Aitor Elizegi. Athleticeko presidentea

«Ezberdina izatea ez da erraza; ez da inoiz izango»

Denboraldia amaitutakoan egingo diren hauteskundeen itzalpean egingo da Athleticeko bazkide konpromisarioen batzarra, larunbatean. Aitor Elizegi buru duen zuzendaritzak aurrekontuak onartzea du xede.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
haritz gallastegi
Lezama
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Athleticek larunbatean egingo duen bazkide konpromisarioen batzarra aitzakia gisa hartuta, klub zuri-gorrian zeresana ematen ari diren gaiez jardun da Aitor Elizegi presidentea (Bilbo, 1966).

Larunbatean egingo da bazkide konpromisarioen ohiko batzarra. Ez da egun erraza zuentzat. Agintea hartu zenutenetik asko kosta zaizue konpromisarioen babesa lortzea.

Athleticek hartu beharreko norabidea erabakitzeko aukeratu genuen batzordea da. Klubaren kudeaketa garatzeko beharrezkoa da. Arlo ekonomikoan bide zuzena hartu dugun edo ez bozkatzen da, baina, era berean, bazkideen artean interesa sortzen duten gaiek indarra hartzen dute: filosofia, estatutuen berritzea, animazio harmaila, Lezama, diaspora... Halako gaiak ohiko bihurtzen dira. Eztabaida leku aproposa da, baina uste dut batzuetan gauzak nahastu egiten ditugula. Athleticek egonkortasun ekonomikoa behar du. Athleticek gaitasuna dauka hori lortzeko, seguruenik lehiakide dituen beste klub askok baino errazago. Klub askok oso lehiakorra ez den bidea hartu dute finantzatzeko. Athleticek ez dauka bide hori jorratzeko premiarik.

Espainiako Ligako klub gehienek onartu duten inbertsio funtsen «laguntzaz» ari zara. Zergatik egin dio uko Athleticek?

Soldata mugaren eta sentimenduaren mugaren artean aukeratu behar izan dugu. Athleticek argi dauka non dagoen sentimenduaren langa, eta noraino heltzeko prest dagoen. Kirola ulertzeko era ezberdina daukagu, eta ez dugu aldatu gura. Klub gehienak merkatuaren menpe daude. Athleticek, berriz, inguruarekiko konpromisoa jorratzen jarraitu gura du. Athleticen oinarriak herria eta haztegia dira. Inbertsio funtsek eta LFPren tesiek [Espainiako Futbol Liga Profesionala] ez gaituzte bide horretatik aterako. Futbola noraezean dago.

Inbertsio funtsen alde egiten dutenek elkartasunik eza aurpegiratu dizuete?

Kosta egingo da Athleticek haren inguruarekiko duen konpromisoa duen beste klub bat aurkitzea.

Bazkide konpromisarioen batzarra berritu da. Kide berriak daude. 1.200 bazkidek osatzen dute. Kide berriak sartzeak erraztu egingo al dizkizue gauzak?

Ez diogu garrantzirik ematen. Guk argi daukagu jorratu behar dugun bidea. Gure ardura da bazkideei agindu geniena betetzea. Ez dugu botoa eskuratzeko bide errazera joko: jokalariei laguntza eskatuko geniela esan genuen, eta bete dugu. Bi aldiz jo dugu eurengana, eta bietan jaso dugu baiezkoa. Jokalari guztiek erantzun dute, guztiek. Sekulako konpromisoa erakutsi dute. Bestalde, klubeko gainerako langileei ere ahalegina egiteko eskatu genien. Hauek ere erantzun egin dute. Eta orain bazkideengana joko dugu klubari bultzada bat emateko xedearekin. Guztion artean egin behar diogu aurre pandemiari. Bazkideei eskatzen dizkiegun 120 euroei esker gainerako klubak baino azkarrago eta indartsuago egingo dugu aurrera.

Esan duzu jokalariek bi aldiz murriztu dutela euren soldata. Dirutan zenbat da?

