Futbola. Osasuna Kopako finalean

Ezeren gainetik, gozatu

20.000 zale inguru izango dira larunbatean Sevillan, Osasuna hauspotzen. Tartean izango dira hainbat aurpegi ezagun. 2005. urteko finalean gertatu bezala, egun gogoangarria izatea espero dute, eta oraingo honetan titulua Iruñera ekartzearekin amesten dute.

Iosu Ganuza. IDOIA ZABALETA / FOKU.
pettan uralde
2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Sevillan edo etxean. Baina Arnaitz Fernandezek, Iera Agirrek, Iosu Ganuzak eta Uxue Razkinek adi-adi ikusiko dute larunbateko Osasunaren Kopako finala. Talde gorritxoaren zaleak dira, eta urteetan sufritu ondoren, gozatzeko garaia dela nabarmendu dute. Uste dute zaila izan arren irabaztea posible dela, eta finalean egote hutsari balio handia eman diote.

1. UXUE RAZKIN
Erein argitaletxeko editorea





«Uste dut irabaziko dugula»

Uxue Razkinek (Iruñea, 1992) etxetik urrun ikusiko du finala. Baina ez da Sevillan izango, Zarautzen (Gipuzkoa) baizik, Literaturia literatur jaialdian. «Zortzietan bukatu, eta taberna batean ikusiko dut. Bikotekidea engainatu dut, eta elkarrekin ikusiko dugu finala, beste kide batzuekin batera».

Aurkariaz ere aritu da, eta «zaila» izango den arren, ez dio beldurrik Real Madrili. «Badakigu oso talde indartsua dela, eta jokalari oso onak dituztela. Hala ere, Osasuna gai da hari aurre egiteko, eta talde indartsuen aurka erakutsi dute irabaz dezaketela. Uste dut irabaziko dugula».

13 urte besterik ez zuen Osasunak Vicente Calderonen Kopako finala jokatu zuenean, Betisen aurka. Ongi gogoratu du kalean zegoen giroa. «Finala zirraragarria izan zen. Halere, partida etxean ikusi genuen, familia guztia elkarturik, eta luzapenean oso urduri egon ginen».

Orokorrean, «pozik» dago taldearen egoerarekin. «Pozgarria da ikustea taula erdian geratu ohi garela, gehiegi sufritu gabe eta ongi lan eginez. Final hau horren erakusle da: lan onaren emaitza, hain zuzen. Batzuetan ez da saria lortzen, baina aurten merezi izan dute».

Uste du Osasuna gaur egun dena taldeak duen nortasunak eman diola, eta horren erakusle direla zaleak. «Zaila da garai txarretan indarra erakustea, eta Bigarren Mailan, adibidez, gehiago kostatzen da. Hala ere, nortasuna ez dugu inoiz galdu».

2.IOSU GANUZA
Euskalerria Irratiko esataria



«Gozatzea espero dut, eta zaleen festa handi bat izatea»

Larunbateko partida Sevillan ikusiko du Iosu Ganuzak (Atarrabia, Nafarroa, 1989), Euskalerria irratiko esatari gisa. Ilusio handiz gogoratu ditu Osasunako zale moduan igaro dituen urteak, eta «pozik» dago taldeak duen egoerarekin. «Nerabe bat nintzela, 2005eko finala bizi izan nuen, eta ikusgarria izan zen. Geroztik, itxaropentsu nengoen, horrelako beste partida handi bat noiz iritsiko zain, baina ez da iritsi aurtengo denboraldira arte».

Baikor da. «Gozatzea espero dut, eta zaleen festa bat izatea, bai Sevillan, bai Iruñean. Osasunak irabazteko asko du, eta galtzeko gutxi».

2005eko finala ongi gogoratzen du. Aitak ahalegin handiak egin behar izan zituen berarekin joan ahal izateko, eta, azkenean, elkarrekin joatea lortu zuten. «John Aloisiren gola ospatzea ikaragarria izan zen, eta bazirudien partida irabaz genezakeela. Atzera begira, sentsazio gazi-gozoak utzi zizkigun finalak, baina egun ederra pasatu genuen».

Berriro final batean egoteak zaleak «piztu» egin dituela dio. Gainera, aipatu du Osasunak zale berriak erakarri dituela. «Orain gutxi arte, ume asko ikusten ziren Bartzelonaren, Real Madrilen edo bestelako taldeen elastikoekin, eta Osasunarena oso gutxik zeramaten. Aro ilun baten ostean, urrezko aro bat bizitzen ari gara. Dagoeneko haurrek Osasunako elastikoa daramate».

