Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia

Mikel Iturria: «Ez nuke erretiratu nahiko eroriko honen ondorioz, baina gerta daiteke»

Iturriak istripu larria izan zuen apiril amaieran, Romagnako Itzulian, eta errehabilitazioa berriki hasi du. Ez daki lehiara inoiz itzuliko den, baina kezka handiago bat du: lesioek arrastorik ez uztea. «Gerora edozein kirol egiteko gai izan nahi dut».

Mikel Iturria. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Iturria. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko ekainaren 11
05:00
Entzun

«Pareta bat jotzea bezala izan zen». Hala deskribatu du Mikel Iturriak (Urnieta, Gipuzkoa, 1992) Romagnako Itzulian izaniko istripua. Azken ahaleginean izan zen, helmugako arrastoa jada begi-bistan zuela. Esprint betean, telebistaren motor bat aurkitu zuen errepide erdian. Ezin izan zuen saihestu, eta kolpe handia hartu zuen lurraren kontra. Ondorioa: hausturak tibian, peronean eta ornoetan, eta garezurreko traumatismo arina. Ezbeharrak kolokan jarri du haren etorkizuna ziklista profesional gisa. Errealista da Iturria, baina, era berean, ez du galdu tropelera itzultzeko esperantza.

Zer moduz zaude? Nola doa osatze prozesua?

Lehen sei asteetan ezin izan dut ezer egin. Orain, hanka mugitzen hasi naiz, eta azken egun hauetan hobekuntza apur bat nabaritu dut. Alde horretatik, ondo. Bota gabe ezin dut hanka lurrean jarri, baina gutxienez mugitu dezaket. Ahalik eta indar gutxiena galtzea da helburua. Bestalde, lepokoa jantzi behar dut oraindik.

Zenbat denbora beharko duzu berriz ere errepidera atera arte?

Eskaiolarekin bizikleta estatikoan ibili nintzen, zirkulazioa aktibatzeko. Orain ezer gabe hasi naiz. Orkatilak oraindik ez daude ohituta, eta ezin diet pedalei normal eragin. Pixkanaka joan beharra daukat. Oraindik ez dakit bizikleta normaltasunez noiz hartu ahalko dudan. Esan zidaten hiru hilabetez lepokoa erabili beharko nuela, eta epe hori dut buruan. Baimena ematen didatenean lepokoa kentzeko, ea posible dudan errepidera ateratzea. 

Prozesuak pazientzia handia eskatzen duela dirudi.

Hala da. Bere garaian femurra hautsi nuenean ere halaxe egon nintzen. Orduan gaizki egiten nuen lo, eta nekatuago nengoen. Hori bai, oraingo egoera ere ez da batere samurra. Ematen du ondo zaudela, baina ezin duzu mugitu ez hanka, ez lepoa. Geldi egon behar duzu. Psikologikoki, gogorragoa ari da izaten. Esnatu, eta egun guztian ez duzu zer egin.

Femurra hautsi zenuen hanka berean duzu orain lesioa; tibiako eta peroneko haustura, zehazki. Kezka sortzen dizu horrek?

Bai. Femurrarena gauza larria izan zen, eta geroztik beti izan dut min apur bat eta lesio txikiren bat. Dena hortik dator, eta orain hanka bera izanda, zalantza egiten duzu, ea dena ondo geldituko den. Bizikleta egunen batean bukatuko da, eta gerora ez nuke arazorik eduki nahi mendi buelta bat emateko edo korrika saio bat egiteko, adibidez. Baikorra izan nahi dut, eta uste dut ondo aterako dela.

Ziurtasun bat baduzu behintzat: aurtengo denboraldia bukatu dela.

Erori nintzenean ez nuen uste. Etenaldi txiki bat zetorkidan egutegian, eta pentsatzen nuen laster itzuliko nintzela, egun batzuk etxean izorratuta pasa ondoren. Baina ospitalean gauza konplikatu egin zen. Lesioak uste baino larriagoak ziren, eta berehala konturatu nintzen aurtengoak jada bukatu direla.

Ondo gogoratzen duzu istripua nola gertatu zen?

Bai, konorterik ez nuen galdu. Lepoan mina sentitu nuen, baina gorputzaren sentikortasuna ez nuen galdu, eta alde horretatik lasai nengoen. Esprintatzera gindoazen, eta 250 metroren faltan motor bat geldi zegoen. Esprintean ez duzu ezer ikusten, eta hesi artean ez duzu espero erdian motor bat egongo denik. Motorra aurreko ziklisten atzetik zihoan, eta desbideratzea jan egin zuen. Helmuga igaroz gero isuna jarriko zioten, eta, hori ekiditeko, gelditu egin zen. Hutsegite handia izan zen. Oso azkar gertatu zen dena. Ikusi bezala, lurrean nengoen. Kolpe handia hartu nuen lurraren kontra: pareta bat jotzea bezala izan zen. Behintzat, buruan ez nuen lesio larririk izan.

Bestelako oztopoak ere izan dituzu urte hauetan. Lehen, femurreko haustura aipatu duzu, eta bere garaian epilepsia arazoak ere izan zenituen. Egoera horiek gainditu izanak itxaropena ematen dizu?

Motxila zamatuz doa lesio berriak izan ahala, baina egia da aurreko esperientziak lagungarriak direla; gauzak beste modu batez kudeatzen dituzu. Osatzeko gogo handia dut, eta ea bizikleta gainera igotzean dena ondo doan, eta berriz ere ziklismoaz gozatzeko aukera daukadan. Ez nuke erretiratu nahiko eroriko honen ondorioz, baina gerta daiteke. Eta ez nau askorik kezkatzen; nire kezka bakarra da dena ondo geratzea, gerora edozein kirol eginez gozatu ahal izateko, nahiz eta profesionaletan ez izan.

«Motxila zamatuz doa lesio berriak izan ahala, baina egia da aurreko esperientziak lagungarriak direla; gauzak beste modu batez kudeatzen dituzu»

Aurten bukatuko zaizu kontratua Euskaltelekin. Zer esan dizute taldeko zuzendariek?

Lasaitasuna transmititu didate. Hasieratik haien babesa sentitu dut. Errekuperatzea da orain helburu bakarra, eta gero hitz egingo dugu hitz egin beharrekoaz. Ez dauka zentzurik kontratu kontuez hitz egiteak, gero ez banaiz ondo errekuperatzen. Era berean, femurra hautsi nuenean 25 urte neuzkan, eta orain 32 ditut. Gauzak beste modu batez ikusten ditut. Behin ikusita bizikleta gainean nola sentitzen naizen, orduan hartuko dut hartu beharreko erabakia.

Zer iritzi duzu taldearen jardunaz? Espero baino emaitza apalagoak ari zarete lortzen?

Ondo ikusten dut taldea. Kontua da azken bizpahiru urteetan puntuek sekulako garrantzia hartu dutela. Lasterketa askotan ondo aritu gara, baina puntu gutxi lortzean ematen du lasterketa txarra egin duzula. Zaila da emaitza onak lortzea, edozein probatan World Tourrak baitaude. Nik uste taldearen maila ona dela, eta ea laster fruituak biltzen ditugun.

«Behin ikusita bizikleta gainean nola sentitzen naizen, orduan hartuko dut hartu beharreko erabakia»

Puntuen borrokak asko handitzen du arriskua?

Izan liteke. Alde batetik, igo egin da tropelaren maila, eta azkarrago goaz. Eta gero, denok gabiltza puntuen atzetik. 1.Pro lasterketetan, lehen 40ek dituzte puntuak. Lehen, agian 40 ziklista sartzen ziren lehen hogei postuen borrokan. Baina orain agian 80 ziklista dituzu lehen berrogeien artean sartu nahian. Arrisku sentsazioa handiagoa da orain. Ni ez naiz halako egoeretan esprinta egin zalea, baina Romagnako Itzulian, multzo txiki batean nengoen, eta postu ona lortzeko aukera neukan. Orduko hartan ez zen puntuen arazoa izan, huts larri baten ondorioa baizik.

Espainiako Vueltan ariko zarete. Hain justu, aurten bost urte izango dira Urdazubin etapa irabazi zenuela.

Guretzat erakusleiho onena da. Jendea oporretan egoten da, eta askok ikusten dute. Pozik nago alde batetik, taldea hor egongo delako. Baina pena ere badut, noski, ezingo bainaiz borrokatu bertan izateko. Hala tokatu da. Osasunak laguntzen badit, lasterketa ikustera joaten saiatuko naiz. Zale gisa gozatzeko aukera izango dut. Iaz Tourmaletera joan nintzen ikustera. Beste aldean egotea ere polita da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.