«Ez nau harritu»

Imanol Etxeberria Athleticeko atezain izandakoak, besteak beste, Kepa Arrizabalaga, Alex Remiro eta Unai Simon entrenatu ditu. Unai Simonen inguruan esan du «ikasteko gogoa» duela eta «dohain handiak» dituela.

Unai Simon, baloia urruntzen, Huescaren aurka jokatutako partidan. MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Euskal futbolak makina bat atezain on eman ditu. Harrobi emankorra izan da oso. Baina, azken urteetan lehorte handi samarra egon da. Atezain gabezia egon da. Athleticen zailtasunak egon dira Gorka Iraizozen lekukoa hartuko zuen atezaina aurkitzeko.

Baina, denbora gutxian, belaunaldi bereko hiru gazte dohatsu eman ditu Lezamak. Ia batera agertu dira. Kepa Arrizabalagak (Ondarroa, Bizkaia, 1994) klub zuri-gorrian arrastoa utziko zuela zirudien, baina txiki geratu zitzaion Athletic, eta beste bide bat hartu zuen: Chelseara joan zen. Alex Remirok (Cascante, Nafarroa, 1995) zen bere lekukoa hartzeko lehen aukera, betiere Iago Herreriren baimenarekin (Bilbo, 1988). Baina atezain nafarra ez da ados jarri zuzendaritzarekin kontratua luzatzeko, eta agintariek harmailara bidali dute. Horrenbestez, Eduardo Berizzok Unai Simon (Gasteiz, 1997) zelairatu du Espainiako Ligako lehen hiru partidetan.

Unai Simonek hiru partida nahikoa izan ditu falta direnak ahantzarazteko. 21 urteko gasteiztarra indar handiz sartu da gorengo mailan. Maila handia erakutsi du. San Mamesen jokatzeak ez dio gainezka egin. Harribitxi zena izar bihurtzeko bidean jarri da aitaren batean. «Unai Simonek emandako mailak ez nau ezustean harrapatu. Hiru urtez entrenatu nuen. Denbora gutxian asko hazi da. Profesionala da, langile fina. Beti dago ikasteko prest. Etengabe dago galderak egiten. Ez da lortutakoarekin konformatzen. Bestalde, hobetzen ari dela ikusten duenez, gero eta arreta gehiago jartzen du», dio Imanol Etxeberria (Bergara, Gipuzkoa, 1973) Athleticeko atezain izandakoak.

Imanol Etxeberriak ateko sekretu guztiak dakizki. Talde zuri-gorriko atezaina izan zen sei urtez —1995etik 2001era—, eta, erretiroa hartutakoan, Lezaman aritu da hamabi urtez gazteekin lanean. Iaz Kuko Zigandaren lantaldean aritu ostean, Ibaiganek kontratua ez luzatzea erabaki zuen. Aukera baten zain dago orain.

Lezaman entrenatu zuen denboran atezain askorekin lan egiteko aukera izan zuen. Euretako asko gorengo mailan ari dira egun: Aitor Fernandez (Levante), Jon Ander Serantes (Leganes), Kepa (Chelsea), Raul Fernandez (Las Palmas) eta egun Athleticeko lehen taldean dauden hirurak, besteak beste. Bada zerbait.

«Keparen azpitik dago»

Haren ustez, Unai Simon da guztien artean dohain gehien dituztenetakoa. «Atezain osoa» dela iritzi dio. «Maila handiko atezaina da. Teknikoki oso ona da. Handia da, eta goiko jokoa oso ondo menderatzen du. Hala ere, gehien harritu nauena izan da San Mamesen jokatu dituen partidetan erakutsi duen lasaitasuna».

Unai Simonek Leganes mendean hartzeko balio izan zuen geldiketa ikusgarria egin zuen estreinako partidan. Huescaren kontra ere ongi aritu zen, eta Real Madrilen kontra egin zituen geldiketek guztien ahotan jarri dute. Eta, ezinbestean, konparazioak hasi dira, haren eta Keparen artekoak, hain zuzen. Ezaugarri ezberdinak dituzte, baina horren gazte hain maila onean aritu izanak bide eman du. Imanolen ustez, Kepa «koska bat gorago» dago. «Atezain ezberdinak dira. Baina, gaur-gaurkoz, ezin dira maila berean jarri. Kepak esperientzia handiago dauka. Hobeto daki partidetan zer egin. Erabaki zuzenak hartzea oso garrantzitsua da atezain batentzat. Simonek arlo horretan hobetu egin behar du. Ikasiko du. Eskarmentuak asko lagunduko dio. Kepa, aldiz, oso azkarra da. Atepean ikaragarria da. Simon ere ondo ari da, baina Kepak egiten dituen geldiketak apartak dira. Bestalde, goiko jokoan Unai Simon Kepa baino seguruagoa da».

Denbora oso gutxian iritsi da Kepa munduko atezainik onenen artera—atezain batengatik inoiz ordaindu den dirutzarik handiena pagatu zuen Chelseak: 80 milioi euro—. Unai Simonek, bestalde, goren mailan luzaroan joka dezakeela erakutsi behar du beste erronka batzuei aurre egin aurretik. «Gaztea da, eta hazten ari da oraindik. Hori bai, Real Madrilen kontra erakutsi duen maila aintzat hartuta, baikor egiteko arrazoiak daude. Baina zuhurrak izan behar gara. Gorabeherarik ez duen atezain den ala ez baieztatzea falta zaigu. Baina kalitate handia du».

«Simonek segitu behar du»

Hasteko, onenekin lehiatzeko oinekin duen jokoa landu behar du. «Egungo futbolean zehaztasun handia eskatzen zaie atezainei. Arlo hori landu egin behar du. Bestalde, jokaldi batzuetan arrisku gehiegi hartzen du. Neurtzen ikasi behar du». Hala ere, argi du «bere aldeko apustua egiteko momentua» dela. Herrerin osatu da, baina ez du ikusten aldatzeko arrazoirik. «Ez litzateke logikoa izango Simon hamaikakotik kentzea. Ondo dauden gauzak ez dira aldatzen. Hala ere, egunerokoan ikusten da zein den jokalariaren maila: nola entrenatu den ikusi behar da, zein jarrerarekin prestatu duen partida, zein sasoitan dagoen... Hasieran, ez dirudi aldaketa hori egin behar denik. Beste kontu bat izango litzateke hurrengo partidetan kale egin eta konfiantza galtzea. Herrerin eskarmentu handiko atezaina da. Zer eman dezakeen ikusi dugu, eta joka dezake. Hala ere, oraintxeezustekoa izango zen Simon kendu eta Herrerinek jokatzea».

Beraz, bai Herrerin eta bai Remiro ere ez daude egoera samurrean. Lehenengoa luzaroan egon da aukera onen zain, eta bidea zabalik zuela zirudienean lesio txiki batek eta hasiberriak erakutsitako mailak aulkira eramango dutela dirudi. Remirok, berriz, beretzat izan zitekeen postua gal lezake bulegoetan Athletic larregi estutzeagatik. «Remiro maila oneko atezaina da. Huescan sekulako sasoia jokatu zuen. Etxekoa da, eta lotzea komeni da, baina Simonekin eta Herrerinekin Athleticeko atea ondo zainduta dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.