«Ez naiz ohitu irabazten»

Nerea Perezek, San Juango patroiak, hirugarren aldiz segidan irabazi du Kontxako Bandera. Azpimarratu du estropada hori irabaztera bat ez dela ohitzen.

Aitor Manterola Garate.
2017ko irailaren 12a
00:00
Entzun
San Juani Kontxako beste garaipen bat bakarrik falta zaio Galiziak aurreneko bost aldietako jarritako marka berdintzeko. Laugarrena jarraian irabazi zuen herenegun goizean, eta, bosgarrena erreskadan lortuko balu, galiziarren parean legoke. Baina kontu horiek datorren urterako utzi beharrekoak dira.

Arraunlariak oporretan dira atzotik, eta, hain justu, aireportuan harrapatu zuen BERRIAk Nerea Perez (Tolosa, Gipuzkoa, 1997), Batelerak traineruko patroia Kontxa honetan ere. Hirugarren aldiz segidan irabazi du bandera preziatua, eta, jakina, pozez txoratzen dabil igande eguerditik: «Dagoeneko hirugarrena izan arren, eta taldearen laugarrena, bat ez da ohitzen Kontxan irabaztera. Garaipen guztiak dira ederrak, eta denak bizitzen dira aurrenekoa balitz bezala».

Lehen igandeko Hibaikaren aldeko aldea zeukan irauli beharra San Juanek herenegun. 2, 66 ehunen hutsaren hurrengo koska zen, eta igandeko itsasoarekin zer esanik ez. Iragarpenak bete egin ziren, eta bi metro eta erdiko olatuak, eta ipar-mendebaldeko haize zakarra zebiltzan Kontxan. Estropada jokatu edo ez zalantzan egon ziren antolatzaileak, eta emakumezkoena, azkenean, erlojuaren aurka jokatu behar izan zuten, ezin izan zituztelako kanpoko bigarren eta hirugarren balizak jarri. Perezek gogoeta hau utzi du: «Berez, erlojuaren aurka eginda, eta talde guztiak laugarren kaletik joanda, traineru guztiak baldintza beretan joatea bermatu zen. Baina Kontxa izanda, askoz ere nahiago nuen ohi bezala jokatzea». Gehiago sakondu du igandekoaz: «Gure balizak ezin jarri izanaren inguruan zalantzak dauzkat. Uste dut nesken estropada erabili nahi izan zutela mutiletan ere erlojuaren aurka jokatu behar bazen, proba modura, baina, tira, hala izan bazen ere ez dauka bueltarik».

Perez eta gainerako arraunlariak lehorrean egon ziren zain, estropada jokatuko, ez jokatuko, eta onartu du pentsatu izan zuela ez zirela ariko: «Ikusita itsasoa, estropada bertan behera geratuko zela uste izan nuen». Jokatu zuten, baina, eta San Juanek egundoko lana egin zuen; batez ere, kanporanzko luzean.

«Oso ondo joan ginen. Ez zen igandekoa indarrezko estropada. Teknikoa zen, eta jakina, psikologikoa ere bai». Dotore moldatu zen bi ezaugarri horietan Maialen Arrazola eta Anartz Gereñuren taldea: «Gure arraunkera berez da luzea, eta, igandeko baldintzetan, luze egin behar zen arraunean kanporakoan, erritmo apaletan, ahalik eta ur gutxiena hartzeko ontzian. Gainera, amorraziohandia geneukan lehen igandeko emaitzagatik, eta egundoko gogoarekin atera ginen». Ziabogara heltzerako, Orio harrapatua zeukan San Juanek; beste era batera esanda, irteerako minutua janda. Ez omen zioten eman erreferentzia zehatzik Perezi lehorretik ziabogako denboren inguruan: «Ez zidaten esan Hibaikari hamalau segundo atera genizkiola lehen luzean. Aipatu zidaten aurretik ginela, besterik ez».

Bueltako luzea geratzen zen, eta Perezek onartu du ahal zena egitea beste aukerarik ez zutela ematen itsasoak eta eguraldiak: «Denbora guztian arraunlariei laguntza eskatzen ibili nintzen, trainerua gobernatzeko. Pare bat aldiz joan zitzaigun ontzia, baina normala zen, beste guztiei ere gertatu zitzaien».

«Beldurtu egin nintzen»

Bukatu zuten lana, eta nabarmen nagusitu zen San Juan. Orduan poztu ziren taldean, eta orduan baretu zitzaizkion beldurrak Perezi: «Kanpora joaten beldurtu egin nintzen. Ikusten nuen Orio nola desagertzen zen gure aurretik olatuen atzean, eta estutasuna eman zidan hori ikusteak».

Aitortu du patroi tolosarrak inoiz ez duela estropadarik jokatu aurreko igandean zeuden baldintzetan: «Itsaso txarrarekin bai, baina hain txarrarekin, sekula jokatu gabea nintzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.