Xabi Zurutuza. Pilotua

«Ez nuen espero Red Bull KTM taldearekin egitea jauzia»

Legazpiarra aurrerapausoak ematen ari da, eta Moto 3ko pilotua izango da hurrengo denboraldian, Red Bull KTM taldean. Inoiz maila horretan aritutako lehen gipuzkoarra izango da.

XABI ZURUTUZA / FLICKR.
pettan uralde
2023ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Junior GP mailako bigarren denboraldia amaitzear dago Xabi Zurutuza pilotu gaztea (Legazpi, Gipuzkoa, 2006). Lehendabizikoa egokitze urtea izan zuen: zorte handirik ez, eta hala moduz amaitu zuen denboraldia. Aurtengoa, ordea, oso desberdina izan da. Heldutasuna erakutsi du 17 urteko gazteak, eta, are, txapelketan nabarmentzea lortu ere bai Bi lasterketa ikusgarri irabazi ditu, eta bizitza aldatuko dion deia jaso: Red Bull KTM taldearena, hain zuzen ere. Hurrengo denboralditik aurrera, Moto 3ko pilotua izango da, eta Iberiar penintsulako zirkuituetatik mundu zabaleko zirkuiturik garrantzitsuenetara egingo du jauzi.

Beti izan zara anbizio handiko pilotua, eta natural hitz egiten duzu zure helburuen inguruan. Horietako bat lortu duzu oraintsu. Zer dakarkizu horrek?

Amets bat betetzea izan da. Eliteko kirol guztietan gertatzen den moduan, sakrifizio eta esfortzu handia eskatzen du maila honetara iristeak. Zorte pixka bat ere behar izaten da, baina, kasu honetan, nire familiaren sakrifizioa izugarria izan da, nirea ez baita kirol erraza pauso horiek emateko. Oso pozik nago, eta gogo handiz etapa honi hasiera emateko.

Gainera, KTM taldearekin eman duzu pausoa. Haien eskaintza espero zenuen, edo ustekabean harrapatu zintuen?

Ez nuen espero Red Bull KTM taldearekin jauzi egitea Munduko Txapelketara. Azkenean, errealistak izan behar dugu, eta seigarren postuan nengoen txapelketan. Egia da bi lasterketa irabazi nituela, eta, beste batzuetan, zorte gutxirekin bota egin nindutela. Baina ez nuen espero txapelketa osoko talde onenetako baten eskaintza jasotzea, eta oraindik ezin dut sinetsi hurrengo urtean halako talde batean egongo naizenik.

Talde handi baten deia jaso zenuen, baina eskaintza gehiago izan zenituen?

Ondo ari nintzen, eta banekien lehenago edo geroago talderen baten interesa pitz nezakeela. Baina kirol honetan nork daki, agian ez duzu dei hori inoiz jasoko. Nik, hala ere, hainbat eskaintza jaso nituen, Aki Ajorena barne [Red Bull KTM].

Baina ez zenuen askorik pentsatu behar izan, ezta?

Eskaintza horietatik, KTMrena gustatu zitzaidan gehien. Eskaini orduko, argi nuen aproposena hura zela, eta ez nuen askorik pentsatu behar izan. Izan ere, zure ametsetako taldeak deitzen badizu, ez dago asko pentsatu beharrik.

Proposamen horiek zerikusi handia izango zuten zure errendimenduarekin, ezta?

Ondo aritu naiz, batez ere Portimaoko lasterketan [Portugal]. Txapelketa hauek egunen arabera joaten dira, eta seinalatutakoetan ongi egin behar da. Egun horietan ixten dira Moto 3ko taldeak, eta, aste horietan, ondo ibili nintzen. Nabarmendu egin nintzen, eta eskaintzak jasotzeko asko balio izan zuten emaitza horiek.

Aurreko denboraldian esan zenuen txapelketara egokitu behar izan zenuela, ez zenuela motorik aproposena, eta, gainera, ez zenuela zorte handirik izan. Aurten, ordea, arazo horiek desagertu egin dira?

Barneko talde osoa aldatu da, eta gure harremana oso desberdina izan da. Afaltzera elkarrekin joatea, motor kontuetatik kanpo elkartzea, konfiantza izatea... Familia moduko bat gara, eta hori, azkenean, nabaritu egiten da. Beti egoten dira asteburu zailak, baina denak bat eginda gaude, eta zailtasun guztiak errazten ditu horrek. Aurreko urtea desberdina izan zen, baina ulertu nuen prozesu hori ere pasatu beharra neukala, eta aurten askoz ere indartsuago egon naiz.

Motorraren inguruan, aurreko denboraldian motor zaharra nuen, eta orain besteen motor berdina izan dut, berria. Zaharra edukitzea desabantaila argia zen, eta orain askoz erosoago nago.

Taldeak gehiago babestu zaituela uste duzu? Aurten protagonista sentitu zara?

Aurten, babestuago sentitu naiz, nolabait. Aurreko sasoian, ez nuen inor ezagutzen lehenagotik, eta gehienak italiarrak ziren. Aurten, ordea, jende gehiago ezagutzen dut, eta gehienak espainiarrak dira. Horrek, nahitaez, asko laguntzen du, eta erosoago egon naiz aurreko denboraldiarekin alderatuta.

Lehenik Portimao, eta ondoren Montmelo [Herrialde Katalanak]. Espero zenituen horrelako bi garaipen?

Egutegian markatuta neuzkan bi lasterketa horiek. Zirkuitu famatuak dira, eta espektatiba handiak eragiten dituzte biek. Gainera, asko gustatzen zaizkit, eta bi tokietan oroitzapen onak nituen aurretik. Portimaon azken postuan atera nintzen zigor batengatik, eta denak gainditzea lortu nuen. Montmelon, gertu izan nituen aurkariak, baina lehen postuari eustea lortu nuen. Garaipenek beti pizten dute ilusioa, eta, lasterketa bereziak izan arren, oso zaila izan zen bi zirkuitu horiek irabaztea.

Azken astean, Motorlandeko lasterketan [Aragoi] aritu gara, eta hura ere markatua nuen, baina ondoezik egon nintzen hainbat gauzarengatik, eta ahal nuena egin nuen. Azkenean, laugarren gelditu nintzen, baina garaipen kutsua izan zuen niretzat.

Diozun moduan, Aragoin ondoezik egon zinen. Zer-nolakoa da horrelako egoeretan lasterketa bat jokatzea?

Asteburuan gauzak gero eta okerrago joan ziren. Sendatzen ari nintzela ematen zuenean, okerrera egiten nuen; beste gauza bat konpontzen ari zela ematen zuenean, okertu egiten zen... Denetatik gertatu zitzaidan, eta lasterketa oso gogorra izan zen. Larunbatean kolpe bat hartu nuen belaunean, eta minduta amaitu nuen lasterketa. Asteburu osoan bero handia pasatu genuen, eta, aurreko guztia batuta, oso zaila zen zerbait positiboa ateratzea. Irauteko lasterketa izan zen. Horrelako lasterketak izaten dira batzuetan, eta lasai egon behar izaten da zerbait positiboa ateratzeko.

Denboraldia amaitzeko bi lasterketa geratzen dira, Valentzian. Posible ikusten duzu txapelketa bigarren amaitzea? Edo zer gustatuko litzaizuke denboraldia amaitzeko?

Helburua irabaztea izango da. Geratzen diren bi lasterketak irabazi egin nahi ditut, eta txapeldunorde geratzea gustatuko litzaidake. Zaila izango da, baina denboraldia amaitzeko modu ezin hobea da, eta, aukerak dauden bitartean, horretan ahaleginduko naiz.

