Zaldi lasterketak Euskal Herrian

Ezezagun ezaguna

Hamalau urte zituela Frantziara joan zen Ioritz Mendizabal, ametsa egia bihurtzera. 24 urte geroago, munduko zaldi gidaririk onenetakoa da oiartzuarra. Euskal Herrian inoiz izan den jockeyrik onena da bera.

Donostia
2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Marseillatik barrena, Pauera bidean doa. Egunero izaten du zaldi lasterketaren bat, eta, horregatik, hegazkinean, trenean edo autoan atzera eta aurrera pasatzen du eguna. Ohituta dago. Munduko jockeyrik onenetakoa izateak berekin dakarren ondorioa da hori. Prestatzaile askoren deiak jasotzen ditu egunero, euren zaldiak gidatzeko eskatuz. Ohorea da haientzat eurek entrenatutako zaldien gainean ikustea Ioritz Mendizabal (Oiartzun, Gipuzkoa, 1974). Badakite haren aldeko apustua eginda, garaipena gertu izango dutela. Hamalau urte zituela erabaki zuen bere etorkizuna. Mont-de-Marsanera joan zen orduan. Jockey izan nahi bazuen, ez zuen beste aukerarik. Urte asko joan dira ordutik, eta dagoeneko lau Urrezko Zartailu eskuratu ditu.

Goizeko seietan jaikitzen da egunero, eta zaldiak entrenatzera joaten da hipodromora. Goiza han igaro, eta lasterketak jokatzen diren hirira abiatzen da segidan. Hamabiak edo ordu bata aldera hasten dira normalean. Hori da bere bizitzaren erritmoa. Eta ez da nazkatu oraindik. Euskal Herrian ez bezalako ospea eta izen ona lortu ditu Frantzian. Gustura dago lanarekin, eta ez du herriminik sentitzen. Bere ametsa egia bihurtzen ari da pixkanaka. Zaldi lasterketak Euskal Herrian hain ezagun ez izatearen errua «komunikabideena» dela uste du. «Ez da hitz egiten edo idazten zaldi lasterketen inguruan, eta beraz, jendeak ez du jarraitzen. Futbola, futbola eta futbola. Besterik ez dago. Denei gauza bera interesatzen zaie; egunkarietan idazten dutena baino ez». Onartuta dauka. Jendeari ezin zaio gustatu ikusten ez duen zerbait. Interesatzen zaionaz bakarrik irakurtzen du gizarteak. Gogorra da, halere, bere herrian merezi duen aipamen eta onarpenik ez lortu izana.

Iragan udan omenaldi hunkigarria egin zion Donostiako Hipodromoak. Mendizabalek izugarrizko poza sentitu zuen halako aitorpena jasotzean. «Beti dira ederrak omenaldiak, zerbait ondo egiten ari zaren seinale da». Etxe ondoan egin izanak, gainera, are eta poz handiagoa eman zion Mendizabali. Ondoan izan zituen familia eta lagunak. Hainbeste lorpen eta titulu etxetik urrun irabazi eta gero, behingoz bazuen norekin partekatu orduko zoriontasuna.

Azken hilabeteetan Japonian ibili da. Han ere zaldi lasterketekiko izugarrizko zaletasuna dago. «Frantzian baino askoz ere handiagoa», dio Mendizabalek. «Oso esperientzia ona izan da hara joan eta gauza berriak ikustea. Gehiago ikasteko balio izan dit». Gauza asko «ezberdinak» direla aitortu du. «Frantziako zaldi lasterketekin alderatu ahal izan dut. Ezberdina da jendeak zer-nolako arreta eta gogoa jartzen duen. Apustuak ere askoz gehiago egiten dira han. Biak ezagutu dituenak badaki zer esan nahi dudan. Azkenean, bakoitzak bere aukera egiten du».

Zaldi lasterketak. Besterik ez du buruan. Ez du faltan sumatzen bestelako bizimodu bat eduki ez izana. Orain arte lortu duena urte askotako lanaren emaitza da. Onartzen du zortea ere lagun izan duela tartean-tartean, ezagutu duen jendeak asko lagundu baitio. Urtea hasi besterik ez da egin. Hamar hilabete luze gelditzen zaizkio denboraldia amaitzeko. Orduan jakingo du Mendizabalek 2012ko Urrezko Zartailua irabazi duen ala ez. Bitartean ahalik eta lasterketa gehien irabazten jarraitu nahi du. Hori da bere helburua. Lasterketak irabaztea. Besterik ez. Ez du etorkizunean pentsatu nahi. Ez ditu zaldiak ahaztu nahi. 14 urte zitueneko irrika harekin jarraitzen du oraindik ere oiartzuar ezezagunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.