Lara Gonzalez. IDK Gipuzkoako jokalaria

«Ez sailkatzea ez da porrota, klubak hazten segitzen baitu»

Lara Gonzalezek uste du «posible» dela sasoi honetan hirugarren aldiz Mann Filterren pabiloian irabaztea. Antolatzaileak psikologikoki eta fisikoki nekatuta ikusten du taldea, baina ilusioz.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Titulurako lehen kanporaketako partida erabakigarria jokatuko du gaur IDK Gipuzkoak Zaragozan (Espainia), Mann Filterren kontra (Teledeporte, 21:00). Lara Gonzalez joko antolatzaileak (Donostia, 1994) argi du zein izango den partida irabazteko gakoa: «Defentsa eta errebotea ondo zaindu behar ditugu, eta erasoan erritmo bizian jokatu».

Igandean eskura izan zenuten sailkapena, baina hirugarren laurden txar baten erruz galdu egin zenuten. Zer pasatu zen?

Sasoi osoan hirugarren laurdenetan kosta egiten ari zaigu erritmoa hartzea eta partidan sartzea. Haiek falta dezente zituzten, eta zonakako defentsan jarri ziren. Defentsa horretara gu ez gara oso ondo moldatzen. Gainera, kanpotik egin genituen lehen jaurtiketak ez genituen sartu, eta defentsa mota horri eraso egiteko erabakigarria izaten da lehenbiziko ahaleginetan asmatzea.

Finalerdietako mugarri hori hain gertu izateak presioa eragin zizuela uste duzu?

Ez, haiek direlako kanporaketa gainditzeko faboritoak, eta hirugarren partida jokatzea ziurtatuta genuelako. Baina, agian, gogoz ginen kanporaketa bigarren partidan erabakita uzteko eta egun batzuk izateko finalerdiak prestatzeko eta lasaiago egoteko.

Nola helduko diozue hirugarren partida honi?

Nekatuta gaude, bai psikologikoki, baina baita fisikoki ere. Izan ere, Azuk [Muguruza entrenatzaileak] denen artean banatzen ditu minutuak, eta denak goaz neke hori pilatuz. Baina uste dut neke hori ondo kudeatzen ari garela. Ilusio eta gogo handiz gaude, erakusteko gurea bezalako klub xume bat finalerdietan egon daitekeela. Gainera, sasoi honetan han jokatu ditugun bi partidak irabazi egin ditugu, eta horrek konfiantza eman behar digu.

Haiek nekatuta ikusten dituzu?

Guk baino txandakatze gutxiago egiten dituzte. Lauzpabost jokalarik 30 minutu inguru jokatzen dituzte. Hori abantaila izan daiteke guretzat. Hor estutu egin behar ditugu, abiaduraz jokatuz, nekea antzeman dezaten. Baina, aldi berean, eskarmentu handiko jokalariak dira, eta oso ondo dakite jokoaren erritmo eta egoera desberdinak kontrolatzen.

Oso ondo ezagutzen duzue elkar. Zein ezusteko eman diezaiekezue jokatzeko eran?

Zaila da ezusteren bat ematea. Beraz, arreta ez dugu horretan jarri behar, baizik eta ondo egiten dakizkigun gauzak ondo egiten. Adibidez, kanpotik egiten dituzten jaurtiketak aurreko partidan baino hobeto zaindu behar ditugu, baita defentsako errebotea ere. Izan ere, gure indarguneetako bat errebotea da, eta aurreko partidan, jokalari batek bakarrik, Lucilak [Pascua], hamazazpi hartu zizkigun. Lehen partidan bezala defendatzen badugu, aukera asko izango ditugu finalerdietan egoteko.

Gaby Ocete eta Paola Ferrari taldekide ohiek min handia egin zizueten. Nola zaindu ditzakezue?

Paola oso gainean zaindu behar da, laguntzak ondo eginez. Uztaipean adi ibili behar dugu, barrutik pase asko jasotzen dituelako.Gabyri, berriz, ez diogu utzi behar jokoaren erritmoa ezartzen.

Uztaipean haien pibotak ez al dira nagusi?

Gu baino jokalari garaiagoak dituzte barruan, batez ere Lucila. Baina garaiera ez da beti erabakigarria izaten uztaipean. Guk kalitate handiko pibotak ditugu, eta hori baliatu behar dugu.

Zein egiteko izan dezakezu gaurko partidan?

Defentsan gogor eta bizi aritzea gustatzen zait, eta hori izan daiteke nire ekarpena. Nire filosofia da ondo defendatu gabe ezin dela ondo eraso egin.

Sasoi honetan bi aldiz irabazi diezuela kontuan hartuta, urduri egon daitezke?

Haiek dira kanporaketa gainditzeko faboritoak, eta presio hori izan behar dute. Are gehiago,etxean jokatuta.

Porrota litzateke finalerdietarako ez sailkatzea?

Ez, inondik inora. Kanporaketetarako sailkatu ez bagina ere ez genuke porrot gisa hartuko. Garrantzitsuena da klubak hazten eta bere bidea egiten segitzen duela. Hirugarren partida honetara iristea urrats bat da jada.

Pozik zaude egiten ari zaren sasoiarekin?

Bai, pozik nago taldeari egiten diodan ekarpenarekin, eta batez ere antolatzaile postutik nire taldekideei erosoago jokatzen laguntzen ari naizelako. Bide horretan segitu nahi dut. Asko ari naiz ikasten eta hobetzen: jaurtiketan, pistan egoteko moduan... Partida garrantzitsuetan Azuk jokatzeko aukera eman dit, eta aurreko sasoian baino lasaiago eta erosoago sentitu naiz.

Urtarrilean berritu zenuen kontratua. Hori bultzada bat izango da zuretzat, ezta?

Bai. Klubarekin hitz egin nuen, eta berehala lortu genuen akordioa. Nik hemen jarraitu nahi nuen, eta poztekoa da klubak etxeko jokalarion alde egitea. Onintza [Aduriz], Maria [Erauntzetamurgil], Sara [Iparragirre] eta Iulenerekin [Olabarria] taldean egotea oso berezia da niretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.