Miriam Arrillaga. Su-Berri klubeko pilotaria

«Ez nuen espero. Izena ez ematekotan egon nintzen»

Arrillagak irabazi zuen Emakume Master Cupeko azken lau eta erdikoa, 2019an. «Eskuko minez eta beldurrez» hasi zen aurten, baina «oso pozik» dago finalera iritsita: «Gozatu egin nahi dut».

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
Aginaga
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Zubietan (Gipuzkoa) bizi arren, Aginagan (Gipuzkoa) jarri nahi izan du hitzordua Miriam Arrillagak (Aginaga, 2000). «Hemen jaio nintzen, eta gustatzen zait halakoak hemen egitea». Toki kutunik badu, Hariztitxo pilotalekua du kutun. «Zenbat aldiz etorriko ziren gurasoak nire bila hona», dio.

Etzi jokatuko duzu finala Amaia Aldairen aurka. Prest zaude?

Bai. Oso gogotsu nago. Ez nuen espero finalera iristea. Izena ez ematekotan egon nintzen.

Zergatik?

Eskuz oso gaizki amaitu nuelako sanmateoetako torneoa.

Hala ere, izena eman zenuen.

Bai. Txapelduna bainintzen. Bestela, agian, ez nuen jokatuko.

Eskerrak. Finalean zaude berriz.

Bai, baina beldur askorekin joan nintzen lehen partidara; kontrario indartsua nuen, eta ez nituen ondo eskuak. Baina oso ondo jokatuta irabazi nuen [18-7 Arrate Bergararen aurka], eta horrek konfiantza eman zidan; beldurrak uxatu zitzaizkidan. Hala ere, beste bi partida falta zitzaizkidan finalera iristeko, eta biak lehena baino zailagoak izango ziren. Sufritu egin nuen [18-12 irabazi zion Uxue Osesi, eta 22-15 Enara Gaminderi], baina aurrera atera nituen biak.

Zer moduz dituzu eskuak?

Ondo ditut. Ez dut aitzakiarik.

Zer itxura hartzen diozu finalari?

Gogorra izango da, ziur. Badakit sufritu egingo dudala.

Nolako aurkaria da Aldai?

Aurrelaria denez, erasora jokatzen du beti, eta asko ere bai airez. Ni atzelaria naizenez eta botean jokatzen dudanez, ziur saiatuko dela airez min egiten. Defentsan aritu beharko dut, baina nik ere erasora jokatu beharko dut.

Nola ahal diozu min egin?

Azpitik jokatuta, baita botez ere. Airez jokatzeko aukera ematen badiot, segituan aprobetxatuko du. Nik nire jokamoldeari eutsiko diot, eta hori eginez irabazten badut, zoriontsua izango naiz. Baina galduta ere ez naiz lur jota joango etxera. Sari handia da finala jokatzea. Gozatu egin nahi dut. Ea final polita jokatzen dugun.

Sarrera asko eskatu dizkizute?

50 ditut, eta jada banatu ditut gertukoenen artean. Ea txapela irabaziz eskertu diezaiekedan emandako babesa. Oroitzapen ederra dut duela bi urteko finalaz. Ez dut sekula ahaztuko partidaren amaiera: azken tantoa egin, harmailara begiratu eta etxekoak eta lagunak pozarren ikusi nituenekoa. Izugarria izan zen. Handik gutxira, gainera, lehertu egin zen koronabirusarena. Askotan gogoratu naiz ospakizun harekin. Egun, balio handia ematen diot.

Aurreko txapela irabazi ondorengo egunean, azterketa izan zenuen. Oraingoan libratu zara?

Bai. Klasea dut, baina eguerdian [Gizarte eta Kirol Animazioa eta Irakaskuntza ikasten ari da]. Hala ere, azterketa izanda ere ospatu egingo nuen [barrez].

Finalean zernahi gertatzen dela ere, ibilbide polita ari zara egiten. Zerbaitetarako balio izan du pilotaren kontura gurasoak haserrearazi izanak?

Halaxe da! [barrez]. Aginagan bizi ginenean, ondoan genuen frontoia, eta egun guztia pasatzen genuen han; baita eskolan ere. Hiru haur bakarrik ginen. Tartean zen Aitor Aranguren pilotaria. Adin berekoak gara, eta askojokatu dugu elkarrekin. Neska bakarra nintzen, eta jendea txutxumutxuka ibiltzen zen. Ez zitzaidan axola. Nik pilotan jokatu nahi nuen. Orain ez nintzen isilik geratuko.

13-14 urterekin utzi behar izan zenuen esku pilota.

Ordu arte, neskak eta mutilak elkarrekin aritzen ginen, baina indarrez atzean geratu nintzen. Pena eman zidan esku pilota uzteak, baina neskarik ez zebilen. Palan hasteko esan zidaten, hori omen zelako neskentzako aproposena. Oraindik jokatzen dut. Gustatzen zait, baita joko garbia, errebotea eta frontball-a ere. Trinketa, aldiz, ez zait gustatzen. Esku pilota dut gustukoen. Pena bakarra da asko sufritzen dudala eskuetatik, eta ezin naizela urte osoan bakarrik horretan aritu. Neskarik ez zegoenez, ez nuen jokatu urte askoan, eta, horren ondorioz, eskuak ez dauzkat eginda. Pilota goxoarekin, gutxiago sufrituko nuke, baina niri mistoa gustatzen zait; biziagoa eta ikusgarriagoa da.

Zenbat entrenatzen zara?

Astean bitan eskuz aritzen naiz, eta beste bitan lan fisikoa egiten dut. Azken horri garrantzi handia ematen diot lau eta erdikoan ondo aritzeko. Zaila da behar bezala entrenatzea, ikasteaz gain lan ere egiten baitut [pilota eskolak ematen dizkie haurrei Amasa-Villabonako Behar Zana eta Adunako Txulobi klubetan (Gipuzkoa)].

Zuk esan duzu lehen ez zegoela esku pilotarik emakumeentzat. Orain, bai. Aurrerapauso bat da?

Bai, noski. Emakume Master Cupek mesede handia egin dio emakumeen pilotari: batetik, urtean esku pilotan dezente jokatzeko aukera eman digu, eta horri esker, gero eta hobeto ari gara; eta, bestetik, telebistari esker, ikusgaitasuna lortu dugu. Urratsak egiten ari gara, eta horrek ilusioa piztu du pilotariongan, lanean segitzeko.

Urratsak egiten jarraitzeko sortu zenuten Emakume Pilotarien Elkartea. Mesede egin dizue?

Bai, batez ere gauzak hobeto egiteko. Adibidez, lehen, zuzenean deitzen zizuten jokatzeko, eta iritsi eta hamar urte gehiagoko edo gutxiagoko pilotari baten aurka jokatu behar zenuen; alde handia zegoen, eta horrek kalte egiten zion ikuskizunari. Lan asko egin dugu gauzak hobeto egin daitezen.

Ados Pilota kluba ere badago. Ez litzateke onena izango elkarte sendo bat izatea eta ez bi?

Zalantzarik gabe. Bi egoteak kalte egiten du: haiek alde batera doaz, eta Elkartea beste batera. Denok elkarrekin egon beharko genuke, eta norabide berean joan.

Badago aukera bat egiteko edo elkarlanean aritzeko?

Gaur-gaurkoz, zail ikusten dut. Gure elkarteak hainbat diziplina lantzen ditu, eta Adosek esku pilota mistoa bakarrik. Nik esan nien ez dudala urte osoan esku pilota mistoan bakarrik jokatu nahi. Gainera, nik badut nire kluba, Anoetako Su-Berri [Gipuzkoa].

Zein da zuen eskaera nagusia?

Txapelketa luzeagoak jokatzea, ligaxka eta guzti, eta ez hiru kanporaketa eta kito. Partida gehiago jokatuta, aukera izango genuke gure mailan jauzia egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.