Futbola. Polonia eta Ukrainako Eurokopa: Espainia-Italia finala

Ezer ez da lehengo bera, edo bai

Espainiak ez dio sekula Italiari irabazi Munduko Kopako eta Eurokopako neurketetan, ez behintzat partidak irauten duen arauzko 90 minutuetan. Lau alditan irabazi du Italiak, eta hirutan berdindu egin dute.

2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Nork esan halakorik duela hiru aste? Espainiak eta Italiak hilaren 10ean ekin zioten Eurokopari. Egun berean, ordu berean, leku berean, zelai berean. Multzoko faseko lehen partida jokatu zuten elkarren aurka Gdansk Arenan, azken bi Munduko Kopetako garaileek. Emaitza justizia egiten duen horietakoa izan zen. Bana berdindu zuten.

Egun hartaz geroztik, bere bidea egin du bakoitzak. Espainiak hiru partida irabazi, eta bi berdindu ditu. Italiak hiru berdindu ditu, eta bi irabazi. Zortzi gol sartu dituzte espainiarrek orotara txapelketan. Sei baino ez italiarrek. Bide ezberdinak egin dituzte bai, baina helburu bera zuten buruan. Bihar, bi herrialdeek finala jokatzen dutenean, ezer ez da izango lehengo bera. Edo bai.

Espainiak ez baitio sekula Italiari irabazi elkarren aurka aritu diren 90 minutuko neurketa ofizialetan. Munduko Kopako eta Eurokopako zazpi kanporaketa jokatu dituzte denera; lau alditan Italiak irabazi du eta hirutan berdindu egin dute. Historian zehar, azzurri-ek halako horma lodi eta garai bat eraiki dute espainiarren kaltetan.

1934ko Munduko Kopan eraiki zuten horma horren lehen zatia. Final-laurdenak ziren, eta Italiak eta Espainiak bana berdindu zuten. Hurrengo egunean jokatu zuten berdinketa hura hausteko neurketa, eta italiarrek ez zuten hutsik egin (1-0). 1980an, Italian jokatu zen Eurokopan egin zuten topo. Oraingoaren aldean txapelketak beste sistema bat zuen garai hartan. Azken fase moduko bat jokatzen zen orduan, eta bertan ziren elkarren aurka Espainia eta Italia. Hutsean berdindu zuten.

Presio ezberdinarekin

Zortzi urte geroago, 1988ko Eurokopan azurri-ek espainiarrak kanporatu zituzten, Frankfurten jokatu zuten partidan. 1-0 amaitu zen neurketa hura. 1994an Bostonen jokatu zen Munduko Kopako final-laurdenetan topatu ziren berriz, eta orduko hartan 2-1 nagusitu zen Italia. Epaileak espainiarren aldeko penalti bat ez adierazi izanak estali zuen italiarren garaipena. 2008ko Eurokopan etorri zen ordukoaren errebantxa. Final-laurdenetako partida zen, eta partida hutsean amaitu zen arren, penaltietan erabaki zen dena. Espainiaren alde, noski.

Kanporaketaz kanporaketa joan dira helburuak jartzen Cesare Prandellirenak eta Del Bosquerenak Eurokopa honetan. Espainiarrek, azken bi txapelketa nagusiak irabazi izanagatik, presio puntu batekin ekin zioten txapelketari. Kopa irabazteko faborito kartelarekin, alegia. Italiak, aldiz, beste batzuei utzi zien presiopean egotearen sentsazioa. Urteetan erakutsitako maila ona galdua zuela sinetsarazi zion munduari. Eurokopa hasi baino lehen Italian ligako partidak erosteagatik lehertu zen eztabaidak, gainera, ez zion batere mesederik egin.

Prandellik zuzendutako taldeak lehen fasean eman zuen itxurak arrazoia eman zien talde harengan usterik ez zutenei. Behin finalera iritsita, ordea, presio gutxirekin jarraitzen dute italiarrek. Prandellik berak dio finala irabazteko faboritoa Espainia dela.

Baina nork daki. Zortzigarren aldiz istorio bera errepikatuko da. Elkar ondo ezagutzen duten bi aurkarik bihar berriz elkarren aurka jokatzen dutenean, ordea, ezer ez da lehengo bera izango. Edo bai. Denbora asko igaro da Italiak Espainiari irabazten zion garai hartatik. Eurokopa bat eta Munduko Kopa bat irabazi dituzte espainiarrek. Bizitza iraultza etengabea da. Eta futbola ere bai. Dena aldatu edo ez aldatu, kontua da bihar nork irabaziko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.