Bare dago itsasoa Donostian, eta zerua gorrixka. Aquarium gainetik begira, hauxe atera zaio Maialen Arrazolari (Donostia, 1985): «Arrosa kolorea du zeruak». San Juanen arrosa, jakina, ez baititu alferrik egin azken bost urteak bertan, arrakastaz beteak; azkenekoa, entrenatzaile lanetan ere bai. Baina badoa arraunetik, ilunabarrak gauari laster lekua egingo dion bezala.
Hain gogorra da arrauna uztea?
Ez dut besterik egin nire bizitzan. Hemezortzi urte egin ditut, nire bizimodua izan da, eta estropadak ikusten baditut badakit sekulako inbidia pasatuko dudala.
Utzi egin behar izan duzu ala zure borondatez zoaz?
Sasoiko nago, eta lanarekin uztartzen segi nezakeen, kostata izango bazen ere. Baina heldu da garaia uzteko. Azken batean, arraunak asko eman dit, baina beste gauza batzuk bizitzeko aukera ere kentzen du.
Arraunaz kanpoko bizimodu horretan zer dagoen ikusteko gogoz al zaude?
Ez dakit gogoa den, baina orain izan behar du, bestela beste urte mordo bat egingo nituzkeelako arraunean. Sekulako urtea egin dugu taldean, San Juanen. Entrenatzaile gisa ere oso urte ona izan da. Taldekideekin oso ondo moldatu naiz, eta segi nezakeen, baina uzteko garaia da.
Aspalditik zenuen buruan uztea?
Urtero, baina, denboraldia bukatu eta gero, nekea pasatu ondoren, hilabeteren bueltan, berriz piztu izan zait gogoa. Alde horretatik, berezia izan da aurtengo Kontxaren ondorengoa. Denboraldia amaitu berria egonagatik ere taldeko inork ez zuelako arrauna uzteko gogoa, ezta neuk ere. Kontxa irabazi izanak eta irabazteko moduak eragin du hori.
Gehiago zehaztuko al zenuke sentipen hori?
Taldeko kide bakoitzak genekien zer egin behar genuen bandera irabazteko, eta sekulako konplizitatea egon zen gure artean. Nekearen zama ez sentitzea eragin zigun, eta, euforia horren baitan, ni ere prest nengoen jarraitzeko. Baina, denbora pixka bat pasatu ondoren, berriz neure erabakira itzuli nintzen.
Entrenatzaile izan ez bazinen aurten, jarraitu egingo zenuen datorren urtean?
Ez dauka zerikusirik. Zama handia da, ardura eta lan gehiago, baina arindu egin dit arraunean ere egin izanak. Taldean bat gehiago izan naiz, entrenatzaile bat baino gehiago, betiere entrenatzaile eta arraunlarien artean dauden mugak igaro gabe.
Arraunean egindako ibilbide luze honek ondo ase zaitu?
Pozik eta beteta noa, baina beti daukat gosea. Ez zait inoiz joango. Dena egin dudan ustea ez daukat.
Zer falta izan zaizu?
Olinpiar Jokoetan arraun egitea.
Gosearekin uzteak atea irekia uzten du itzultzeko?
Ez ditut ateak itxi. Ez dut arraun munduko inora eta ezertara gerturatu nahi orain, badakidalako ez uztera eramango nauela. Ez dakit zer bizimodu izango dudan orain, ez dudalako sekulako izan. Baina saiatu behar dut ikusten zer dagoen arraunetik kanpo. Gaizki pasatzen badut, arraunera itzuliko naiz.
Zer nahi duzu aurkitu arraunetik kanpo?
Ezer berezirik ez. Inoiz ez naiz joan lagunekin oporretara. Ezkon bidaia izan dut oporretako bidaia bakarra. Lagunek galdetu, eta ez dut erantzun nahi: «Arrauna daukat, eta ezin dut». Erantzun nahi diet ahal dudala joan beraiekin ez dakit nora. Familiarekin ere egon nahi dut denbora gehiagoz. Familiak bakarrik esan dit ondo egin dudala arrauna uzten, eta banuela garaia.
Aitari kontra egiteagatik hasi baitzinen arraunean.
Hala da, bai. Ez zidan uzten. Nahi zuen «emakumeen kirolen bat» egitea. Bera arraunlari izanik, ez zuen nahi bere alabak hainbeste sufritzea. Eta kontra egiteagatik gurasoei, horretarako adinean bainengoen orduan [barrezka], arraunean hasi nintzen.
Duela hemezortzi urte izan zen hasiera. Orain traineruen estropadetatik ezagutzen bazaizu ere, zure hasiera eta urterik gehienak aulki mugikorrean egin zenituen.
Luberri ikastolara etorri ziren Arraun Lagun taldetik neska bila, bakarra zegoelako, orain arrauneko epaile den Haizea Fernandez. Zazpi lagun joan ginen ikastolatik, eta aulki mugikorrean hasi ginen. Lehen urtean seik amaitu genuen. Bigarren urtetik aurrera piztu egin zitzaidan serio-serio hasteko gogoa, eta Espainiako txapelketa irabazi nuen aurreneko aldiz. Han hasi, eta gaur arte.
Badaukazu zer kontatu. Hasi nahi duzun tokitik.
Espainiako Txapelketa irabazi eta gero, Espainiako selekziora joateko deitu, eta segituan Europako Txapelketan bigarren egin nuen. Gero, ordezko gisa Munduko Txapelketara joan nintzen. Barruraino sartu nintzen mundu horretan. Uda eta urteko opor garaiak selekzioan igarotzen nituen, eta, bestela, Arraunekin arraunean.
Munduko Txapelketaren batean dominarik gabe ere geratu zinen zorte txarragatik, ezta?
Atenasen izan zen, Grezian. 2.000 metroko proba zen, eta hirugarren egin genuen. Baina nola eguraldia oso txarra zen, probaren erdia bakarrik kontatu zuten, eta zazpigarren ginen erreferentzia horretan. Arantza hori daukat barruan.
Arrauna eta ikasketak uztartzen ibili zinen orduan, Espainiako selekzioarekin egonaldi luzeak egitera joan arte.
Gogoa nuen Banyolesko [Herrialde Katalanak] egonaldietako kide izateko, eta horrek esan nahi du arraunerako bizitzea hogeita lau orduz. Ingeniaritza ikasketak amaitu eta gero joango nintzela esan nien, eta 2012ko olinpiar zikloa osatzera joan nintzen, 2008an. Urte osoa igarotzen genuen han. Egunean hiru bider entrenatzen ginen, eta beka bati esker osatu genuen egonaldia. Sakrifizio oso handiak egin nituen, pisu arinean lehiatzen nintzenez, jana eta asko zaintzen nituelako. Gainera, familiarengandik urruti egon behar, eta gogorra izan zen.
Zikloa osatzerik ez zenuen izan, eta ezin Olinpiar Jokoetan aritu.
Belauna izorratu nuen, hemen bizikletan ibiltzen aitarekin, Aian [Gipuzkoa]. Ebakuntza egin zidaten, eta hor bukatu zen nire ametsa. Harrezkero, selekzioan, zenbaki baten moduan tratatu ninduten, kasorik ere ez zidaten egin. Oso gogorra izan zen.
Banyolasetik etxera itzuli behar, eta hemen zer zenuen?
Lan aldetik ezer ez. Nire urte onenak arraunari eman, eta ezer gabe geratu nintzen lesioagatik. 2011n hartu nuen min, eta, udan, Hondarribiarekin jarraitu nuen entrenatzen. Uda bat libre izan nuen, 2012koa. Ikusten nituen San Juango arraunlariak lehiatzen, eta probatu behar nuela pentsatu nuen. Baina beraiek deitu ninduten, nik deitzerako. Hara zen den patua. Oihanak deitu zidan [Oihana Cereijo arraunlaria], eta gaur arte. Erabakirik onena hartu nuen.
Espainiako selekziotik San Juanera, mugikorretik aulki finkora, Berriz bizimodu aldaketa, ezta?
Lanean nenbilen ordurako, eta lana eta entrenamenduak uztartzea askoz gogorragoa egin zitzaidan, Banyolasen egunero hiru lan saio egitea baino.
Zu San Juanen hasi zinenean, taldea ez zen punta-puntakoa, baina oraingo nagusitasuna orduan hasi zen loratzen, ia denok jarraitu egin duzuelako.
Nire lehen urtea 2013an izan zen, eta orduan Zumaia zen nagusi. Hala ere, estropada guztietara beraiei irabaztera ateratzen ginen, nahiz eta gero sekulako egurra sartzen ziguten. Baina buru gogorrak ginen. Azkenean, taldeari eutsi izanak ekarri du taldea gora. Kontuan eduki behar da taldea bi urte lehenago atera zela uretara, 2011n.
Hainbeste urtez taldea ez hausteko zaila da garai hauetan. Zer dago atzean?
Oso giro ona daukagu taldean, eta taldekideengatik jarraitu izan dut. Taldearengatik egiten da hemen arraunean, eta hori gauza handia da. Emaitza onek, handiak edo txikiak izan, poz handiagoa ematen didate taldean lortzean. Banatu egiten dut poza besteekin. Bakarkakoa zuretzat bakarrik da, baina taldearena, denona. Egun txarretan elkarri laguntzea sekulakoa da. Ez dut gauza hoberik inoiz ezagutu San Juango talde giroa baino.
