Mikel Arteta

Ezagutza, gaitasuna, eta balioa

Arsenalen nortasuna berreskuratzeko eta emaitza onak lortzeko gidaritza eman zioten abenduan Artetari. Ezagutzen du lekua, jokalari eta kapitain izan baitzen. Klubean ziur dira lortuko duela.

FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Mikel Artetak (Donostia, 1982) badu zerbait Arsenaleko agintarien ustez. Eduki egin behar baita zerbait hori harengan duten konfiantza izateko. Sekula entrenatzaile izan gabe, klub historikoa zuzentzeko aukera onena zela pentsatu zuten egoera historiko batean: Arsene Wenger mitikoak taldearen ardura utzi zuenean, 1996tik 2018ra aulkiko nagusi izan ondoren. Agintarien nahia ez zen gauzatu, ordea, iazko abendura arte, Artetak beste euskal herritar bat ordezkatu zuenean: Unai Emery.

Arsenalen lehen deia jaso zuenean Manchester Cityn zebilen Arteta, irakasle onenetako baten alboan ikasten. Pep Guardiolaren laguntzaile lanetan ari zen 2016tik. Hor egindako lanak ez ezik, Arsenaleko jokalari ohi eta kapitain izateak piztuko zuen Londresko klubaren agintarien arreta, lan mardul bat egiteko egokiena izan zitekeelakoan: alderrai dabilen Arsenal arrastoan sartzea, Wengerren garaiko nortasuna berreskuratzeko, zelaian eta bulegoetan.

«Lortuko du», esan du Kike Marin (Donostia, 1967) kazetariak, Arsenaleko zalea ere badenak. Beste horrenbeste pentsatzen dute klubeko agintariek ere, Marinek esandakoaren arabera: «Barruko jendea pozik dago Artetaren lanarekin, eta uste dute gauza handiak lortuko dituela». Lorpenik handiena Wengerren bidera itzultzea litzateke oraintxe bertan, garaipenez harago: «Irabaztea ez da batere erraza, eta Ingalaterran zer esanik ez, talde handiak daudelako, baina agian irabazle ere izango da».

Arsenal berreraiki eta berreskuratzeko lanak zein diren xehatu du Marinek: «Zelaian, Wengerren jokatzeko moduak izan behar du helduleku, eta bulegoko lanean, Alsaziako entrenatzailearen filosofiara itzuli. Hura abila izan zen jokalari gazteak merke erosi, errendimendu bikaina atera, eta garesti saltzen». Hori dena berreskuratu behar du Donostiako entrenatzaileak, albora utzi gabe unean uneko lehia: «Ahalik eta emaitza onenak lortzen ere saiatu behar du, Arsenalek beti goian egon behar duelako, eta Europan jokatzeko sailkatu. Batez ere, Txapeldunen Ligan aritu behar du, diru sarrera handienak bertan baitaude».

Klubeko agintariek hori dena gauzatzeko bidean ikusten badute Arteta, zerbaitegatik izango da. Marinek hiru zatian banatu ditu entrenatzaile hasiberriaren ezaugarriak: «Ezagutza, gaitasuna eta balioa dauzka». Ezagutzari dagokionez, klubeko jokalari izan zen garaiko irakaspenak jarri ditu oinarrian: «Oso ondo ezagutzen du kluba, bost denboraldiz egon baitzen bertan. Kapitain ere izan zen. Hori dena oso lagungarria da zaleekiko, eta esan beharrik ere ez dago, haiek alde dituela». Horrez gainera, Artetak ondo baino hobeto daki zein den Arsenalen nortasuna eta zer gustatzen zaien zaleei: «Saiatzen ari da betiko jokoa berreskuratzen».

