Euskadiko Futbol Federazioko presidentea

Javier Landeta: «Ezer egiten ez dugula uste duena ezingo dut konbentzitu»

Futbol profesionalean gero eta partida gehiago jokatzeak Euskadiko Futbol Federazioaren lana zailtzen duela uste du Landetak, partidak lortzeko zailtasunagatik. Pozez hartu du ofizialtasunaren gaia berriro gizarteratzea.

(ID_13705179) (Aritz Loiola/@FOKU) 2024-03-15, Bilbo. Javier Landeta Euskadiko Futbol Federazioko presidentea
Javier Landeta, Euskadiko Futbol Federazioko presidentea. ARITZ LOIOLA / FOKU.
inaut matauko rada
2024ko martxoaren 21a
05:00
Entzun

Larunbateko Uruguairen aurkako partida lehena izango da Javier Landetarentzat (Leioa, Bizkaia, 1959) Euskadiko Futbol Federazioko presidente gisa. Partidak lortzeko zailtasuna dutela onartu du, baina nabarmendu lan eta lan dabiltzala.

Pasatu dira lau urte azken partidatik. Gogotsu zaudete?

Bada, imajinatu ezazu. Ia lau urte pasatu dira azken partidatik. Eta ez da hori soilik: publikoa bertan zela egin zen azken partidatik denbora are gehiago pasatu da. Duela hiru urte, federazioan sartu ginenean, partida bat jokatu ahal izateko lanean jarri ginen. Gure helburu nagusienetako bat baita. Horrenbesteko lana egin ostean, ilusio eta gogo ikaragarria dugu. Hala ere, nabarmentzekoa da 2021ean eta 2022an emakumezkoen taldeak jokatu dituela partidak, baina ez genuen lortu gizonezkoen taldearentzat partida bat ixtea orain arte. Kontaktu eta bilaketa asko egin behar izan ditugu, ez baita soilik aurka jokatzeko talde bat aurkitzea: norgehiagokarako data bat ere hitzartu behar da, eta hori gero eta zailagoa da, egutegiak oso itxiak baitira. Zailtasun horiek ikusita partida bat lotzea, eta, gainera, Uruguairen gisako selekzio baten aurka jokatzea, bada, pentsa zer gogo dugun.

Zergatik luzatu da horrenbeste?

Esan dudanagatik. Eta inork ez dezala beste arazorik bilatu. Errealitatea da ez dugula lortu talderik edo egunik ixtea. Duela bi urte-edo gertatu zitzaigun partida bat lotuta edukitzea, baina, azkenean, Espainiako Federazioak atzeratutako partida bat jarri zuen egun horietan, Real Madrilen eta Athleticen artekoa. Iazko abenduan antzekoa gertatu zitzaigun: 21ean partida bat jokatu nahi genuen, egun horretan ez baitzegoen euskal taldeen partidarik Espainiako Ligan, baina azkenean hiru euskal taldek jokatu zuten egun horretan, eta genuen konpromisoa puskarazi ziguten. Zaila da agendan leku bat duten talde bat topatzea. Gainera, gero eta txapelketa gehiago daude. Eta horri gehitzen badiozu behin lortzen duzunean azkenean ezin duzula jokatu... Desilusio momentuak izan ditugu horregatik, eta, halako partida bat lortuta, bada, jakin dezakezu zenbateko gogoa dugun.

Talde handi bat izango duzue aurrean, munduko txapeldun izandakoa. Prest ikusten duzu euskal selekzioa?

Uste dut Euskal Herrian baditugula nahikoa prest dauden jokalariak Uruguairi aurre egiteko. Iaz Hego Amerikako taldeen aurka jokatu zituen partidetan frogatu zuen maila goreneko taldea dela, baina Euskal Herriko taldeak oso garai onean daude, eta ziur nago Uruguairen aurka parez pare jokatuko duen talde bat egingo dugula.

Euskal taldeak oso ondo daude. Euskal selekzioa lehen mailako taldea dela uste duzu?

Uste dut baietz, baina ez Euskadiko Futbol Federazioaren presidente izateagatik, futbolzalea izateagatik baizik. Baina zelaian demostratu beharko da hori. Gure taldeek zer-nolako maila duten ikusita, badakigu bertako jokalariak maila on horretan lehiatzeko gai direla. Askotan ez dakizu zergatik den: jokalari onak izateagatik ari diren gure taldeak maila gorenean, edo alderantziz. Hala ere, ez ditugu Euskal Herriko talde profesionaletan jokatzen duten jokalariak soilik; kanpoan maila gorenekoak ere baditugu. Baita entrenatzaileak ere. Horregatik uste dut euskal futbola lehen mailakoa dela. Espero dut euskal selekzioa horren erakusle izatea.

Emakumezkoen taldeak ere ondo ari dira lehiatzen. Noiz jokatuko dute haiek hurrengo partida?

Horretan lanean gabiltza. Lanean ari garela diodanean, afera guztiei buruz ari naiz, neskak eta areto futbola barne, esaterako. Euskal selekzioak ahalik eta partida gehien jokatu behar ditu ahalik eta maila gehienetan. Emakumezkoen hurrengo partida aurten jokatzea nahi dugu; ezin gara lokartu. 2021ean eta 2022an jokatu zuten, eta 2023an ez zen posible izan, baina aurten jokatzea nahi dugu. Ez dakigu etxean ala kanpoan izango den, aukerak baititugu kanpoan jokatzeko, bai gizonezkoen taldearekin, bai emakumezkoenarekin. Euskal gizartearentzat ez da hain erakargarria, ezingo ginatekeelako partida ikustera joan, baina interesgarria da euskal selekzioaren irudia munduan zabaltzeko.

Jagoba Arrasate da hautatzaile berria. Zer dela-eta hautatu duzue Arrasate?

Jagobarekin oso erraza izan da, eskatzen genituen gauza guztiak betetzen baititu. Interesatzen zitzaigun lehen gauza jardunean dagoen entrenatzaile bat izatea zen. Bigarrenik, gaztea izatea. Bestalde, talde on batean aritzea, baita maila goreneko entrenatzailea izatea ere. Entrenatzaileak euskal selekzioaren balioekin, ideiarekin, sentimenduarekin eta gogoekin bat egitea ere nahi genuen. Horiek guztiak betetzen zituen Jagobak; eta, azkenik, pertsona bikaina dela. Bihotzez diot.

Nolako harremana izan duzue Osasunarekin?

Jagobarekin hitz egin genuen, eta hark hitz egin zuen klubarekin. Osasunak asko erraztu dio bidea Uruguairen aurka aulkian egoteko. Asko eskertzen diogu klubari.

Noiz arte egongo da aulkian?

Partidaz partida joango gara. Espero dugu ahalik eta lasterrena beste partidaren bat jokatzea, baina ez dakigu zehazki zein izango den une bakoitzeko egoera. Laster beste partida bat jokatzen badugu, eta Jagobak ahal badu, gure hautatzailea izaten jarraituko du, noski.

Ofizialtasunaren alorrean, beste taldeetako federazioekin elkarlanean zabiltzate?

Hau denon lana da, garbi baitago indarra taldean erakutsi behar dugula. Federazioen batasuna lanean ari da horretan, eta ondo gainera, nire ustean behintzat. Guk, lan horretaz harago, kirol alorrean batez ere lanean jarraitzen dugu; horregatik uste dugu larunbateko partida garrantzitsua dela ofizialtasuna lortzeko, talde onenen aurka ahalik eta partida gehien jokatu behar ditugu eta. Hala ere, zelai askotan jokatzen da ofizialtasunaren afera. Guri partidak antolatzea dagokigu, baina ohartu behar dugu gure eragiteko eremua mugatua dela; horregatik, mundu soziopolitikoa ere mugitu behar da.

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak datoz laster. Zer eskatzen diezue alderdiei?

Badakit alderdi batzuk lanean ari direla horretan, eta ez hemen bakarrik, baita Espainiako Kongresuan ere. Baina badakit beste batzuk ere ez direla mugitzen. Denei eskatuko nieke ofizialtasunaren gaia agendan izateko, aurrerapausoak emateko, baita federazioek babes gehiago izan dezagun ere.

FIFA, UEFA eta bestelako erakunde indartsuak dituzue aurrean. Nabaritzen al duzue indar korrelazioa?

Haiek garbi utzi dute ofizialtasunaren gaian itxita daudela; horregatik diot beste eremu batzuetan egin behar dugula lan, egoera aldatzeko. Esan bezala, talde lana da, eta horri eutsi behar diogu.

Badira federazioa kritikatzen dutenak, ofizialtasunaren bidean gutxi egiten ari direla argudiatuz. Zer esango zenieke?

Futbolak duen oihartzuna kontuan izanda, Euskadiko Futbol Federazioak egiten duenak garrantzitsuak diren beste kirol batzuetan egiten dutenak baino inpaktu handiagoa du; gauzak hala dira. Uste dut ofizialtasunaren gaia bigarren mailan egon dela azkenaldian, eta partidak berriro atera duela; beraz, pozten naiz gaiaren katalizatzaileak izateaz, benetan sinisten baitugu ofizialtasunean. Eta ezer egiten ez dugula uste duena ezingo dut konbentzitu, ziurrenik federazioaren oso aurka ariko baita pentsatzen, baina ez dut ulertzen zergatik pentsatzen duen hori jendeak. Errealitatea da federazioaren zuzendaritzan gaudenetik horretan gabiltzala lanean. Badakigu oso zaila dela; horregatik, urratsak kontu handiz egin behar ditugu helburu txikiak lortuz joateko. Eta azkenean lortu dugu pauso handi bat ematea: Uruguairen aurkako partida lortzea. Eta nahi dut martxoaren 23an kirol garaipen bat ospatzeaz gain garaipen soziala ere ospatzea.

Zer egin da azken partidatik hona?

Uste dut garbi utzi dudala zer egin dugun. Baina Eusko Legebiltzarrean ere izan ginen azaltzeko zer egiten ari ginen, eta alderdi guztiei eskatu nien elkarrekin lanean aritzeko.

Nola ikusten duzu orduan selekzioaren etorkizuna?

Ilusioz, baina zaila ere. Horregatik ari gara lanean egunez egun, eta talde bat dugu lanean larunbateko partidak bezalako ekitaldiak lortzeko. Baina futbolaren agenda gero eta estuagoa da. Herrialdeetako txapelketetan gero eta partida gehiago daude, kontinenteetako txapelketetan ere, baita selekzioen futbolean ere. Gero eta partida gehiago daude, eta ez dago datarik libre, horregatik uste dut etorkizuna zaila dela. Baina ikusita martxoaren 23rako partida bat lortu dugula, ezin dugu pentsatu gehiago lortuko ez dugunik. Positiboa naiz, baina egoerak are lan gehiago egitera behartzen gaitu. Izan ere, ideia garbi bat badugu, ezin dugu alde batera utzi, eta ez dugu alde batera utziko. Jada bilatzen ari gara beste partida bat; oxala ekainerako lortu ahal badugu, edo irailerako, edo abendurako.

San Mamesen jokatuko da, Euskal Herriko estadio handienean. Jakinda zale talde batzuek esan dutela ez direla partidara joango , nola doa salmenta?

Salmenta ondo doa. Pozik gaude, eta espero dugu aste honetan gorakada handi bat egotea. Zer nahi dugun? 50.000 ikusle gainditzen baditugu, izugarria izango da, baina 30.000tik gora pertsona gerturatzea lortuz gero ere pozik egongo ginateke. Eta partidara joango ez direnei esango nieke halako aukerak ez direla galdu behar, festarako, kirolaz gozatzeko eta aldarrikapenerako egun bat izango baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.