Aurtengo denboraldia «denek» gogoratuko dutelakoan dago Ganuza. «Salbazioa erraz lortu dugu ligan; Kopan, sufrituta, finalera iritsi gara, eta momentu batzuetan betiko Sadar berreskuratu dugu. Gainera, entrenatzaile euskaldun batekin, nortasun euskalduna duen talde batekin, jatorri ezkertiar eta anitzekoa. Euskal Herrian berriro jarri da Osasunaren izena talde handien artean».

3. ARNAITZ FERNANDEZ
Meteorologoa



«Argi daukat: Sevilla gorritxoa izango da»

ETBko eguraldiko esataria da Arnaitz Fernandez (Iruñea, 1995) Sevillan izango da larunbatean. Dagoeneko, plana eginda dauka, eta «gogo handiz» dago eguna iristeko. «Jai hartu dut ostiralean eta astelehenean; beraz, egun horietan ez dut eguraldiaren berri emango. Ostiralean autobusa hartuko dut familiarekin eta lagunekin, eta larunbatean Sevillan egongo gara, giroaz gozatzen».

Partidak duen zailtasunaz jakitun izan arren, ez dio inork amesteko gogoa kentzen, eta zaleek «zeresan garrantzitsua» izango dutela dio. «Argi daukat Sevilla gorritxoa izango dela. 20.000 pertsona baino gehiago goaz Euskal Herritik, eta uste dut Madrilgo zaleek baino zarata handiagoa aterako dugula. Giro paregabea izango dugu, eta ea guk ere bultza egin dezakegun partida irabazteko».

2005eko finala urruti geratzen zaion arren, oroitzapenak ditu egun hartaz. «9 edo 10 urte besterik ez nuen. Iruñean ikusi nuen gurasoekin batera. Batez ere Aloisik buruz sartu zuen golaz gogoratzen naiz, zoramena izan zen. Partidaren ostean, zaleek elkar kontsolatzen zuten, beste aukera bat izango genuelakoan. Azkenean, aukera hori aurten iritsi da. Ea lortzen dugun».

Asko sufritu dute Osasunako zaleek ordutik, eta, Fernandezen hitzetan, «esanahi handia» du Osasuna berriro horrelako partida batean egotea. «Asko sufritu dugu zelai barruan eta kanpoan, eta urte horietara begiratu behar dugu, nondik gatozen eta zer lortu dugun ikusteko. Merezi dugu orain gozatzea».

Jagoba Arrasateren lana nabarmendu nahi izan du Fernandezek. Gorritxoen bolada onaren errudunetako bat dela nabarmendu du. «Urte ederrak eman dizkigu Lehenengo Mailan. Kopako final batera iristea jada arrakasta itzela da».

4. IERA AGIRRE
Pilotaria



«Partida bakarrera izanda, garaipenarekin amestu dezakegu»

Etxean ikusi beharko du finala Iera Agirrek (Leitza, Nafarroa, 1987). Ez du inolaz ere partida galtzeko asmorik, Ados Pilota klubeko lehendakariordeak. «Partidak izango ditut asteburuan, eta, oraindik ondo jakin ez arren, herrian ikusiko dut finala».

Egun gutxi geratzen dira finalerako. Agirre pozik dago, eta badaki egun «oso berezia» izango dela gorritxo guztientzat. «Partida zaila izango da, noski. Real Madrili eta halako taldeei irabaztea oso zaila da. Hala ere, badakigu nolakoa den Osasuna, eta partida bakarrera izanik, garaipenarekin amestu daiteke».

Kirolaria izanda, badaki zein zaila den final bat jokatzea. Osasunari hala gertatu zaio. «Urte mordoa pasatu dira azken finaletik, eta ikusita urte hartatik gertatu den guztia. Horrelako final batean egotea lortzea oso zaila izan da, eta ea egun handi bat bizitzen dugun alde guztietatik».

Iruñeko taldearen azken urteen errepaso txiki bat eginez, Agirrek badaki urte «zailak» pasatu dituztela, eta orain gozatzea tokatzen dela. «Uste dut horrek ere egiten gaituela berezi. Asko sufritutakoak gara, eta horrelako arrakastei balio handiagoa ematen diegu».

Gertatzen dena gertatzen dela, Agirrek azpimarratu nahi izan du Osasunaren bideak orain arte bezala jarraitu behar duela. «Irabazi edo galdu, beti gaude zaleak eta taldea batera, eta Sadarren ikusten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.