Nahiko lasai bizi naiz». Ez da errezeta txarra. «Berrizen bizi arren, Ermu inguruan ibiltzen naiz normalean». Igor Astarloak (Ermua, Bizkaia, 1976) Ogi Berri okindegia ireki zuen duela bost urte bere jaioterrian. «Eta bertan egoten naiz tarteka». Ahal duen guztietan bidaiaren bat egin zalea da, ordea, bizkaitarra. «Mendiko bizikleta hartuta, Australian ibili berri naiz, bi lagunekin. Iparraldetik Sydneyraino, 2.000 kilometro egin ditugu ekialdeko kostatik». Hiru aste barru, berriz, Italiako Girora joango da, hilabeterako. «Gonbidatu egin naute eskuterrarekin lasterketaren buruan joateko».
Profesionaletan nahiko pedalkada emanda, Astarloak argi zeukan bere bidea ez zela zuzendari izatea. «Konpromiso handia eskatzen du lan horrek, urte guztia igaro behar izaten delako etxetik kanpo. Nahiago nuen neure kasa jardun». Horrela irabazi zuen 2003ko Fleche Wallone klasikoa ere, bere kasa; Ardenetako bigarren proban ezohikoa bada ere, ihesaldian sartu zen bizkaitarra, eta azken unean hartu zion aurrea Aitor Osari. Munduko Txapelketako garaipena iritsi zen gero. «Huraxe izan zen urterik oparoena». Onartu du tarteka gustatzen zaiola atzera begiratzea, eta horixe egin du BERRIArekin. «Ez nintzen punta-puntako txirrindularia, Bettini edo Freireren gisakoa, baina haiengana gerturatzeko gai izaten nintzen sasoi on-onean nengoenean».
Entrenamendu zehatzak eginda, «taldekideei laguntzeko asmotan» ekin zion ermuarrak 2003ko Fleche Walloneri. «Baina hamabost txirrindulariko taldea osatu zen aurrean Huyko bigarren igoeran». Eta tropela ez zen gai izan bizpahiru minuturen aldea murrizteko. «Normalean, txirrindularia egurtuz joaten da Fleche Wallone, eta Huyko azken igoeran erabakitzen da dena». Baina erabat bestelakoa izan zen urte hartakoa. «Euskal Herriko Itzulia irabazi berritan zegoen Aitor Osa, oso sasoi onean nengoen ni ere...». Eta elkarrekin joan ziren ihesean amaitzeko 11 kilometro falta zirela.
Bi euskal herritar aurrean, eta iragan hurbila ate-joka. «Euskal Herriko Itzulian, Gasteiz eta Altsasu artean, elurretan, behar handirik ez neukanean, bere alde erreleboka aritu nintzen ihesaldian, eta Huyra iritsi artean den-dena eman beharra geneukala esan nion Aitorri, garaipena bion artean lehiatu ahal izateko». Ermuarraren esana zintzo bete zuen Osa anaietan zaharrenak, eta elkarrekin iritsi ziren Huyko lehen maldetara. «Beldur pixka batekin ekin nion igoerari, berez ni baino igotzaile hobea zelako Aitor». Baina Astarloa ere emaitza onak lortutakoa zen Huyren gisako aldapa motz eta gogorretan. «Eta, zorionez, ni baino okerxeago zihoan ordurako». Helmugara iristeko 200 metro eskas falta zirela mugitu zen Saecoko txirrindularia. «Eta gozamena izan zen amaiera».
Igor Astarloa (Saeco) lehenengo, Aitor Osa (iBanesto.com) bigarren, eta Unai Etxebarria (Euskaltel-Euskadi) laugarren, Alexandr Xefer (Saeco) aurretik zuela. Euskal herritarren festa handia izan zen 2003ko Fleche Wallonen —zazpik amaitu zuten proba—, baina bi baino ez dira abiatuko gaur Waremmetik (Valonia): Gorka Izagirre eta Imanol Erbiti (Movistar). «Oso zaila da egoera. Afizionatu mailan ez dago babesle askorik, eta, ondorioz, ezta diru eta talde askorik ere. Kate baten modukoa da dena». Penatuta dago Astarloa. «Oso urte onak izan ziren 1999tik 2003ra artekoak. 25 euskal txirrindulari elkartzen ginen lasterketa handietan, eta asko da hori». Ermuarra sinetsita dago, hala ere, «ziklo kontua» dela txirrindularitza. «Eta iritsiko dira garai hobeak, ziur».
Gaurko ibilbidea, gogortuta
Joan den igandean gozatu egin zuen Astarloak Michal Kwiatkowskiren (Etixx) garaipenarekin. «Baina ez dut uste Fleche Walloneren amaiera beretzat oso egokia denik. Hor egongo da, bai, baina hor egotetik irabaztera...». Amaiera gogorragoa dauka gaurkoak, Cherave 1,3 kilometro eta %8,1eko batez bestekoa daukan aldapa igo beharko dutelako helmugara iristeko sei kilometro eskas faltako direnean. «Valverde, Purito [Joaquim Rodriguez] Gilbert... Horiek dira nire faboritoak». Ermuarraren hitzetan, «indarrak alferrik ez xahutzea» da irabazteko sekretuetako bat. 11:34an hasiko da proba, eta, 205,5 kilometro eginda, txirrindulariak 16:30 aldera iritsiko dira Huyko helmugara.
Ezberdinetik joan zen dena
Azken urteotan ez bezala, ihes eginda eta Aitor Osarekin buruz buruko estuan irabazi zuen Igor Astarloak 2003ko Fleche Wallone. Gaur jokatuko da Huy epaile duen klasikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu