Dagoeneko urte erdia osatu du Grezian Dani Garciak (Zumarraga, Gipuzkoa, 1990). Athleticen sei denboraldiz jokatu ondoren, joan den udan Olympiakoserako bidea hartu zuen, eta ez da damu hartutako erabakiaz. Bizitza pertsonalean bikain doazkio kontuak, besteak beste sei hilabeteko haurraz «gozatzen» ari baita. Eta kirol arloan ere ez du kexatzeko motiborik, pozik ari baita Jose Luis Mendilibarren esanetara. Olympiakos lehen postuan dago Greziako Superligan, Kopan finalerdietarako pausoa eman du aste honetan, eta Europa ligan zortzi onenen artean sailkatu da lehen fase luzean.
Athleticetik kanpo hotz egiten duela esan ohi da askotan, baina Atenasen gozatzen ari zarela esana duzu. Zer moduz doakizu bizitza?
Oso ondo, egia esan. Ia bizitza osoan etxe inguruan aritzera ohituta nengoen: Eibarren lehenbizi, eta Bilbon geroago. Beldur handiz iritsi ginen Greziara, ez genekien eta nola egokituko ginen, baina zoriontsu gaude. Euskaldunon kulturaren antzekoa dute hemen, klima ere oso atsegina da, eta dagoeneko lagun taldea ere badaukagu. Arratsaldean kafetxo bat hartzeko lagun talde ederra elkartzen gara, eta haurrarekin ere gozatzen ari gara.
Aldaketa asko izan dituzu denbora gutxian: herrialde aldaketa, aitatasuna…
Geure buruari galdetzen genion ea zer bide hartzen ari ginen, baina, zorionez, guztia biribil ateratzen ari zaigu. Haurrak ez digu neke handirik eragiten, oso zintzoa baita, eta hori lagungarria da kirol arloan nire onena emateko. Pozik eta ilusioz joaten naiz entrenatzera, eta horixe nahi nuen. Mendilibar nire aita da futbolean, eta oso eramanerrazak eta atseginak dira haren lan saioak. Gehiago edo gutxiago jokatu, egunerokoan pozik egon nahi nuen, eta lortzen ari naiz. Denboraldi hasieran bost astez geldirik egon nintzen lesio baten ondorioz, baina orain sasoiko nago, eta dezente jokatzen ari naiz.
«Denboraldi hasieran bost astez geldirik egon nintzen lesio baten ondorioz, baina orain sasoiko nago, eta dezente jokatzen ari naiz»
Nolako taldea da Olympiakos?
Beti nengoen ohituta familia moduko batean egotera. Athleticen, adibidez, ia guztiok genuen antzeko pentsaera, eta horrek gauzak errazten zituen. Olympiakosen, kultura ezberdinetako jendea dago, baina oso talde polita daukagu. Denok bikain moldatzen gara gure artean, eta Mendilibar da gakoa. Lider bat da, eta, nahiz eta itzultzaile bat eramaten duen alboan, haren keinu bat aski da uler dezagun zer nahi duen gugandik. Ohartu naiz oso pertsona maitatua dela.
Emaitzak ere lagun ditu Mendilibarrek. Zer erronka dituzue sasoi honetarako?
Ligari dagokionez, lehen postuan gaude, eta lau puntura ditugu bigarren eta hirugarren sailkatuak. Kopan ere finalerdietan gaude, eta Europa ligan zortzi onenen artean sailkatzea izugarria izan da. Grezian klub erraldoia da Olympiakos, eta, iaz Konferentzia Liga irabazi ondoren, sentitzen dugu talde guztiek gogo handiagoz jokatzen dutela gure aurka. Presio hori izatea polita da; asteburuero irabazi behar izatea, alegia. Gure erronka da Europan ahalik eta urrutien iristea; zaila izango da, baina ilusioz gainezka gaude.
Gerta daiteke Athleticen bidea eta zuena gurutzatzea final-laurdenetatik aurrera. Gustatuko al litzaizuke?
Ezta pentsatu ere! Lehen faseko zozketa egin zenean, Athleticeko hainbat jokalarik idatzi zidaten Whatsapp bidez, ea elkarren aurka aritzea egokitzen zitzaigun, baina nik ez nuen nahi. Batez ere, txapelketa irabazteko faboritoetako bat delako Athletic. Eta, bestetik, emozionalki oso gogorra litzatekeelako nire lagunen aurka jokatzea. Olympiakoseko taldekideek gogo bizia dute San Mames ezagutzeko, baina esaten diet soilik finalean probatu behar genukeela. Finalean bai, ariko nintzateke Athleticen aurka, baina bestela ez.
Europa ligako finala Bilbon izaki, ilusio izugarria zabaldu da zale zuri-gorrien artean. Ordea, uste al duzu Athletic gai dela Europa liga irabazteko?
Faboritoetako bat da. Athleticen jokatzen nuenean, mundu guztiak esaten zidan ikusgarria zela nolako jokoa egiten genuen eta zenbateko erritmoa ematen genion partidari, baina ni ez nintzen ohartzen. Orain bai. Partida guztiak ikusten ditut, eta asko gustatzen ari zait taldea. Hori bai, Europan titulu bat irabaztea oso zaila da. Bilbon badakigu ilusioa azkar batean zabaltzen dela, baina oinak lurrean izan behar dira. Oraingoz bide onean daude, eta pentsatzen dut jokalariek buruan dutela martxotik aurrera sasoi betean iristea.
Zuk zeuk ez zenuen Europan lehiatzerik izan Athleticekin, eta arantza hori duzula aitortua duzu. Beste arantzarik geratu al zaizu barruan?
Mingarria izan zen Espainiako Kopako bi final jarraian galtzea. Oso mingarria, batez ere Realaren aurkako porrota. Emozioek gain hartu ziguten, eta futbolean ez genuen batere jokatu. Dena den, une zoragarriak ere pasatu ditut sei urtean, eta onenetan onena, iazkoa, Kopa irabazi ondorengo guztia. Une gazi-gozoak pasatzea tokatu zait, baina ez nuen pentsatu ere egingo Athleticekin 195 partida jokatuko nituenik, eta oso harro nago.
«Ez nuen protagonista izan nahi, eta ez dut agur ofizial baten beharrik jakiteko Athleticeko zaleek maite nautela»
Ez zenuen agur ofizialik egin nahi izan, eta atzeko atetik-edo irten zinen. Zergatik?
Batez ere, Raul Garcia eta Iker Muniaini tokatzen zitzaielako merezi bezala agurtzea, eta ni ez nintzelako sentitzen haien koska berean. Ez nuen protagonista izan nahi, eta ez dut agur ofizial baten beharrik jakiteko Athleticeko zaleek maite nautela.
Etorkizunera begira, zer asmo duzu? Soilik sasoi baterako kontratua sinatu zenuen.
Mendilibarrek jarraitzen badu, gustatuko litzaidake Olympiakosen segitzea. Oso bizimodu atsegina topatu dugu, eta gustura gaude. Gainera, grezieraz ez dut tutik ere ulertzen, eta, hedabideek dioten guztia ulertzen ez dudanez, lasai bizi naiz.