Julen Lopetegi. Espainiako futbol selekzioko hautatzailea

«Ez zaizkit axola jokalarien nortasun agiriak»

Izenen eta garaipen zerrenden gainetik, meritua eta esfortzua saritzen ditu Lopetegik. Urteak daramatza han eta hemen formula hori ezartzen, eta Espainiako hautatzaile gisa ere ez da kikildu. Bost hilabete eskasean erabaki esanguratsuak hartu ditu, eta belaunaldi aldaketa gauzatzeko lehen zimenduak jarri. 2018ko Errusiako Munduko Kopan dauka jarrita orain burua.

JOSE COELHO / EFE.
Oihan Vitoria.
Donostia
2017ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Sorterrira itzuli, aspaldiko lagunak ikusi eta senitartekoekin egoteko aprobetxatzen ditu Gabonak Julen Lopetegik (Asteasu, Gipuzkoa, 1966). Geldi egoten ez dakiten horietakoa da, ordea, eta, ligen etenaldiak etenaldi, lanez gainezka dabil egunotan; «lasai», baina lozorro egon gabe. Hurrengo partidak prestatzen ari dela egin dio tartetxoa BERRIAri solasaldia izateko, eta Espainiako selekzioaren aurrera begirako erronkez mintzatu da.

Bost hilabete eskas daramatza karguan; nahikoak erroko aldaketak burura eramaten hasi eta belaunaldi aldaketaren zimenduak ezartzeko. «Ederki» egokitu dela ziurtatu du, eta eskarmenturik, behintzat, ez zaio falta: Rayo Vallecano, Real Madril B eta Porto zuzendu ditu aurretik, Espainiako selekzioko beheko mailetan urteak egiteaz gain.

Bitxia da haren kasua: ez da inoiz profesional gisa aritu edo entrenatu Euskal Herrian. Halere, ez du arantzarik sartuta; ez da damu orain arte eginiko kirol ibilbideaz. «Zorteduna naiz», dio, harro, eta ez da gutxiagorako: leku aproposean une egokian egoten eta suertatu zaizkion aukerak aprobetxatzen jakin du asteasuarrak. Pozik dago.

Zer moduz doaz Gabonak? Eguneroko ofiziotik zertxobait deskonektatzeko baliatzen dituzu egunok?

Familiarekin gozatzeko, lagunak ikusteko eta etxean gustura egoteko aprobetxatzen ditut egun hauek, giro lasaian, denok bezala. Garai hauetan, gainera, futbol partidak nabarmen gutxitzen dira, eta alde horretatik ere ondo datorkit. Dena dela, beti dago zerbait egiteko. Sekula ez dut erabat alboratzen futbola.

Ez zinen giro futbolzalean hazi: aita, harri-jasotzaile sonatua; anaia, pilotari profesionala... Nolatan hasi zinen futbolean? Zerk bultzatuta?

Familiako ardi beltza nintzen, bai. Pilotan-eta ere aritzen nintzen Asteasun, baina futbolarekin zerbait berezia sentitzen nuen. Txikitatik neukan barruan; gogor sartu zitzaidan, eta, urteek aurrera egin ahala, zorte ikaragarria eduki dudala ziurta dezaket, afizioa ofizio bilakatzea lortu dudalako.

Zaila egin zitzaizun ingurukoen ia babesik gabe aurrerapausoa ematea?

Zaila edo erraza izan, nire hautua hori zen, eta ez zegoen besterik. Orduan beste naturaltasun batekin kudeatzen genituen futbol kontuak. Nire herrian ez zegoen talde federaturik, eta, 14 urte eskasekin, Antiguara joan behar izan nuen jokatzera, Donostiara. Realeko ateak ireki zizkidan horrek; han eman zidaten nire bertuteak erakusteko lehen aukera.

Baina ezin izan zenuen egin lehen talderako urratsa. Luzea zen Luis Miguel Arkonadaren itzala. Maletak egin, eta etxetik gazte-gazte alde egin behar izan zenuen Madrilera joateko. Nola gogoratzen dituzu garaiok?

Momentu gogorrak izan ziren. 18 urte besterik ez nuen, eta ez zen ohikoena Madrilera bakarrik joatea. Orduan, gainera, soldaduska egiten ari nintzen Donostian. Reala B-ko jokalari guztiekin batera, boluntario moduan hasi nintzen, eta soldaduska non egin hautatzeko aukera eman ziguten.

Madrilera joan beharrak hankaz gora jarri zizkizun planak...

Pentsa, pakete osoarekin joan nintzen [barreak], maleta bete-betea nuela: lehen esperientzia etxetik kanpo, 18 urte eskas, bakar-bakarrik eta soldaduska besapean. Garai gogorra izan zela oroitzen dut, baina baita garrantzitsua ere gaur naizena izateko. Ilusioa eta tristura uztartu nituen.

Soldaduska utzi behar izan zenuen?

Ez, ez. Jarraitu nuen, jarraitu nuen, eta nola, gainera! Aurreneko bizpahiru hilabeteetan soldaduska eguneroko entrenamenduekin tartekatu behar izan nuen, eta oso gogorra izan zen. Lehentasuna soldaduska egitea zen orduan, ez entrenatzea. Oso entrenamendu gutxi gogoratzen ditut.

Orotara, hemezortzi urte egin zenituen profesionaletan, baina, ibilbidea Euskal Herrian hasi arren, hemen jokatzeko eta entrenatzeko aukerarik ez duzu izan oraindik. Arantzarik ba al duzu sartuta?

Ez, arantzarik ez. Oso gustura nago eginiko kirol ibilbidearekin, ez nago kexatzeko moduan. Hemen jokatzeko aukerarik ez nuen izan, egia da, baina bai beste talde handi batzuetan aritzeko —Real Madrilen eta Bartzelonan, esaterako—. Dudarik gabe, hemengoa naiz ni, eta bihotzean daramatzat hemengo taldeak, baina ez naiz ezertaz damutzen. Hala suertatu zen, eta ezin da aldatu.

Garai hartan ez zen hain ohikoa atezainak atzerrira irtetea. Atzera itzultzeko aukera emango balizute, gustatuko litzaizuke beste ligaren batean jokatzea?

Garaiak asko aldatu dira. Orain ohikoagoa da kanpora irtetea, aukera asko daude horretarako, baina lehen jokalari oso-oso gutxi joaten ziren atzerrira jokatzera, are gutxiago atezainak; ez zen batere ohikoa. Dena den, nik ere izan nuen aukera Rayon nengoenean Sampdoriara [Italia] joateko, baina Bartzelona aldera joatea erabaki nuen azkenean. Oker ez banago, Martin Vazquez izan zen alde egin zuen bakarrenetakoa, Turinen eskaintza onartuta.

Europako liga nagusiek geldialdia egiten badute ere, selekzioen bestelako partidak ikusteko egokiak izaten dira Gabonak. Euskal selekzioak Tunisiaren aurka jokatu zuen berea iragan astean, espero baino zale gutxiagorekin. Baduzu ohiturarik halako partidak ikusteko?

Handirik ez. Jokatzen nuenean, bai, interes handiagoa nuen, eta ikusten nituen. Beste era bateko partidak dira; asko daude, baina denak ezin ditut ikusi.

Jaurlaritzak «agortutzat» jo du Gabonetako partiden eredua, eta 2017rako FIFA datetan jokatzea exijitu du berriki. Gustatuko litzaizuke hala balitz?

Entrenatzaile gisa erantzungo dizut, hori delako orain nire zeregina. Beste gauza horiek ez dira nire erantzukizuna. Orain nahikoa daukat nire lanarekin; oso gustura nago, eta ez naiz horretaz arduratzen. Aurrera egitea da nire erantzukizun bakarra.

Baina, euskal selekzioko jokalari ohia izanda, ofizialtasunaren alde zaude?

Era batera edo bestera galdetuta, berdin-berdin erantzungo dizut: orain Espainiako selekzioko entrenatzaile karguan nago, eta ez dagokit horri buruz iritzirik ematea.

Hain justu, bost hilabete eskas daramatzazu Espainiako hautatzaile gisa, baina dagoeneko aldaketa garrantzitsuak jarri dituzu martxan. Zein da gakoa belaunaldi aldaketa edo trantsizio natural hori iraultza bihur ez dadin?

Jokalari berriei tokia egitea ahalbidetzen dizuten heinean, selekzioak eboluzio etengabean dira, eta gure kasua ez da salbuespena. Egoera ahalik eta modu egokienean kudeatzen saiatu gara, eta jokalariek ezin hobeto erantzun dute. Errealitatea, izan ere, kanpotik dirudien baino samurragoa da: deialdi eta partida bakoitzak jokalari berriei aukera emateko leiho bat irekitzen dizu.

Lehen egunetik ez duzu erreparorik izan jokalarien meritua eta esfortzua saritzeko, garaipen zerrendaren ordez. Zein da sekretua gatazkak saihesteko?

Azken finean, irabazten lagun gaitzaketen jokalariak hautatzen ahalegintzen gara. Hori da errealitate bakarra. Hortik aurrera, asmatu edo hanka sar dezakegu, noski, eta jendea alde edo kontra egon daiteke. Ados, onargarria da. Guk, ordea, jokalarien errendimenduari erreparatzen diogu, eta ez diegu begiratzen haien nortasun agiriei, ez goitik, ez behetik; ez zaizkit axola.

Aritz Adurizen kasua da horren erakusgarri: 35 urterekin berreskuratu duzue selekziorako. Bitxia, ezta?

Jokalarien nortasun agiriak edo adina bigarren mailako kontuak dira, ez dute aparteko garrantzirik. Lagundu gaitzakeelako hautatu dugu Aduriz, sasoi paregabean dagoelako, eta ezaugarri bereizgarriak dituelako, ez beste arrazoi batzuengatik. Gazteen aldeko apustu argia ere badaukagu, betiere errendimendua lehenetsita. Horrek kezkatzen gaitu soilik.

Espainiako selekzioaren garai loriatsuenaren osteko hilabeteak gobernatzea egokitzen ari zaizu. Presio gehigarria da hori edo zortea?

Onak ziren eraikitako zimenduak, eta talde osasuntsu batekin egin dugu topo. Gatozen tokitik gatoz, ezin dugu ukatu: azken txapelketetako amaierako faseetan ez dugu beharrezko jarraitutasun eta zorte dosirik izan. Taldea, halere, ez dugu gaixo aurkitu. Egonkor dago, eta orain arteko bidetik gehiegi ez aldentzen ahalegindu gara, betiere ñabardurak eginda eta gure bideari ekinda.

Orain arteko joko estiloari eutsita, gailurrera itzultzeko zantzuak ikusten dituzu?

Ez da ona, ezta justua ere, orain agertzen ari diren jokalari berriak behin eta berriz konparatzea mundu osoan eta bereziki Espainian bakarra izan den belaunaldi batekin. Taldea talde izan dadin lan egingo dugu, eta gogor borrokatuko gara ahalik eta selekzio lehiakorrena osatzeko. 2018ko Errusiako Munduko Koparako lehenbailehen sailkatzea da orain erronka.

Bideratua duzue honezkero.

Asko falta da oraindik, eta ez da erraza izango. Formatuarengatik —taldeko lehena bakarrik sailkatuko da zuzenean—, eta lehiakideen maila handiagatik.

Futbolaren alor ia guztiak ezagutu dituzu urteotan. Atezain, harrobiko zenbait talderen entrenatzaile, nazioarteko talde baten gidari, eta, orain, Espainiako hautatzaile. Aukeratzekotan, zein nahiago duzu?

Aro guztiak dira onak, aro guztiek dute zerbait berezia, aro guztiek aberasten zaituzte modu batera edo bestera. Oraintxe bertan ederki nago, zalantzarik gabe onartu nuen eskaintza, baina jokalariekin hartu-eman zuzenagoa eta egonkorragoa izatea gustatuko litzaidake.

Faltan ematen duzu gertutasun hori?

Kargu bakoitzak bere ezaugarriak eta zailtasunak ditu. Aldagelak kudeatzeko modua asko aldatzen da talde batetik bestera. Orain, adibidez, hiru hilabete bizi-biziren ostean lau hilabeteko geldialdia daukagu, eta gehiegizkoa da hori guretzat. Kalte egin diezaguke, bai, baina egokitzea beste biderik ez dugu, ez baitago gure esku.

Nola dator euskal harrobia? Gertutik erreparatzen diozu?

Berdin-berdin tratatzen ditugu jokalari guztiak, datozen tokitik datozela. Saiatzen gara hautatuak izan daitezkeen guztien gainean egoten, erne, gaur-gaurkoz hori baita gure obligazioa. Illarramendi, Iñigo, Zurutuza, Yuri, Yeray, Muniain... Maila apartan ari dira, eta gertutik erreparatzen ari gara zer garapen duten.

Teknologiek ere egin dute habia futbolean. Zer iritzi duzu horien erabileraz?

Ezin gara bizi teknologia berriei bizkarra emanda. Tradizioak eta garapenak ez dute zertan muturtuta egon. Teknologiek, oraingoz, ez dute partidarik irabazten, baina lagungarriak dira denbora aurrezteko. Prestakuntzan bakarrik ez, berdegunean ere ezarri beharko lirateke, futbolaren magia galdu gabe.

Hitzez erraza dirudi, baina nola egiten da hori?

Kluben Arteko Munduko Kopan lehen probak egin dituzte zalantzazko jokaldiak argitzeko, eta ados jartzeko ordua da orain. Ziurrenik, akatsak egongo dira, zalantza eta desadostasun ugari, baina ziur nago urteen poderioz ohitu egingo garela eta egungoa hobetzeko pausoa izango dela. Hori bai, denbora beharko da aldaketa horiek errotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.