Costa Ricatik itzuli berri da Aratz Lakuntza (Donostia, 1999). Bertan OCR oztopo lasterketetako Munduko Txapelketan hartu du parte —ingelesezko Obstacles Courses Racing hitzen sigletatik dator izena—. Urte bete darama kirol hori praktikatzen; nahikoa, urrezko bi domina eta brontzezko bat kolkoratzeko. 25-29 urte arteko adin tartean eskuratu ditu urrezko biak, 3 eta 15 kilometroko probetan. Eta brontzezkoa elite mailan lortu du, taldekako lasterketa mistoan. Jada hurrengo sasoian du buruan, eta «elite mailako Munduko Txapelketarako sailkatzea» izango du helburu.
Ideiarik ere ez daukan batentzat nola azalduko zenuke zer den OCRa?
OCR edo oztopo lasterketa bakoitzak bere ezaugarriak dauzka, baina Munduko Txapelketaren funtzionamendua azalduko dut. Espainian, liga bat dago, zortzi lasterketa biltzen ditu, eta horietan lortutako postuen arabera sailka zaitezke Munduko Txapelketarako. Aurreneko urtea nuen, eta Europako Txapelketarako zein Mundukorako sailkatzea lortu dut, 25-29 urte arteko adin tartean.
Munduko Txapelketak lau modalitate barne hartzen ditu; hauek dira motzenetik luzeenera: 100 metrokoa, hamar bat oztoporekin; 3 kilometrokoa, 20 edo 30 oztoporekin; 15 kilometrokoa, 50 edo 60 oztoporekin; eta taldekakoak —gizonezkoena, emakumezkoena eta mistoa—.
Eta zer-nolako oztopoak gainditu behar izaten dituzue?
Hiru taldetan bereizten dira: zintzilikatze oztopoak, oreka oztopoak eta indarrekoak. Azken horietako bat izan liteke, esaterako, zaku bat hartu eta harekin 500 metro egitea.
Oso ezberdinak izango dira 100 metroko lasterketa edota 15 kilometrokoa.
Bai eta oso zaila da 100 metrokoan eta 15 kilometrokoan, bietan, ondo moldatzea. Jendea lasterketa baterako edo bitarako prestatzen da. Espainiako Ligako probak hamar kilometro ingurukoak izaten direnez, ni prestatuago nago luzeetarako. Hiru kilometrokoa, hamabostekoa eta taldekako mistoa egin nituen.
Eta hiruretan, domina.
Ez nuen espero Munduko Txapelketarako sailkatzerik ere. Behin hori ziurtatuta, bi hilabetez oso ondo prestatu naiz. Banekien ongi egin nezakeela, baina esan behar da nire adin tartean lortu ditudala dominak.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Adin tartekako txapelketaz gain, elite mailakoa dago. Bertara, herrialde bakoitzak bere bi edo hiru atleta onenak eramaten ditu. Hori oso urrun ikusten nuen, baina aurten nire adin tartean bi urre irabazita, hori izango da hurrengo helburua. Ea datorren urtean elite mailako Munduko Txapelketara sailkatzea lortzen dudan, onenekin lehiatzeko. Ez nuen espero nire bigarren urterako horrelako helburuak jarri ahal izango nituenik.
«[Euskal Herrian] ORCa ez da oso kirol ezaguna, baina maila handiko atleta asko daude»
Izan ere, aurreneko denboraldia izan duzu.
Bai, hori da, lehengo urtean hasi nintzen. Ikusten nuen Conquiseko [El Conquistador del Fin del Mundo, ETB2ko telebista saioa] partaide askok egiten zutela OCRa eta ikertzen hasi nintzen. Uste nuen ondo molda nintekeela, eta horrela hasi nintzen.
Lehen lasterketan oso gustura geratu nintzen, eta topera hastea erabaki nuen. Gimnasio batean sartu nintzen, nutrizionista bat hartu nuen... Ni horrelakoa naiz, hasieratik erabateko gogoa jarri nion. Asier Landartekin harremanetan jarri, eta berarekin entrenatzen hasi nintzen. Nik ideiarik ere ez neukala iritsi nintzen berarengana, eta nigan konfiantza izan zuen. Eskerrak eman beharrean naiz bai berari eta bai Algeposa enpresari ere. Bertan egiten dut lan, eta nire babesleak izan dira Munduko Txapelketan.
Nola entrenatzen zarete?
Astean 11 bat entrenamendu egiten ditugu: sei korrikakoak, hiru zintzilikako oztopoetarako entrenamenduak, eta beste bizpahiru indarrekoak.
Olinpiar Jokoetan sartuko dute oztopo lasterketa.
Bai, pentatloi modernoan. Zaldiketako proba kendu dute, eta, horren ordez, OCR lasterketa bat jarriko dute, 80 metrokoa. Uste dut Los Angelesko jokoetan, hemendik lau urtera, egingo dutela. Oso albiste ona da, ezagunagoa egingo da gure kirola.
Euskal Herrian ezagutzen al da?
Dezente jarraitzaile du. Gipuzkoan bi gimnasio daude OCRra zuzenduak, Denontzat Irun eta Denontzat Hernani. Horietan lan egiten duen jendeak ere asko daki. ORCa ez da oso kirol ezaguna, baina maila handiko atleta asko daude.