Ezer ez da betiko

Dominion Bilbo Basketek denboraldiko lehen partida galdu du ligan, Andorraren kantxan (85-81). Joventuten aurka ariko da gaur Baskonia

Hervelle eta Borg Bilbo Basketeko jokalariak, atzo, Albicy Andorrako jokalariaren pasea moztu nahian. F. GALINDO / EFE.
unai zubeldia
2016ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Dominion Bilbo Basketek gozatu ederra hartu zuen joan den astean, ACB ligako laugarren jardunaldian Bartzelona 92-79 mendean hartuta. Lider sendoa zela sinesten hasita zegoen Bilboko taldea, baina asteazkenean amore eman behar izan zuen Eurokopan, Alba Berlinen aurka (77-85), eta baita atzo ere, Andorraren kantxa zailean (85-81). Hori bai, epaileek zeresan handia izan zuten atzo, bederatzi segundo falta zirela legez kanpoko falta eztabaidagarria adierazi ziotelako Mumbruri. 81-81 berdinduta zegoen partida, eta erabaki horrek desorekatu zuen lehia. 22-19 lehen laurdenean, 43-39 atsedenaldian eta 61-56 hirugarren laurdenean, oso orekatua izan zen lehia, baina bilbotarrek amore eman behar izan zuten azken jokaldian. Lau garaipen eta porrot batekin daude orain.

Baskoniak gaur jokatuko du bosgarren jardunaldiko partida, Joventuten aurka (12:30). Euroligako porrota ahazteko aukera daukate gasteiztarrek, jokatutako lau partidak galduta daudelako kataluniarrak. Oso lehia berezia izango da Sito Alonso Baskoniako entrenatzailearentzat, Joventutekin egin zuelako debuta ACB ligan, 2008-09 denboraldian. Erasoan Adam Hanga eta Andrea Bargnaniren mendekotasuna errotik moztea izango da gakoetako bat partida irabazteko.

Gernika Bizkaia, lider

Handia egin zuen atzo Lointek Gernika Bizkaiak Espainiako Ohorezko Mailako seigarren jardunaldian. Erronka zaila zeukan etxean, Perfumerias Avenida liderraren aurka, baina 62-51 hartu zuen mendean, eta, gaurko emaitzen zain, lidergoan daude bi talde horiek, bost garaipen eta porrot bakarrarekin —bost lehiak irabazita dago Girona, eta gaur jokatuko dute kataluniarrek, Quesos El Pastorren aurka—. Bizkaitarrek irabazi egin dituzte azken bost partidak. Erabakigarria izan zen Maria Pinak eta Lolina Carterrek uztaipean egin zuten lana; 15 puntu saskiratu zituen Pinak, eta 13 Carterrek.

Euskal taldeentzat oparoa izan zen jardunaldia, irabazi egin zutelako IDK Gipuzkoak eta Lacturale Araskik ere. IDK-k Al-Qazeres hartu zuen mendean, 66-41, eta Araskik Cadi La Seu, 62-68. Sailkapenean bederatzigarren postuan daude donostiarrak, bi garaipen eta lau porrotekin, eta bosgarren gasteiztarrak, lau garaipen eta bi porrotekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.