Enpresa pilotaria izan dela entzun, eta grazia egin dio Mikel Olaetxeari (Lizartza, Gipuzkoa, 1985). «Bai, argi dago: nik Asegarcen bederatzi urte egin baditut, ez ditut egin nire kolpeagatik. Partida batzuetan eusten-eta jakin behar da, eta mota horretako pilotaria izan naiz». Enpresa pilotari izate horretan, azken urteetan makina bat kilometro egitea ere egokitu zaio, baina ez du dramatizatu nahi. «Partida non jarri, hara joan naiz. Aurten bitan jaitsi naiz Salamancara, Aldearrodrigo, Aspariegos... eta halakoetara. Gutxik egingo zituzten nik adina kilometro, baina agian horregatik egon naiz hainbeste urtez, hango pilotaleku lehorretan ere jokatzen jakin dudalako. Gainera, bidaia asko politak izan dira, lagunekin, autoan elkarrekin...».
Agurreko partida, dena den, gustuko tokian jokatuko du: Tolosan. Agurrekoa, bai, zeren, Asegarcen bederatzi urte egin ostean, igandean jantziko baitu elastikoa azkenekoz. Jon Ander Albisurekin ariko da, Julen Retegi eta Jose Javier Zabaletaren aurka. «Partida polita da», aitortu du. «Pena» sentitzen du, bide bat bukatu delako, eta «beldur pixka bat» ere bai, lan merkatuan murgilduko delako. «Udan lasai egon nahi dut. Bikotekidea eta alaba jaioberriarekin oporretan joan nahi dut. Lehenbizikoz joan ahal izango gara nonbaitera egun batzuk pasatzera! Gero, ikusiko dugu. Goi mailako automozio modulua egin nuen bere garaian, eta ea lanen bat aurkitzen dugun». Eta pilotan segitu? Enpresa txikiago batean... «Ez. Eskaini didate, eta oraingoz ez dut asmorik. Igandekoa izango da azken partida».
Olaetxearen mintzoari umiltasuna dario, eta beti tartekatzen du barrea esaldi artean. Txori gutxi du buruan, eta oso argi zein den bere maila. «Gorago iritsi ez banaiz, ailegatu ez naizelako izan da. Goian jokatzeko, beste maila bat behar da, beste oinarri eta abiadura bat... Badakit Bigarren Mailan aritzeko pilotaria izan naizela». Aurrelari polita izan da, artista, baina, berak dioenez, «motza»; alegia, kolpe gutxikoa. Eta indarrik gabe zaila da Lehen Mailan aritzea. Hala ere, 2012an, Lehen Mailako binakakoa jokatzeko zorian egon zen; ezker eskua mindu zuen. Iker Arretxe aukeratu zuten haren ordez.
Lizartzarrak, dena den, ez du aukera faltaren minik. «Ondo aritu naizenean, enpresak eman izan dizkit partidak. Alde horretatik, ez dut inori buruz gaizki esaka hasteko arrazoirik». Bigarren Mailako hiru txapelak irabazitakoa da —buruz burukoa eta binakakoa 2011n, eta lau t'erdikoa 2008an—, baina, dioenez, ez daki non dauden. «Amak izango ditu, edo... Etxean gordeak, ziur asko. Agian, haiek aurkitu eta txukun jartzeko unea iritsi zait [barrez]».
Ondo bukatu du Asegarcerekin. Asteartean esan zioten ez ziotela berrituko kontratua, eta herenegun egin zuen azken entrenamendua. Ordurako espero zuen erabakia. «Iaz esan zidaten ondo bidean ni izango nintzela hurrengoa enpresa uzten. Azken urtea, gainera, gogorra izan da. Eskuko mina izan dut, jokoa hartu ezinik... eta gazteak gogor datoz».
Hiru txapel irabazi arren, Olaetxearen ibilbideko mugarria 2014ko lau t'erdikoa izan zen. Olaizola II.ari, Barriolari eta Ezkurdiari irabazi zien ligaxkan, eta finalerdietatik bost tantora gelditu zen —22-9 galdu zuen Bengoetxea VI.aren aurka, eta 14 tanto behar zituen—. «Aimarren aurkakoa nire bizitzako partida izan zen (22-18). Egia esan, ez dut berriz ikusi, eta bideoa etxean dut. Labriteko aldagelan, anaiarekin eta olaizolatarrekin argazkia atera nuen, eta hura ondo gordea dut».
Garairik txarrenak, berriz, zeintzuk izan dira? «Lesioak edo porrotak esan ohi da, baina horiek pilotaren berezko gauzak dira. Niretzat, gogorrena enpresak lagunen bat bidali duenean izan da. Oier Mendizabal, Argote, Oteiza... Saralegirena ere kolpea izan zen. Denak ziren lagunak». Halakoengatik, igandean ez zaio lagunik faltako inguruan Beotibarren. Ezta etorkizunean ere, han aritzen baita Tolosaldeako umeen pilota maisu, astean hirutan.
Ez zaio lagunik faltako Beotibarren
Mikel Olaetxeak igandean jokatuko du azken partida Asegarcerekin, eta ez du jarraitzeko asmorik. Pena eman dio albisteak, baina gustura dago bederatzi urteko bidean eginikoarekin, beti jakin izan baitu zein zen bere maila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu