Ez zen lehen aldia izango

Osasunak ezustea eman nahi du Santiago Bernabeun, Real Madril Txapeldunen Ligarekin nahastuta egon daitekeela baliatuzPunturen bat lortuta, mailari eusteko pauso ia erabakigarria emango lukete gorritxoek

Gareth Bale, Raoul Loe, Iker Casillas, Asier Illarramendi eta Miguel de las Cuevas, Espainiako Kopako final-zortzirenetako joanekoan Bernabeun jokatutako partidan. ALBERTO MARTIN / EFE.
Iruñea
2014ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Mailari eusteko borrokan beste pauso bat emateko itxaropenez zelairatuko da Osasuna gaur iluntzean Santiago Bernabeun. Real Madrilek ez irabaztea egundoko ezustekoa litzateke, baina nafarrek ez dute amore eman nahi jokatu aurretik. Aurkariak Txapeldunen Ligako finala jokatu nahi du, eta datorren asteartean Munichen (Alemania) jokatu beharreko partida erabakigarria izango du buruan. Liga Atletico Madrili oparitzerik ez du nahiko, eta Osasunaren aurka hiru puntuak eskuratzea izango da haren asmoa, baina Carlo Ancelottik atsedena eman ahal die jokalari garrantzitsu askori, eta hori aprobetxatzen ahaleginduko da Osasuna ezustekoa eman eta sasoiko helburutik gertuago egoteko.

Aste honetan Taxoareko prentsa aretotik igaro diren jokalariei jaramon eginez gero, nafarrak itxaropentsu daudela ondoriozta daiteke. «Faborito argia da Real Madril, eta hori badakite gorritxoek, baina ondo lehiatuz gero ezustekoa eman dezaketela sinetsi nahi dute, eta sinestea izaten da gauza bat egin ahal izateko lehendabiziko pausoa. «Gauza zail asko dago futbolean, baina ezinezkorik ezertxo ere ez. Nik neuk irabazi izan dut inoiz Santiago Bernabeun», esan du Patxi Puñalek. Kapitainak badaki dena ondo egin beharko dutela punturen bat lortzeko, baina ez dio ezeri uko egiten. Miguel de las Cuevas ere baikor mintzatu da: «Badakigu zaila dela, baina irabazteko asmoz joango gara. Partidaren bat galdu beharko du Real Madrilek ere noiz edo noiz».

Astinduak azken urteetan

Arrazoi dute Osasunako jokalariek, baina estatistikei erreparatuta, behintzat, Iruñeko taldea ez dago Bernabeun ezustea emateko hautagaien artean. 35 aldiz jokatu dute gorritxoek ligan Santiago Bernabeun, eta, zazpi alditan ez beste, beti egin dute itzuliko bidaia esku hutsik. Bitan irabazi dute, azkena orain hamar urte (0-3). Beste bostetan, berriz, berdindu egin du, azken aldiz orain zortzi urte pasatxo. Bana berdindu zuten 2005eko abenduan. Ordutik ligan jokatutako zazpi partidak galdu ditu, galdu eta astindua jaso: batez beste, hiru gol pasatxo sartu dizkiote partidako.

Real Madril Txapeldunen Ligarekin nahastuta egotea da nafarren heldulekurik sendoena punturen batekin etxera bueltatzeko. Javi Graciak, hala ere, ez du uste aurkariak burua beste nonbait izango duenik. Ziur da bete-betean ariko dela, Atletico Madril sei puntura duen arren, liga irabazteko aukera baduelako —Real Madrilek partida bat gutxiago jokatu du—. «Partida zein sasoitan iristen den baino garrantzitsuagoa da, nire ustez, Real Madrilek oraindik Liga irabazteko aukera duela. Eta, hori aintzat hartuta, ez da batere erraza izango Real Madril ustekabean harrapatzea. Halere, zailtasunak zailtasun, gure aukerak baliatzeko asmoarekin zelairatuko gara», esan zuen atzoOsasunako entrenatzaileak.

Javi Graciak bi jokalari garrantzitsuren falta izango du: Francisco Silvak eta Roberto Torresek partida bateko zigorra bete behar dute. Zigorrak aipatuta, arriskuan dira jokalari asko datorren larunbatean Celtaren aurka jokatu beharreko partida erabakigarrirako: Marc Bertran, Damia Abella, Alejandro Arribas, Alvaro Cejudo eta Raoul Loe.

Hori ere aintzat hartu beharko du Javi Graciak gaur, baina, datorren asteburukoan pentsatu aurretik, gaurkoan pentsatu beharra dago. Joan Oriol eta Manu Omwu deialdian dira. Haiekin eta beste guztiekin saiatuko da ezustea ematen. Ez da erraza izango, baina ezinezkorik ez dago futbolean. Ahalegina egin beharra dago; lau partida besterik ez da falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.