Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: Eguneko erreportajea

«Ez nengoen sasoian»

Orain 40 urte, Txomin Perurenak irabazi zituen azkenekoz Ordiziatik abiatu zen itzuliko lehen lau etapak. Miguel Mari Lasa KASeko taldekidea nagusitu zen gero, Donostian.

Txomin Perurena, KASen elastikoarekin, 1974ko apirilaren 1ean, Euskal Herriko Itzulia Ordiziatik abiatu baino minutu gutxi lehenago. JERONIMO ORTIZ.
unai zubeldia
Ordizia
2014ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Gora begira jarri da, inspirazio bila edo. «Ez naiz gogoratzen oso ondo...». Berrogei urte atzera egitea ez delako broma. «Ordizian hasi bai, baina ez zen han amaitu etapa, ezta?». Hasi da pedalei eragiten. Euskal txirrindularitzaren entziklopedia txiki bat da Txomin Perurena (Oiartzun, Gipuzkoa, 1943). 1974ko apirilaren 1a. Ordizia-Laudio. 200 kilometro. Eta tropelean KAS taldea egurrean. «Ez dut uste ni izango nintzenik orduan taldeburua, denok dakigulako zein baldar moldatzen nintzen erlojupekoetan». Txomin Perurena eta Miguel Mari Lasa. Biko horrekin egin zuen apustua KASek. «Baina astebeteko itzulietan taldea bera izaten zen gure indargunea; edozein izaten zen taldeburua».

Laudion, Ceniceron, Lizarran eta Hondarribian bi besoak altxatuta, liderraren maillotarekin eta, gainsariei esker, alde politarekin iritsi zen Perurena laugarren etapako bigarren zatira: erlojupekora. «Baina hantxe amaitu zen nire abentura, Hondarribitik Donostiara arteko 32 kilometro haietan». Bakarkako lana erabakigarria izan zen, beste behin. Eta hortxe egiten zuen herren oiartzuarrak. «Jesus Manzaneque (La Casera) jarri zen lider, azken etapa besterik falta ez zenean». Eta beroa izan zen 1974ko Euskal Herriko Itzuliko azken etapa hura. «Beroa eta itsusi samarra, La Casera eta KASeko txirrindularion artean tentsio handia izan zelako Donostiako belodromoan sartzeko orduan».

Manzaneque, batetik, liderraren maillota jantzita; eta Lasa, bestetik, talde guztiaren babesean, liderrarengandik bi segundora. «Gainsaria behar zuen Miguel Marik azken etapan, eta, bigarren edo hirugarren izanda ere, Manzanequeren aurretik helmugaratu beharra zeukan». Donostian hasi eta bukatu 152 kilometro, eta belodromoko sarrera estua zain. «Etapa guztian kontrol lanean aritu ginen, esprinta izan zedin eta Miguel Marik gainsaria lor zezan».

Tentsio ikaragarria izan zen azken kilometro horietan. «Eta, erritmoa bat-batean geratuta eta bidea itxita, belodromoko sarreran Miguel Mari atzean uzten saiatu zen La Casera taldea». Perurenak gogoan dauka «hankaz gora joateko zorian» egon zirela azken metro haietan. «Gaur egun, leku guztietan egoten dira kamerak, eta ez da izaten hainbesteko zalapartarik, baina orduan izaten zen, bai, nahikoa zalaparta». Hori bai, gerta zitekeenaz jakitun, antolatzaileek belodromoaren sarreran «komisario bat» jarri zuten, oiartzuarrak argitu duenez. «Bazeukaten, nonbait, zerbaiten edo norbaiten susmoa».

Estu eta larri, baina erori gabe, Perurena eta Lasa buru-buruan iritsi ziren azken zuzengunera. «Eta han ere izan genuen estutasun txiki bat. Nire aurretik helmugaratu beharra zeukan Miguel Marik, eta erritmoa jaitsi behar izan nuen aurrea har ziezadan. Itzuli hartako bosgarren garaipena izango nuen, baina...». Lasa garaile eta Manzaneque bigarren. Hogei segundoko gainsaria lehenengoak, eta hamarrekoa bigarrenak. Zortzi segundoren aldea, azkenean, Lasaren alde. Talde izaera gogoan, bost etapa garaipen eta sailkapen nagusia bera kendu zizkion KAS taldeak 1974ko Euskal Herriko Itzuliari.

Tentsioa, zerotik gertu

Lehen lau etapak irabazita sinesten zail-zaila den arren, «bitxikeria» bat ekarri du gogora Perurenak. «Arraroa da, bai, baina Euskal Herriko Itzuli hartara fisikoki ez nintzen iritsi batere ondo; ez nengoen ondo. Itzulia amaitu berritan, entrenamenduetan ez nintzen gai taldekideen erritmoari eusteko». Garaipen zerrenda bete-beteta bai, baina tentsioa lurpean zeukan. «Analisiak egin, eta hantxe agertu zen arazoa. Kontua da azken 100-200 metroak egiten nituela bete-betean, eta abiadura puntu hari esker irabazten nuela. Baina ez nintzen gai askoz gehiago egiteko».

Tentsio baxuari erremedioa jarrita, berehala ekarri zuen gorputza bere onera, eta emaitzak dira horren erakusgarri: «Frantziako Tourreko mendiko saria irabazi nuen 1974an, Espainiako Vueltako bi etapa eta puntuen maillota ere bai, Kataluniako Voltako bi etapa, Dauphineko beste bat...». Afizionatuetatik profesionaletarako pausoa «samur samarra» izan zen, Perurenaren hitzetan, eta damu bakarra dauka: «Lehentxeago erretiratu ez izana. Azken urte hura izan zen kaskarrena niretzat».

Txirrindularitzan oro har, eta Perurenaren kirol ibilbidean zehazki, Ordiziak garrantzi berezia izan du beti. «Ikaragarria», zehaztu du oiartzuarrak. «Gogoan daukat mutil koskorrak ginenean Ordiziako klasikora joaten ginela tropeleko txirrindularirik onenak ikustera. Eta, pentsa, gu iritsi ginen gero han parte hartzera eta etapak irabaztera». Berrogei urte geroago, gozatu egin zuen atzo bide bazterretik txirrindulariei begira, eta gozatu egingo du, gaur ere, Ordiziatik Urdazubira bidean. Orduan baino lasaiago. Erosoago. Baina txirrindularitza eta pasioa elkarri lotuta beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.