Hamabi milioi euro. Talde osoaren soldataren %10 baino gehiago. Txalotu beharreko konpromisoa da. Athleticen etorkizuna argi ez zuten teknikari zein futbolariek ere onartu zuten proposamena. Euren etorkizuna jokoan zegoen, eta sinatu egin zuten akordioa. Ezin zaie askoz gehiago eskatu.

Inoizko alderik txikienarekin irabazi zenituzten bozak. Zama izan al da zuentzat? Etengabe ezbaian dagoen proiektua garatzen ari zaretela uste duzue?

Nik argi ditut gauzak, eta Ibaiganera eraman gintuen proiektuan sinesten dut. Ez da ezer aldatu. Orduan pentsatzen nuen moduan pentsatzen jarraitzen dut. Baina ez ditugu erantzun guztiak. Egun gogorrak daude, baina hurrengo egunean indarberrituta jarraitzen dut aurrera. Energia faltarik ez daukagu. Nik uste dut hurrengoari bidea errazten ari garela.

Aitor Elizegik ez dauka bidea egiten jarraitzeko asmorik?

Egunero zure onena ematen duzunean, taktikak alde batera uzten dituzunean, eta zuzendaritza ahul dezaketen proiektuen alde buru-belarri lan egiten duzunean... Gauza asko dira: animazio harmailaren alde borroka egiteak ez du hauteskundeei begira laguntzen; ezta bazkideei 120 euro eskatzea ere; inbertsio funtsari ezetz esatea ez da erraza; LFPri aurre egitea ordutegiak direla-eta, nekeza da oso; emakumezkoen lan hitzarmenean izan dugun jarrera ere hor dago. Gauza horiek ez dute laguntzen. Athleticen alde ari gara lanean, horrek zer ondorio ekarriko duen pentsatu barik. Ibaiganen egon edo nire bazkide eserlekuan egon, ez dut Athletic ulertzeko era aldatuko. Egiten ari garen bideak merezi du.

Bazkideak argi dauka kluba egiten ari den bideak merezi duela?

Ezberdina izatea ez da erraza. Ez da inoiz izango. LFPk, UEFAk eta FIFAk futbola ulertzeko era merkantilista dute. Athleticek beste era batera egin gura ditu gauzak. Irmotasunez jokatzen ez badugu aurkariak irabaziko du. Nik ez dut klub bat gehiago izan gura.

Athleticek defizit estrukturala omen dauka. Hamarkadak daramatza arazo horrekin, baina Ibaiganetik pasatu zareten zuzendaritzek ez diezue konponbiderik aurkitu.

Athleticek defizita dauka, baina ez da estrukturala. Lezaman gaude; lehen taldeak egoitza berria dauka; gaztetxoentzat egoitza amaitzear dago; estadioan obrak egin ditugu, 2025eko Europa ligako finala San Mamesen jokatuko da; emakumezkoen taldea ondo ari da lehiatzen; Athleticek pandemia aurretik baino bazkide gehiago ditu... Kirol arloan zailtasunak ditugunean ezin dugu zalantza egin. Sinisten jarraitu behar dugu. Sendo jarraituz gero, lehiakor izatera itzultzen garela erakutsi dugu historian zehar. Aukera onak izanda, Athleticen jokatzea erabaki duten jokalariak ezbaian jartzen ditugu. Horrek ez digu mesederik egiten.

Iñaki Williamsez ari zara. Taldea uzteko aukera onak izan al ditu?

Williamsek Athleticen eskaintza onartu zuenean, Europako talde indartsu baten eskaintza zuen. Klubarentzat oinarrizko jokalaria zelako egin genuen haren aldeko apustua. Bost urte daramatza atseden hartu barik jokatzen. Horretaz gain, kapitain, erreferente eta ikur bihurtu da. Iribar beltza izan gura zuela esan zuen, eta lortzetik gertu dago. Miretsi egiten dut. Pandemian bere jarrera aparta izan da.

Liverpoolek egin al zion eskaintza?

Premier League txapelketako punta-puntako talde batek eskaintza bat egin zion.

Yuri Berchiche lotu duzue, eta Dani Garciaren kontratu luzapena bideratuta omen dago. Ander Caparekin arazoren bat dago?

Futbolaz berba egiten dudan bakoitzean huts egiten dut. Beraz, kirol zuzendaritzaren esku uzten dut kirol arloarekin zerikusia duena. Dani Garciak zein Capak erakutsi dute gaitasuna dutela. Baina, era berean, postu askotan lehia gogorra dagoela uste dut. Kirol arduradunek ez digute jakinarazi zein jokalari gura dituzten datorren sasoirako. Agintariok kirol irizpideetan oinarritzen gara. Zuzendaritzaren erabaki guztiak entrenatzaile zein kirol arduradunen premien arabera hartutakoak dira. Ez dugu kirol irizpideen kontrako irteerarik sustatuko.

Rafa Alkorta kirol zuzendari gisa egiten ari den lanarekin gustura zaude?

Alkorta kapitaina da Lezaman. Klubean errespetu handia diote. Marcelinok, Alkortak eta nik antzeko ikuspuntua daukagu Athleticez. Lan ona egiten ari da.

Iñigo Martinez lotzea da hurrengo erronka nagusia? Jokalari garrantzitsuen artean kontratua lehenago amaitzen duena da.

Athleticen ezinbestekoa da lehiakortasuna sustatzea. Ildo horretan, Iñigoren maila duen futbolari bati ateak zabaltzea oso zaila da.

Athleticen kirol egitura profesionalak 80 milioi euro balio ditu. Asko da lortzen ari den emaitzak aintzat hartuta?

Taldeari eskatzen dizkiogun helburuak lortzeko ahalegin ekonomiko handia egin behar da. Egun, ondo ari gara jokatzen, eta goi mailako entrenatzailea daukagu. Beraz, ni oso gustura nago daukagunarekin. Europan jokatzeko apustu gogorra egin behar da. Hala ere, arlo ekonomikoan lehen taldeko jokalarien soldatak %10 murriztu ditugu. Hala ere, ez da nahikoa. Lortutako helburuetan oinarritutako kontratuak sustatu behar ditugu. Bestalde, lehen taldea ez den gainerako alorretan inbertitzea ezinbestekoa da klub lehiakorra izateko. Jokalarien soldatetan eskua sartzeaz gain, San Mamesek ematen dituen aukerak sustatu behar ditugu, babesle berriak lortu behar ditugu, eta bazkidek ahalegina egin behar du. 2014tik ez zaio bazkide kuota igo.

Tarteka indarra hartzen du Athleticen filosofiaren gaineko eztabaidak. Adarretatik heldu beharreko kontua da?

Akats handia izango litzateke filosofiaren gaineko eztabaida hauteskundeekin nahastea. Helduak garela erakutsi behar dugu. Egungo zuzendaritzak zein presidenteak ez daukagu kontu honi hauspoa emateko asmorik. Gure agintaldian 180 jokalari iritsi dira Lezamara. Guztiak filosofiaren barruan daude. Egitea esatea baino zailagoa da, baina guk egin dugu.

Zuek apustu sendoa egin duzue egungo filosofiaren alde, baina mahai gainean jarri beharreko gaia dela uste duzu?

Baleko alternatibarik ba al dago? Duela mende bat pasatxo hasi genuen bideak egun garen Athletic izatea ahalbidetu du. Harro gaude, gainera. Ezberdinak garela sentitzea ikaragarri gustatzen zaigu. Gainera, Euskal Herritik kanpo miretsi egiten gaituzte. Gure indargune nagusia da.

Etxekoekin bakarrik izan al daiteke protagonista?

Azken 120 urtean protagonista izateko aukera eman digu. Gure aurkari askok ez dute ezer lortu beste bide bat jorratu duten arren: Bundesligako talde guztiek ezagutu dute bigarren maila: Premier League txapelketako talde guztiek galdu dute maila; Frantzian ez dago talderik maila galdu ez duena; Espainiako hiru talde eta Italiako bat geratzen gara. Superkopa irabaztea baino gehiago gura dugu. Koparekin amesten dugu, Europan sarriago jokatu nahi dugu, baina filosofia honekin sekulako indarra erakusten dugu.

Ez duzu ikusten Lezama mundu guztiko harribitxiak ekarritako jokalarien haztegi bihurtzea?

Harrobia eta mundo mailako gazteak uztartzea ezinezkoa da. Athletic eta inbertsio funtsa, Athletic eta Disney edo Burger King uztartzea ezinezkoa den moduan. Athletic balore batzuei lotuta dago. Harrobiak gure inguruarekin izan behar du lotura. Jon Ander de Las Fuentes zuzendaritzako kidearen iritzia errespetatzen dut, baina lotura hori ezin dut egin.

Marcelino Garcia teknikari ona da, baina Athleticek fitxatu zuenean esan zuen ez zuela harrobiko lana ezagutzen. Aldatu al du txipa?

Duela gutxi luze eta zabal hitz egin dut berarekin Lezamaren inguruan. Txipa aldatu bakarrik ez, filosofia defendatu eta miretsi egiten du. Marcelino gazteen aldeko apustua egiten ari da. Nik uste dut Marcelinori esker harribitxiak ikaragarri hazi behar direla.

Athleticeko jarraitzailea ilusioa berreskuratzen ari al da?

Pizten ari da. Alavesen kontrako giroa asko gustatu zitzaidan. Aro zail bat amaitu da, eta aurrera begiratu behar dugu. Klubaren ardura da San Mamesen magia berezi bat sortzea.

Animazio harmaila izan da zuen apustu nagusia. Baina oraindik ez duzue egin asmo zenutena gauzatu. Zertan da egitasmoa?

Proiektua klubaren agendan jarri gura izan genuen eta uste dut lortu arte eztabaida iturri izango dela. Athleticek ezin du egitasmo hau alde batera utzi. Eserlekuak berrantolatu egin behar ditugu. Bazkide gazteari zein bazkide ez den taldeko jarraitzaileari elkartzeko leku aproposa eskaini behar diogu. Aberatsagoak egingo gaitu. Europan ikusten ditugun zenbait harmailek inbidia ematen didate.

Taldeari Europan sartzeko eskatzen diozu edo borrokan egotearekin nahikoa da?

Anbizioa izan behar dugu, baina talde honi eskatu behar zaiona da gutxienez sailkapeneko erdialdetik gora egotea. Hori lortzeak egonkortasun ekonomikoa lortzen lagunduko digu. Athleticen gero eta zailagoa da hamaikakoan lekua izatea, eta hori da lehiakor izateko lehen pausoa. Guk Europan sartzeko ahalegina egiteko eskatzen diogu. Baina badakigu dozena erdi taldek oso maila ona dutela.

Emakumezkoen taldea ere oso ondo ari da. Egitura sendoa al dauka klubak?

Emakumeen taldea sortzea Athleticen historiako erabakirik onentsuena izan da. Berdintasunaren aldeko urrats garrantzitsua izan zen. Hiru talde ditugu hiru maila nagusienetan. Beraz, ondo gaude. Baina goiz da emakumezkoen futbola eta profesionaltasuna uztartzeko. Emakumezkoen futbola arduratik begiratu behar da, eta ez errentagarritasunetik.

Emakumezkoen futbola ez da ekonomikoki errentagarria?

Bide luzea dago egiteko. Athleticen harrobia eta mundo guztiko gazteak ekartzea uztartzea ezinezkoa ikusten dudan bezala emakumezkoen futbola eta errentagarritasuna ere ezin ditutbateratu. Errentagarri izan aurretik oinarri sendo bat eraiki behar da. Hala egiten ez bada, arriskutsua izan daiteke.

Zure ustez, teilatutik ari al dira eraikitzen emakumezkoen futbola?

Klub askori emakumezkoen futbolaren teilatuak baino ez die ardura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.