Zimurren bat edo beste gehiago agian? Prestaketan aldaketa txikiren bat edo beste akaso? Taldekideen zerrendan baten bat falta izatea eta besteren bat fitxatzea ziurrenik? Bai, urtebete ez da igarotzen alferrik, baina Huyko hormara gerturatu, eta berdina da argazkia: Anna van der Breggen (Rabobank) eta Alejandro Valverde (Movistar) bi besoak altxatuta. Atzo faborito argiak ziren biak Fleche Wallone klasikoan, eta nagusitasunez hartu zituzten mendean aurkariak. Herbeheretarrak Boels Dolmanseko bikoa utzi zuen ezinean —Evelyn Stevens eta Megan Guarnier—, eta espainiarrak, Etixxeko bikoa —Julien Alaphilippe eta Dan Martin—.
Urtebetean hain gauza gutxi aldatu da Huyko horman, podiumera igo ziren sei txirrindularietatik lauk iazkoa izango zuten gogoan. Gizonezkoetan, Valverde, Alaphilippe eta Michael Albasini (Orica), horixe izan zen iazko podiuma, eta Valverde, Alaphilippe eta Dan Martin aurtengoa; emakumezkoetan, berriz, Van der Breggenek, Annemiek van Vleutenek (Orica) eta Guarnierrek hartu zuten gozatua iaz, eta Van der Breggenek, Stevensek eta Guarnierrek aurten.
Fleche Wallonek sekretu handirik ez daukan seinale. Txirrindulari batzuen neurrira egindako klasikoa da, eta horietako bi dira Valverde eta Van der Breggen. Espainiarraren kasuan, atzo laugarrenez altxatu zituen bi besoak Huyko horman (2006, 2014, 2015 eta 2016), eta bakar-bakarrik gelditu da garaipen zerrendaren goiko muturrean —bigarren izan zen 2007an, Davide Rebellinen atzetik—. Ikusgarria izan zen Movistarreko txirrindulariak egin zuen azken igoera, ohi baino dezente lehenago jarri zelako tropel buruan, egoera kontrolatuz.
Joaquim Rodriguez (Katuxa) alde batean; Dan Martin eta Alaphilippe bestean; Wouter Poels (Sky) atzerago... Eta Valverde bera erritmoa jarriz. Rodriguez mugitu zen lehenengo, eta Etixxeko bikoa gero, baina nahi izan zuen moduan irabazi zuen espainiarrak. «Amets baten gisakoa da Fleche Wallone laugarrenez irabaztea», adierazi zuen helmugara iritsi eta minutu gutxira. «Zoratzen nago, taldeak egin duen lanagatik batez ere. Aurreko urteetan baino are hobeto nengoen, eta urduritu egin nau horrek. Zorionez, ordea, distantzia kalkulatu, eta garaipena lortu dut».
Taldea goratzeko lanean, goi-goian jarri beharrekoa da Ion Izagirre, Bob Jungelsekin (Etixx) batera ihesean joan, eta gainerakoei lan eginarazi zielako ormaiztegiarrak. Hiru kilometro falta zirela hamabost segundoren aldea ere izan zuen bikoak, Tim Wellems (Lotto) atzetik aurrera etorri berritan. Baina, ohi bezala, tropel nagusia tentsioan eta bat eginda iritsi zen Huyko azken igoerara.
Sergio Luis Henaorentzat (Sky) aproposa izan zitekeen aldapa horretara. Baina kolonbiarra ez zen abiatu atzo. Klasikoa hasi baino minutu gutxi lehenago jakinarazi zuen Skyk albistea: «Henao behin-behinean lehiaketetatik kanpo gelditu da, Txirrindularitzako Dopinaren Aurkako Elkarteak 2011ko abuztutik 2015eko ekainera arteko pasaporte biologikoaren datu gehiago eskatu ondoren». 2014an taldeak berak ikerketa egin zuen, eta behin-behinean lehiaketetatik kanpo utzi zuen txirrindularia. Baina ohiko jardunetik kanpoko ezer ez zuten aurkitu orduan.
Van der Breggenen kontrola
Gizonezkoena baino hogei minutu lehenago hasi zen emakumezkoena, baina antzera amaitu zen, Van der Breggenen Huyko nagusitasunarekin. Selekzio gisako talde erraldoia zeukan Rabobankek, eta ihesaldiak kontrolpean izan zituen une oro. Boels Dolmansek World Tourreko proba guztiak irabazita zeuzkan orain arte, baina Stevens eta Guarnier gurpiletik atera zituen herbeheretarrak. Bikain aritu zen Ane Santesteban ere (Ale Cipollini), eta 16. postuan helmugaratu zen, irabazlearengandik minutu batera. Jokoetarako puntuak pilatzen jarraitzen du.
Ezer askorik ez du aldatu denborak
Iaz gertatu bezala, Alejandro Valverdek eta Anna van der Breggenek nagusitasunez irabazi dute Fleche Wallone klasikoa. 16. postuan amaitu du Ane Santestebanek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu