxean egin ziguten harreran. Amari esan nion mesedez joateko, ez zelako jende asko egongo, eta norbait joan zedila, behintzat. Eta, azkenean, sorpresa ederra hartu genuen; gainezka zegoen. Sinestezina da hainbeste jarraitzaile izatea.

Nola definituko zenuke egindako denboraldia?

Ikaragarria eta sinestezina. Ez genuen espero, inondik inora. Xehetasun txikiek eta defentsak erabaki dute dena. Defentsan gogor arituta, errazagoa da aurrean asmatzea; aurkariek zenbat eta puntu gutxiago lortu, errazagoa izaten da irabaztea.

Zazpi jardunaldi falta zirela, sailkatuta zeundeten igoera faserako.

Bai, hala da. Ordea, nahi edo ez, zeure buruari nolabaiteko lasaitasuna eransten diozu. Azken partidetan ez genuen ondo jokatu, ez geneukalako aurrekoetan adinako presiorik eta nekatuta geundelako igoera fasera sendo iristeko egindako entrenamendu gogorren ondoren.

Igoera fasera iritsi, eta lau partidak irabazi.

Historia egin dugu. Gernika ez da igo, inoiz, Ohorezko Mailara, eta are gutxiago igoera faseko partida guztiak irabazita. Bizkaiko saskibaloia sasoian dagoela erakutsi dugu.

Presiorik eduki al duzue?

Beti izaten da presioa, behin igoera faseraino iritsita, hori ere irabazi egin behar duzula eskatzen diozulako zeure buruari. 'Honaino helduta, aukera honek ezin digu ihes egin', pentsatu genuen denok.

Zer sentitu zenuen azken segundoko txirrina entzundakoan?

Gogoratu ere ez naiz egiten markagailuan zenbatean geratu ginen. 30 segundo falta zirela, taldekideak negarrez kantxaratu ziren, puntuetan tarte nahikoa geneukalako. Aulkian zeudenak ere negarrez hasi ziren, eta harmailetan aztoratuta sumatzen genituen gernikarrak. Hunkitu egiten naiz gogoratze hutsarekin.

Nolakoa izango da datorren denboraldia?

Oso gogorra. Hor dago Galdakaoren adibidea: aurreko sasoian igo ziren, eta ezin izan diote eutsi mailari. Argi daukat sufritzea egokituko zaigula. Lan asko egin beharko dugu, eta sailkapeneko behealdean egongo gara. Baina lanak emango dizkiegu; horixe izango da gure helburu bakarra.

Kluba zer moduz dabil diru kontuekin? Beldurrik badaukazue?

Ez, ez. Ziurra da maila gorenean jokatuko dugula. Nola edo hala lortuko dugula esan digu presidenteak, nahiz eta badakigun ekonomikoki ez gabiltzala ondo. Ez dugu asko pentsatu datorren sasoian, igo izandako euforia horrekin baikaude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.