Behetik hasi zen taldeak sekulakoak egin ditu azken lau urteetan: Kontxa irabazi urtero, eta Euskotren liga ere bai.
Ikaragarria da. Ez dago txarrik aipatzeko, eta ez bakarrik emaitza onengatik. Izan ditugu estropada txarrak lau urte hauetan. Euskadiko trainerilla txapelketa aurten irabazi dugu aurreneko aldiz,baita Espainiako batel txapelketa ere, adibidez. Emaitzez harago, taldea da San Juanek duen onena. Duela urtebete, entrenatzaile jarri nindutenean, taldekoei esan nien berdin zela ni edo panpina bat jartzea, talde gisa jarraituz gero edozer lor genezakeela.
Zuk beraiek lehendik ezagutzeak zenbat lagundu dizu?
Asko. Onerako eta txarrerako, elkar ezagutzen dugu, eta ondo moldatu gara. Pozik egon dira nirekin, eta hori hasieran denok geneuzkala zalantzak, normala den bezala. Gustura ez dauden batzuk beti egoten dira, baina ondo moldatu izan gara.
Leku berezia da hau: Kontxako badia. Zer da zuretzat?
Ez da edozein leku. Aurtengo Kontxan bizi izandakoa betirako geratuko zaigu taldekoei. Aurreko asteburuan, itsaso txarra zegoen iragarrita, eta propio etorri nintzen itsasoa ikustera, akordatzera Kontxakoa.
Emakumea eta arrauna, emakumea eta kirola. Berdintasuna bai, berdintasuna ez. Zein da zure iritzia?
Neure buruari asko eskatzen diot, eta taldekideei ere erakusten saiatu naiz, aurten eta lehen. Baina denok ez gara berdinak, ez gure taldean eta ez besteetan. Berdintasunak beti egon behar du, baina bakoitzak bere ahalmenen barruan dena emanda. Gizonezko arraunlari oso on bat gera daiteke inoiz Kontxan arraun egin gabe, baina emakume bat, edozein, ona edo txarra izan, Kontxan arraun egitera hel daiteke. Hori ez da berdintasuna niretzat. Gu aurten entrenatu gara gizonezkoak bezala, aldeak alde, eta inplikazioa bera izan da, eta nik neskei eskatu diedan bera eskatu die Etxabek gizonezkoei San Juanen. Gero, ulertzen ez dudana da gure aurkari izan diren talde batzuek egindakoa: herriko festetan jai ematea taldeari. Garbi daukat berdintasuna lortzeko borrokatu behar dugula, baina jakitun izan behar dugu zertan dabiltzan taldeak. Neskei ez bazaigu eskatzen mutilei bezala, eskubide bera daukagu Kontxan arraun egiteko, bakarrik neskak garelako? Ez zait iruditzen. Berdintasuna bai, baina lortu egin behar dugu. Kontxan zortzi talde aritzea emakumeen arrauna sustatzeko da, baina errazegi ez ote den. Zaila da gaia, onartzen dut. Neskek besteei eskatzen dizkiegu gauzak, baina guri eskatzea ez zaigu gustatzen. Bada zer hausnartua. Badakit zaila dela talde guztietan eskakizun maila bera izatea, arraunlari gutxi dituen talde bati ezin zaiolako asko eskatu. Ez da bakarrik trainerua ateratzea, hori ez da arrakasta. Atera eta ahalik eta ondoen egin behar da lan, ahalik eta emaitza onenak ateratzeko. Adibidez, uda erdian arraunlariak oporretara joatea ez dut ulertzen, eta pena ematen dit. Denok sartzen gaituzte multzo berean, eta ez gara berdinak.
Materiala egokitu egin beharko litzateke emakumeen ezaugarrietara?
Bai. Trainerua ez da guretzat egokia. Adibidez, tosta igotzen ibili behar dugu beti. Egiten dugun ahaleginari ezin diogu nahikoa etekin atera uretan. Mutilek asko erabili eta gero heltzen da guregana traineru bat. Zaila ikusten dut egile batek guretzat propio molde berri bat egitea.
Maialen Arrazola. Arraunlari ohia
«Ez noa arraunetik dena egin dudan ustearekin»
Hemezortzi urte egin ditu arraunean, eta badoa, arraunik gabe bizitzea zer den ikusi nahi baitu. Arraun, Hondarribia eta San Juanen osatu du ibilbidea, eta Espainiako selekzioan ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu