Bizitzak buelta asko ematen ditu denbora gutxian. Ezustez beteta egoten da. Duela bi urte baino pixka bat gutxiago, Asier Zurinagak (Barakaldo, 1971) kolpe latza hartu zuen: Kaikuk esan zion ez zuela lekurik ontzian; erabaki horren azpian, Jose Luis Korta entrenatzailearekin izandako urte liskartsua zegoen. Duela urtebete, deitu egin zioten Kaikutik, itzultzeko. Berak baietz, eta osatu du itzulerako denboraldia. Kontxako Banderaren orbanaz gain, ederra izan da berarentzat: San Miguel ligako bederatzi bandera astindu ditu taldeak, liga eta ligako koroa bereganatu ditu, eta txapelketa guztiak irabazi. Esango ez du ba «gozatu egin» duela...
Hirugarren aldiz jarraian irabazi duzue San Miguel liga, eta berezia da, ligako koroa zeureganatu duzuelako.
Hala da bai, eta irabaztea beti polita dela kontuan izanda, are garrantzitsuagoa da lehen kluba izatea ligako koroa irabazten. Hobe gu izatea beste bat izatea baino, jakina.
Klubaren helburu nagusia liga izan da aurten?
Bai. Oso garrantzitsua da Kaikurentzat ligako koroa lortzen duen aurreneko taldea izatea. Helburu hori betez joan gara ligan, nahiz eta bidean estropezuren bat edo beste izan dugun. Iruditzen zaigu bandera gehiago irabaz genitzakeela, baina balantzea oso ona da Kaikurentzat; eta ez bakarrik ligakoa, denboraldi osokoa ere bai: txapelketa guztiak irabazi ditugu, hirurak, nahiz eta Kontxan gure onena eman ez genuen.
Kaikuren liga zatika banatu da. Hasi, ez zineten oso ondo ere hasi. Nolakoa izan zen hura?
Bartzelonan ez genuen irabazi, baina bigarrena, Laredokoa, bai. Gero, hirugarrena gakoa izan zen guretzat, nahiz eta irabazi ez.Etxeko estropada izan zen, Portugaleteko eremuan, eta kale txarrena tokatu arren, sekulako lana egin genuen. Han konturatu ginen gauzak ondo egin genitzakeela gerora.
Kale txarrarena aipatu duzu, eta liga honetan Kaikuk zorte ona oso lagun ez duela izan etorri zait gogora. Iritzi berekoa zara zu ere?
San Miguel Liga hasieratik jauzi handi bat ematen badugu, Orioko estropadara joango gara. Zorte txarra izaten ari ginen aurretik, eta egun hartakoa izan zen gogorrena, lehen ziabogan kateatuta geratu ginenean, oso aurrean gindoazela. Baina egun hartan ere ikusi zen Kaikuk nolako taldea duen eta zertarako gai den; aurkariak ere jabetu ziren horretaz. Ezbehar haren eraginez, taldea askatu egin zen, tentsioa bota zuen, eta hurrengo estropadetan, bandera asko irabazi genituen, jarraian.
Oriokoa izan zen zuen estropada onenetakoa?
Epikoa izan zen egun hartan egin genuena. Bezperan, zaplazteko ederra eman ziguten Pasaian, azken luzea bakarrik egin genuen ona. Estropada oso onak egin ditugun bezala, txarrak egin izan ditugunean hondoa jotzen zuen taldeak. Desoreka egon da alde horretatik.
Estropada txarrek bakarrik eragin zizueten desoreka hori, ala beste zerbaiten ondorioz izan zen?
Beste zerbait zegoen, eta hauxe zen: Kaiku zen dena irabazteko hautagaia, eta ematen zuen estropada guztiak geureganatu behar genituela. Horrek asko kentzen du.
Denboraldi hasieran beste ezbehar bat ere izan zenuten, hori uretatik kanpo: Fede Steindlek moto istripuan min hartu zuen.
Hori da. Gidabaimena atera berritan izan zuen istripua, eta egia esatera, haren falta asko nabaritu dugu, aldaketa bat gutxiago egitera eraman gaituelako. Arraunlarien txandakatzean eragina izan du, eta nabaritu dugu. Momentuan, garai hartan, ez genuen antzemango, baina luzera begira bai; esaterako, Kontxako Banderako lehian taldea bizitasunik gabe egon zen. Estropaden zama handia izan da, eta taldea nekatuta iritsi zen.
Ligako buruan gorabeherekin aritu zarete: oraintxe alde handiarekin, eta bat-batean, aurkariak gainean. Nola kudeatu duzue hori?
Bitxia izan da bai. Puntu asko alde izan ditugunean, berehala jan izan dizkigute besteek, eta Orion, esaterako, ligako lehen postua galdu genuen, ezbehar haren eraginez. Ordea, puntu asko galdu izan ditugun beste estropada batzuetan, Pedreñan eta Donostian, esaterako, gu ibili ez ginelako izan zen. Ezbehar eta gorabehera horiek izan ez bagenituen, ia-ia diktadura baten parekoa izango zen Kaikuren nagusitasuna. Pena ematen dizu hainbat bandera ez irabazi izanak. Moañakoa (Galizia), esaterako. Ohorezko txandan aise menderatu genituen Orio eta Urdaibai, baina hirugarren izan ginen estropadan, Tiranen atzetik.
Hirugarren postu hura aipatu duzu, eta horrekin lotuta, irudipena duzu zuen estropada ez onetan aurkariek baino zigor handiagoa izan duzuela sailkapenean?
Baietz uste dut. Besteek estropada ona egin ez dutenean, hirugarren edo laugarren egiten zuten, adibidez, eta guk, aldiz, zazpigarren eta egin izan dugu.
Pentsatu al zenuten une gorabeheratsuren batean liga ez zenutela irabaziko?
Ez, ez. Gure kezka beste bat zen: bagenekien klubak liga nahi zuela, eta estropada guzti-guztietan dena eta gehiago ematera behartu gaitu horrek, eta beste lehia batzuetarako ahuldu egin gaitu gero. Kontxako Banderaz ari naiz.
Helburuak helburu, Kaiku ez al dago estropada guztiak irabaztera ateratzera behartuta, nolabait esateko?
Behartuta dagoen edo ez, hori ez dakit, baina oso garbi daukat oso talde ausarta garela, bai entrenatzailea eta bai arraunlariak, eta guztietan ateratzen gara irabaztera, dena ematera. Ez dugu inoiz ezer gorde, ezta Pasai San Pedroko estropada hartan ere, nahiz eta desastre hutsa izan egun hura guretzat. Aldaketa pare bat eginagatik, ez genuen uste hain atzean ibiliko ginenik, eta gehiago esango dizut, banderaren bila joan ginen.
Pasaiako emaitza txar haren eraginez, gainera bota zitzaizkizuen aurkariak ligan, baina gero, berriz ere garaipenen bidera itzuli zen Kaiku.
Bai, oso bolada onean sartu ginen gero, eta azkenean , guretzat izan da liga hau.
Estropada txarrek eta ezbeharrek ere alderdi ona dutela esaten da, eta zuen kasuan, on egin al dizue gehiago motibatzeko, hainbeste gauza irabazi eta gero?
Lo ez hartzeko lagungarri izan zaizkigu, bai. Gero, hainbeste irabazten duzunean, behar bezala ez gozatzea ere gertatzen da, eta Kaikun gertatu izan da; estropada irabazi, eta bukatu bezain pronto, arraunlari batzuk marmarrean, hau eta bestea hobeto behar dela eta abar. Nik esan diet taldekideei: «Gozatu irabazten dugunean, galtzeko unea gero eta gertuago dago eta». Aurkariak gainean genituen, eta harrezkero, gehiago gozatu dugu.
Arraunlarien txandakatzeen inguruan, Jose Luis Kortak beste urtetan baino aldaketa gehiago ez al ditu egin?
Lehen esan dudanean nekatuta heldu garela denboraldi amaierara, ez nuen aitzakia gisa erabili nahi. Horixe bakarrik behar genuen Kaikuren taldea ikusita! Kortak nahi duen bezala egin ditu aldaketak. Aurreko urteetan egin izan ez dituen aldaketa taktikoak egin ditu, arraunlariak bere betiko lekuetatik mugituz, eta ondo atera zaizkio aldaketa horiek.
Zein izan da Kaikuren aurtengo talde onena?
Zaila dago aukeratzen, baina esango nuke Orioko estropadakoa eta Hondarribian irabazi zuena gero.
Zein estropada ez irabazteak eman dizu penarik handiena?
Oriokoak. Irabazita zegoen, azkar gindoazelako.
Eta zein irabazteak poztu zaitu gehien?
Hondarribikoak. Asko gustatzen zait estropada hori. Getxokoa ere polita izan zen, alde handiena han atera genuen, eta poparean besteak baino azkarrago ibili ginen egun bakarretakoa izan zen.
Poparea aipatu duzu, eta Kaiku ez da ibilibehar bezala barruranzko luzeetan?
Estropada gutxi izan ditugu itsasoan, eta egun gutxi izan dira olatuak hartzeko modukoak. Getxon, ondo ibili ginen; Hondarribian, Urdaibai hobeto moldatu zen; Castron, ondo ibili ginen. Kontxan bai, denek aurrea hartu ziguten poparean. Kaikuren indarra brankaz izan da azken urteetan, eta logikak esaten dit brankaz ondo joateko ontziak horretarako jarrita egon behar duela; eta horretarako jarrita badago, zaila izango da poparean ondo ibiltzea. Brankaz azkarrena dena ezin da azkarrena izan poparean.
Urtebetez utzita egon eta gero, denboraldi honetan itzuli zara arraunera. Nolakoa izan da urtea zuretzat?
Poz handia eman zidan Kaikuk berriz deitzeak, eta egunero-egunero gozatu dut, entrenamenduetan eta estropadetan. Oso giro ona izan dut arraunlari guztiekin, entrenatzailearekin eta zuzendaritzarekin. Oso urruti ikusten dut zer gertatu zen lehen Kortarekin. Egindakoa egindakoa dago, eta une txar hartan galdu zena, kirol arloan eta beste maila batzuetan, ez dut inoiz berreskuratuko. Baina urte honek asko betetzen du lehen Kortarekin izandako liskar hark utzitako hutsunea.
Asier Zurinaga. Kaikuko patroia
«Ezbeharrik gabe, ia diktaduraren parekoa izango zen Kaikuren nagusitasuna»
Sasoi batez arraunetik kanpo egon eta gero, Kaikuk berriz deitu zion duela urtebete, eta pozik itzuli zen bere klubera. Erabaki zuzena hartu zuela erakutsi dio eguneroko jardunak, «gozatu egin» baitu, eta bederatzi bandera eta ligako koroa irabazi dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu