Oihana Azkorbebeitia. Mendi korrikalaria

«Ez zen justua Munduko Kopa nik irabaztea»

UNAI UGARTEMENDIA.
Unai Ugartemendia.
Zeanuri
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
Aurten Munduko Kopako hiru lasterketa irabazi dituen arren, ezin izan du sailkapen nagusiko azken saria eskuratu Oihana Azkorbebeitiak (Abadiño, Bizkaia, 1981). Lindsay Webster kanadarra izan da azken garailea, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Baina pozik dago.

Ez al zaizu arantza txiki bat geratu sailkapen nagusiarekin?

Ez, ez! Oso-oso pozik nago! Banekien Gorbeia Suzien ez dela niretzako lasterketa bat, gehienbat amaiera oso azkarra duelako. Ni ez naiz jaitsieretan oso ondo moldatzen den horietakoa; beraz, banekien ez nintzela aurrean izango. Munduko Kopan izan dugun mailarekin, ez zen justua ni izatea azken garailea. Irabazi duenak merezimendu guztiz irabazi du.

Une oro sailkapen nagusia irabazteko postuetan egon zaren arren, ezin izan duzu postua mantendu.

Hala izan da, bai. Baina banekien Webster oso indartsua dela, eta eremu guztietan bikain moldatzen dela. Oso argi neukan ez nuela irabaziko, eta podiumean amaituko nuen ikustea zen erronka. Ez zen erraza nola gindoazen jakitea ere. Puntu asko zeuden jokoan, baina denak ez ginen puntuen borrokan sartzen. Ni nire lasterketa egitera atera naiz, beste behin. Aldapan gora bikain ibili naiz, baina, gaur izan dugun lokatzarekin, jaitsieretan ez dut arriskatu. Azkeneko kilometroak oso luze egin zaizkit, baina egindako lanarekin gustura amaitu dut.

Munduko Kopako hiru proba irabazita iritsi zara azken lasterketara. Gustura egindako denboraldiarekin?

Aurtengo Munduko Kopa ezberdina izan da. Mota guztietako lasterketak zituen, eta nik nire gaitasunetara egokitzen diren probetan soilik hartu dut parte. Esaterako, Tromson [57 kilometro eta +4.800 metro], edo Pirin Ultran [Bulgaria, 38 kilometro]. Lasterketa luzeetara eta teknikoetara joateko hautua egin nuen denboraldi hasieran.

Urte asko daramatzazu Munduko Kopan lehian, baina hau izan da inoizko urterik onena?

Emaitzak kontuan hartuta, bai. Oso gustura sentitu naiz denboraldi guztian. Agian beste txip batekin lehiatu naizelako, edo beste mota batetako lasterketak aukeratu ditudalako, baina izugarri gozatu dut. Gustura ibiltzeak askotan emaitzak errazten ditu, eta aurten hala izan da.

Datorren urtean ere Munduko Kopan ikusiko zaitugu?

Oraindik goiz da horretan pentsatzeko. Oso argi daukat ez naizela Munduko Kopan lehiatuko. Agian, lasterketaren batera joango naiz, baina ez dut egutegi gehiena egiteko asmorik. Beste lasterketa ezberdin batzuk egiteko gogoa daukat.

Denboraldia amaitutzat ematen duzu Gorbeia Suzienen lehiatu ostean?

Lasterketa bakarra gelditzen zait; Lemoatx Trail [Lemoa, Bizkaia, 25 kilometro eta +1.300 metro],azaroan egingo dena. Ondoren, ondo merezitako atsedena hartuko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.