Mikel Urrutikoetxea. Baikoko pilotaria

«Ez nuke sinatuko sailkapeneko azken bi postuak saihestea»

Azken bi norgehiagokak galdu arren, Jon Ander Albisu eta bera jokoz «ondo» daudela uste du Urrutikoetxeak. Ataungoarekin «oso gustura» ari da binakakoan, eta pilotaz «disfrutatzen».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2022ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Garaipenaren bidera itzuli nahi dute Mikel Urrutikoetxeak (Zaratamo, Bizkaia, 1989) eta Jon Ander Albisuk. Jokin Altunaren eta Xabi Tolosaren aurka jokatuko dute seigarren jardunaldiko partida bihar, Bilbon (ETB1, 22:15). «Partida garrantzitsua da», esan du Urrutikoetxeak.

Bost partidatatik bi irabazi dituzue. Nolakoa da uzta?

Ondo hasi genuen txapelketa, lehenengo hiru jardunaldietan bi garaipen lortuta, eta sentipen onak izanez. Azken neurketetan, galdu arren, sentipenak ez dira izan txarrak. Baina, gaizki edo ondo jokatu, garrantzitsuena irabaztea da. Oraindik partida asko gelditzen dira, baina puntuak bildu behar ditugu.

Beraz, erdipurdiko uzta dela esan daiteke?

Ez nuke hori esango, oro har ondo sentitu garelako. Jokoz ondo gaudela uste dut, eta bikote bezala ere ondo moldatzen ari gara. Sailkapenari erreparatuz gero, lehenengo postuan dagoen bikotea izan ezik, gainontzekoak nahiko berdinduta gaude, eta jardunaldi batetik bestera gauzak asko alda daitezke.

Puntu gehiago merezi zenituzten?

Dauzkagun puntuak dira. Izan dugu agian partidaren bat non bigarren zatian ez dugun lehen zatiko maila eman: hori izan da gure hutsunea. Saiatu behar dugu hasieratik amaierara arte maila berbera ematen.

Nola ikusi dituzu gainontzeko zazpi bikoteak? Aitor Elordi eta Jose Jabier Zabaleta zeresana ematen ari dira.

Oso bikote ona osatzen ari dira. Jose [Jose Jabier Zabaleta] ikaragarri ondo dabil, asko jotzen eta pilota gutxi galtzen, eta, Elordiri dagokionez, agerikoa da zein erraz amaitzen duen tantoa. Bikote hori alde batera utzita, sailkapena oso estu dago.

Sinatuko zenuke azkenengo bi sailkatuen artean ez amaitzea?

Ez, ez nuke sinatuko azken bi postuak saihestea, ahalik eta gorenen amaitzea baita gure helburua. Txapelketa aurkeztu zenean, helburu hori jarri genuen, eta ez da aldatu. Puntu batera daukagu bigarren postua.

Jon Ander Albisurekin lehen aldiz ari zara binakako txapelketa jokatzen. Zer moduz moldatzen zarete?

Oso gustura ari naiz. Ilusioa egiten zidan harekin jokatzeak. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, urte batzuk badira profesional garenetik, eta, halere, ez dugu inoiz aukerarik izan txapelketa hau elkarrekin jokatzeko. Ikusi behar genuen kantxan nola elkar hartzen genuen, gutxitan jokatu baitugu elkarrekin; eta, egia esan, oso gustura ari gara: kantxan zein kantxatik kanpo harreman ona dugu. Hori da garrantzitsuena.

Zuen bikoteari buruz gutxi hitz egin da. Zergatik?

Batek daki; ni horretan ez naiz sartzen. Gu saiatzen gara gure lana ahalik eta ondoen egiten, eta horrelakoei ez diegu jaramon handirik egiten.

Nola ailegatu zara zu txapelketara?

Gustura, eta gauzak ondo egiteko gogo eta ilusio handiz. Pilotaz disfrutatzen ari naiz.

2016an txapeldun izan zinen, eta 2020an txapeldunorde. Baina bi aldietan atzelari gisa, eta Aimar Olaizolarekin. Gogo berezia duzu aurrelari bezala txapelketa on bat egiteko?

Bai, noski: gogo handia daukat aurrelari moduan binakako txapelketa irabazteko. Garrantzitsuena bikote on bat osatzea da, eta bien lana behar da hori lortzeko.

Berriki bi urterako luzatu duzu kontratua Baikorekin. Azkar iritsi zineten akordio batera?

Bai, ez dugu batere arazorik izan. Pozik nago beste bi urtez Baikon jarraitzeko aukera izango dudalako: gero gerokoak. Maila on bat emateko entrenatzen gara. Orain, beste bi urte ditut pilotaz gozatzeko eta txapelketetan ahalik eta emaitza onenak lortzeko.

33 urterekin, enpresako pilotaririk beteranoena zara. Gazteei laguntzea eta erakustea ere tokatzen zaizu?

Badirudi geroz eta azkarrago bihurtzen dela bat beterano. Normala da, hamahiru urte daramatzat-eta profesionaletan, baina 33 urterekin beteranoena izatea bitxia ere bada.

Aimar Olaizola zen lehen beteranoena. Zer harreman duzu orain harekin?

Betidanik izan dugu harreman ona. Argi dago orain berak beste lan bat duela; Baikoko zuzendari tekniko den heinean, erabakiak hartu behar ditu, eta nik inolako arazorik gabe errespetatzen ditut. Horrek ez du kentzen lagun ona izatea.

Iker Irribarriaren eta Danel Elezkanoren gisako bi txapeldun txapelketatik kanpo geratu dira. Belarriak tente mantentzeko balio dizuete horrelakoek?

Bai, baina urte osoan gure mailarik onena ematen ahalegintzen gara, ez soilik txapelketa handi bat gertu dagoenean. Pilotari guztiek dute lehiatzeko grina hori, eta partida guztiak irabazteko gogoa. Azkenean, enpresek erabakitzen dute nor sartu txapelketan eta nor ez; baina, behintzat, norberak gustura egon behar du bere mailarekin.

Bihar Altunaren eta Tolosaren aurka jokatuko duzue. Bigarren postuaren borrokan bete-betean sartzeko aukera duzue.

Bai, partida garrantzitsua da guretzat, gauza askorengatik: guk baino puntu bat gehiago dutelako; eta haiek irabaztetik datozelako, eta gu, berriz, azkeneko biak galduta. Nahiz eta Peio Etxeberriaren eta Rezustaren aurka galdu genuen partidan egindako lanarekin gustura geratu ginen, ez genuen irabazi, eta puntua lortzea garrantzitsua litzateke garaipenaren bidera itzultzeko.

Nolakoa izan da zure 2022a?

Argi dago buruz buruko eta laueta erdiko txapelketetan ez nuela nire maila ematerik izan. Udan, aldiz, gustura aritu naiz, partida asko jokatzen. Ea 2023an banakako txapelketetan berriro ere nire mailarik onena emateko gai naizen: horretarako buru-belarri entrenatuko naiz. Horrez gain, lesiorik ez izatea eta pilotaz disfrutatzea eskatzen diot 2023ari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.