Jokalariek ondo hartu dute

Horren barruan, Artetak entrenatzaile laguntzaile izan zenean ikasitakoak ere oso garrantzitsuak direla dio Marinek: «Sekulako aukera izan zuen Cityn Guardiolarekin ikasteko, baita haren laguntzaile multzo handiarekin ere. Guardiolak berak esan du Artetaren inguruan hasita zegoela ulertzen haren entrenatzeko metodologia». Arsenaleko agintarien ustez, Wenger eta Guardiola soka bereko bi entrenatzaile izan daitezke, eta horrek ere eragin zuen Artetaren aldeko apustua. Marinek ere ikusten die antza alsaziarrari eta kataluniarrari: «Guardiolarena posizio jokoa da, baloia erreferentzia duen moldea. Baita presio handia egitea ere baloia galdu eta segituan. Wengerrek ez zuen metodologia itxi eta biribildu Guardiolak egin duen bezala, baina badute antzik biei gustatzen zaizkien jokatzeko estiloak».

Artetaren gaitasunaren inguruan, prestakuntza nabarmendu du kazetariak: «Arteta asko prestatu da entrenatzaile izateko, lan handia egin du, eta asko ikasi. Horrek ere ematen dio aparteko zerbait». Balioaren inguruan, jokalari ohia izateak ematen dio entrenatzaile ona izateko oinarri sendoa: «Ez da edozein jokalari ohi, jokalarien jardunaren menpe dagoen horietako bat. Artetak gertutasun handia du jokalariekiko, Guardiolak bezala. Ederki ari da baliatzen gaitasun hori jokalariei azaltzeko zer nahi duen haietaz, eta egin behar dutena nola egin behar duten ere oso gertutik azaltzen die. Jokalariak hobetzeko gaitasuna du, hau ez da edozein».

Hobetzen ari zen, besteak beste, Mezud Ozil. «Jokalari berezia da, eta hura artaldean izateko behar da ezkerreko eskua ere». Jokalariekiko gertutasun hori eta egin beharrekoa modu zehatzean azaltzeko abilezia lanabes «oso onak» dira gazteekin: «Gainean egoten da, eta hori ere aldeko du. Oso pedagogikoa ari da izaten, eta aldagelan oso harrera ona egin diote jokalariek».

Artetaren eta Arsenalen harremanak ia perfektua ematen du, akatsik gabea, eta ez du ematen okertuko denik aldagai guztiak ikusita. Baina futbolean bada borrero handi bat, asmo onenak ere azkar zapuzten dituena: emaitzak. Nahiz eta horretan ere ondo ari zen Artetaren Arsenal —15 partidatan, zortzi zeuzkan irabazita, eta bi bakarrik galduta—, hutsa behar izaten da okertzen hasteko. Marinek, baina, nahiko garbi dauka Arsenaleko agintariek lanean utziko diotela: «Denbora emango diote gauzak aldatzeko». Artetak berak eskakizun zehatza egin zien agintariei eskaintzaz hitz egiten aritu zirenean: «Inork baino hobeto daki emaitzak oso garrantzitsuak direla Arsenalen, baina denbora eskatu zien zuzendaritzakoei, gauzak aldatzeko. Gainera, eskatu egin zien klubean has daitezela aldatu beharreko gauza batzuk aldatzen». Artetak egin dezakeelako eskakizun hori, Marinen ustez: «Ez da edozein Arsenalen, eta haren iritzia aintzat hartua izango da. Wengerrek ere bazuen gaitasun eta botere hori, zelaiko lanetik harago zihoana, eta Artetak ere bai».

Bada Arsenalek ahalik eta azkarren berreskuratu behar duen beste bereizgarri bat ere: harrobia. «Talde ona izan da beti lan horretan. Jokatzeko moduarekin bat datozen jokalariak hazten lan handia egin izan da aspalditik, eta Artetak ondo baino ezagutzen du lan hori ere. Gero, etekina ateratzen saiatuko da jokalari horiei; lehendabizi, zelaian, eta gero, bulegoan, garesti salduz, Wengerrek egiten zuen bezala». Azkenean, funtsean, horixe baitu bidea: «Hark utzitakoa berreskuratu nahi du, eta, jakina, bere bereizgarriak ere ezarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.