Modako erremontista bihurtu da azkenaldian Aimar Jabalera (Doneztebe, Nafarroa, 2001). Sei hilabete besterik ez dira debuta egin zuela, Oriamendi enpresarekin, eta dagoeneko emaitza bikainak pilatzen ari da. Lau kanporaketa gainditu ditu buruz buru, eta beste pauso bat eman nahi du gaur, Ibai Martirenari irabazita.
Inor gutxik pentsatuko zuen buruz buru onenen artean sartuko zinenik. Zuk sinesten al zenuen?
Orain dela hilabete bat ez, ez baitzen hori nire helburua, baina pausoz pauso joan naiz aurrera, eta orain gehiago lor dezakedala sinetsita nago. Lau kanporaketa gainditu ditut bidean, eta hasieran oso urruti ikusten nuen zazpi onenen artean sartzea. Partidaz partida gero eta hobeto sentitu naiz, konfiantza hartuz joan naiz, eta beste koska bat gainditzea da orain helburua.
Izen handiak utzi dituzu kanpoan: Eskudero, Segurola, Aldabe eta Larrañaga.
Bai, gehienak lehen mailakoak. Denetarik tokatu zait aurkari, aurrelariak eta atzelariak, eta partida ezberdinak izan dira guztiak. Lehen neurketan kosta egin zitzaidan kantxari eta modalitateari neurria hartzea, baina gero eta erosoago sentitu naiz gerora. Aldaberen aurkakoa izugarri partida gogorra izan zen, 30 eta 28 irabazi nuen azkenean, eta kanporaketa hura gainditzeak balio izan zidan sinesteko nik ere eman dezakedala zeresana txapelketa honetan.
Martirena duzu aurkari orain. Zer partida espero duzu?
Larrañagaren kontra jokatu nuenekoaren antzekoa. Martirenak bi kanporaketa gainditu ditu orain arte, eta bi partida horietan oso ongi ikusi dut. Sakatzaile fina da, eta errebotean ere bikain moldatzen da. Baliteke piloteoan ni gehiago izatea, baina sake errestoetan ongi ibili beharko dut irabazi nahi badut.
Sei hilabete daramatzazu Oriamendi enpresarekin. Espero al zenuen hain azkar egotea onenen artean?
Inondik ere ez. Banekien enpresak eta nire ingurukoek konfiantza handia zutela nigan, baina guztiei esan nien lehenengo urtea ikasteko baliatu nahi nuela. Uste baino azkarrago ari zaizkit iristen emaitzak, eta horri ez daukat uko egiterik, baina ahaztu gabe oraindik asko daukadala ikasteko. Frontoi motzetik etorria naiz, eta oraindik ez naiz bete-betean egokitu frontoi luzera. Kantxari neurria hartzen ikasi beharra daukat, baina egia da uste baino hobeto moldatu naizela orain arte.
«Uste baino azkarrago ari zaizkit iristen emaitzak, eta horri ez daukat uko egiterik, baina ahaztu gabe oraindik asko daukadala ikasteko»
Zer aldaketa nabaritu dituzu frontoi motzetik luzera?
Distantziak neurtzea egin zait zailena, boteari neurria hartzea. Halere, kolpeko pilotaria naizela kontuan hartuta, uste dut frontoi luzea askoz hobea dela niretzat motza baino. Galarretan eroso sentitzen naiz. Pilotaleku motzean egindako urteak baliagarri egin zaizkit gauza gehiago ikasteko, baina nire dohainei etekin handiagoa ateratzen diet luzean. Defentsan asko ikasi beharra daukat, baina erasoan gustura aritzen naiz, nahi adina jotzea baitago pilota.
Fisikoa beti izan da zure indargunea, ezta?
Gorpuzkera berezkoa dut. 1,90 metro neurtzen dut, baina hankaz arina naizela esango nuke. Gimnasioan ordu asko igarotzen ditut; beraz, berezkoaz gain, gustatu egiten zait nire gorputza lantzea. Erremontean ez ezik, futbolean ere jokatzen dut, eta han ere fisikoki ongi prestatuak egoten gara. Gaur egun Donezteben ari naiz jokatzen, Ohorezko Mailan, baina Hirugarren Mailan ere ibilitakoa naiz, Beti Gazte eta Ardoi klubetan.
«Pilotaleku motzean egindako urteak baliagarri egin zaizkit gauza gehiago ikasteko, baina nire dohainei etekin handiagoa ateratzen diet luzean»
Eta zer moduz uztartzen dituzu futbola eta erremontea?
Oraingoz, ongi. Askotan gertatzen zait erremontean entrenatu eta gero futbolera joan beharra, baina ez dut arazorik. Hori bai, egun berean partidak tokatzen bazaizkit bi tokietan, erremonteari ematen diot lehentasuna. Ahal dudan bitartean berdin jarraitu nahi dut, bi kirolak gustatzen zaizkit-eta izugarri.
Futbolean ez bezala, erremontean ez zinen txikitan hasi.
13 urterekin hasi nintzen. Askok eskuko modalitatetik egiten zuten erremonterako jauzia, baina nik ez. Udan zehar laxoan ibiltzen ginen, baina gero, neguan, ez genuen aukerarik izaten, eta, eskumuturreko jokoa ez galtzeko, erremonte eskolan eman nuen izena, herrian bertan. Harrobi handia du erremonteak Donezteben, eta niri ere esan zidaten dohain onak nituela. 18 urterekin egin nuen debuta E-remonte enpresarekin, eta gero, gustura hartu nuen Oriamendiren deia. Galarreta da erremontearen katedrala, eta bertan jokatzea ohorea da.
Javier Urrizaren ordezkoa izan zaitezkeela diote askok. Zer diozu?
Hitz handiak direla horiek. Urriza ordezkaezina da, eta berarekin entrenatzea izugarria da guretzat. Nire helburua da Lehen Mailan mantentzea eta, ahal bada, egunen batean txapelen bat irabaztea. Lanean jarraitu behar dut horretarako.