Hurrengo urtean Jose Antonio Rueda sevillarra izango duzu taldekide. Iaz, zure mailako txapeldun izan zen, eta, aurten, zortzigarren dago Moto 3 txapelketan. Nola ikusten duzu lehia hori?

Txapelketa horretan maila handiko pilotuak daude, eta gehienek emaitza bikainak lortu dituzte horra iristeko. Errespetua izan behar zaie, baina beldurra inoiz ere ez. Prest ikusten dut neure burua, eta gogoz nago haien ondoan indarrak neurtzeko.

Kontuak kontu, zuk ere izan duzu aukera kartak erakusteko, eta haien aurrean izan zara.

Irailean, Moto 3ko Montmeloko probetan parte hartu nuen, eta denborarik onenetan bosgarrena egin nuen. Ez nuen espero, eta izugarria izan zen. Azkenean, bi txanda besterik ez ziren izan, eta ez zegoen askorik egiteko astirik. Hurrengo urtean izango dudan motorra zazpi hamarren azkarragoa da; beraz, espero dut oraindik azkarrago aritzea.

Gainera, talde berriarekin aritzeko lehen aukera izan nuen, eta, egia esan, harrituta geratu nintzen taldeak nola lan egiten zuen ikusita. Sasoia bukatzean, haiekin hasiko naiz prestatzen, eta gogo handia dut berriro elkartzeko.

Hurrengo denboraldira begira, nola ikusten duzu zure rola? Lan handiagoa eskatuko dizu txapelketak?

Dena aldatuko da. Egia da KTM taldeak aukera eta baliabide gehiago emango dizkidala entrenatzeko, eta sasoi betean egoteko. Alde horretatik, prestatuago egongo naiz. Euskal Herrian oso zaila dugu entrenamenduak egitea, eta asko eskertzen dut KTMk emandako aukera. Erraztasun horiek oso beharrezkoak nituen; izan ere, hurrengo denboraldian askoz ere gehiago inplikatu beharko dut. Maila askoz ere handiagoa izango da, zirkuitu berriak, pilotu berriak, talde berria, motor berria... Dena berria izango da, eta ahal dudan guztia eman beharko dut hasieratik, ahal bezain erraz egokitzeko.

Azkenean, munduko zirkuiturik garrantzitsuenetan ariko zara. Hogei lasterketa baino gehiago izango dituzu, eta Moto 2ko eta Moto GPko egutegi bera. Fokuak gainean izateak urduri jartzen zaitu?

Natural daramat hori guztia. Kontu horretan nahiko ondo moldatu naiz beti, eta urduritasuna baino gehiago, gogo handia dudala esango nuke. Denboraldiaurreko probak azaroaren 28an hasiko dira, Ricardo Tormo zirkuituan [Valentzia, Herrialde Katalanak] eta denboraldiaren hasiera ofiziala 2024ko martxoaren 10ean izango da, Losail-eko zirkuituan [Qatar]. Zazpi urte daramatzat zirkuitu beretan lehiatzen, eta gogo handia dut zirkuitu berriak probatzeko. Mundua ezagutzeko ere gogoz nago.

Euskal Herrian, ordezkari nagusia Efren Vazquez izan zen. Hiru urtez aritu zen Moto 3 txapelketan, eta bi lasterketa egin zituen Moto 2 mailan. Hura gainditzea duzu helburu?

Munduko Txapelketara iristeaharrotasun handia da euskal pilotu moduan. Oso gutxik lortu dugu halakorik, eta horrek ere erakusten du zein zaila den euskal herritar moduan pilotua izatea.

Moto 3 lehiara iritsita, amets berei eusten diezu oraindik ere, edo nahiago duzu egunerokoan pentsatu?

Moto GPko txapelduna izatea da nire betiko ametsa, eta hori ez da inoiz aldatuko. Egunero horretarako egiten dut lan, eta horren bila arituko naiz erretiratu arte. Gauzak oso argi izan ditut beti, eta bide beretik jarraitzen dut, nire ametsak lortu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.