Xabi Oroz. Gipuzkoa Basketeko jokalaria

«Ez naiz lekuz kanpo sentitzen taldean»

Gaur jokatuko dute Baskoniak eta Gipuzkoa Basketek sasoiko lehen derbia ACB ligan. Xabi Oroz da partida jokatuko duen euskal herritar bakarra. «Berezia» izango dela onartu du.

ainara arratibel gascon
Donostia
2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Baskoniaren sasoi hasiera kaskarra baliatu nahi du Gipuzkoa Basketek gaur, Buesa Arenan irabazteko (12:30). Xabi Oroz kapitainak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1996) badaki ez dela lan erraza izango, baina argi du orain arte erakutsitako joko mailari eusten badiote aukera izango dutela. Sasoia ondo hasi arren, oinak lurrean ditu. «Gure helburua mailari eustea da. Bi garaipen edukitzeagatik ezin dugu beste ezertan pentsatu».

Iritsi da denboraldiko lehen derbia. Baskoniak ACB liga eta Euroliga artean garaipen bakarra lortu du. Garairik egokiena da haren aurka jokatzeko?

Batetik, garai aproposa izan daiteke, bolada txar hori baliatuz min handiagoa egin diezaiokegulako. Baina, bestetik, gogoz egongo dira zaleen aurrean partida on bat egiteko. Guk, dena den, ez dugu haiengan pentsatu behar.

Beldurrik gabe gabe jokatu behar dugu, eta nor baino nor lehiatu.

Erasoan ez dabil fin Baskonia, eta defentsan puntu asko jasotzen ari da. Non egon daiteke zuek partida irabazteko gakoa?

Haien kontraerasoa geratzea erabakigarria izango da. Oso talde dinamikoa da, eta eroso sentitzen da bizkor jokatzen. Ezin diegu utzi kontraeraso errazak egiten. Ez zaigu puntu askoko partida komeni. Horretarako, orain arte defentsan erakutsi dugun sendotasunari eutsi behar diogu. Hortik abiatuta, uste dut erasoan lasaiago arituko garela. Oro har, nahiko fin aritu gara orain arte. Okerrago aritu garenean, ez da izan jaurtitzeko aukera txarrak hautatu ditugulako, baizik eta beti ez zaudelako horren fin. Horri heldu behar diogu. Gainera, markagailuan errentaren bat lortzen badute ere, gure jokatzeko moduari eusten saiatu behar dugu. Ezin dugu amore eman.

Baskoniak min hartuta izan ditu lehen partidetan hainbat jokalari. Gaur, adibidez, Patricio Garino ariko da berriro. Hutsuneak nabaritu dituela uste duzu?

Beraiek oso talde zabala dute, eta esperientzia askokoa. Ez dut uste nabaritzen ari direnik. Haien ordez ari direnak ere maila handiko jokalariak dira, eta ezin gara pentsatzen egon zein jokalari falta dituzten. Ezta Euroliga jokatu dutelako nekatuak egongo direla ere. Ohituta daude astean hiru partida jokatzera.

Espero zenuten sasoia horren ondo hastea?

Oso denboraldi-aurre ona egin genuen, eta, ligako lehen partida galdu arren, ikusi genuen Kanaria Handia bezalako talde on baten aurka lehiatzeko gai ginela. Horrek indarra eman zigun. Partida guztietan bukaera arte borrokatuz lehiatu gara, eta galdu ditugunak alde txikiagatik galdu ditugu. Markagailuari ez begiratzen saiatzen gara lehen hiru laurdenetan, eta gure lana egiten. Gure helburua salbazioa da, eta bi partida irabazi ditugulako ezin dugu beste ezertan pentsatu. Gure izaera lehiakorrari eutsi behar diogu. Egongo dira bolada zailak denboraldian zehar, eta batuta egon behar dugu. Taldera iritsi diren jokalariak oso ondo egokitu dira taldera. Familia bat gara,

Emaitzetatik harago, dena den, ez al litzateke nabarmendu behar egiten ari zareten jokoa?

Joko azkarra eta bizia egiten saiatzen gara, eta ikusleek asko eskertzen dute. Gainera,joko molde bat eduki arren, entrenatzaileak askatasuna ematen digu kantxan, eta hori eskertu egiten da.

49 minutuan jokatu duzu, eta sei puntu sartu dituzu lau jardunalditan. Nola sentitzen zara taldean?

Gustura nago. Taldean goi mailako jokalariak ditugu, eta erronka bat da haiekin lehiatzea. Kantxan nagoenean ondo sentitzen naiz. Ez dut uste lekuz kanpo nagoenik. Ez, behintzat, txarrerako.

Zuretzat benetako ikasgai bat izango da horrelako jokalariekin aritzea, ezta?

Bai. Egunero ari naiz ikasten, bai taldekideengandik, bai entrenatzailearengandik. Nire helburua hobetzen jarraitzea da.

Aurreko sasoiarekin alderatuz, asko aldatu da zure egitekoa? Zer eskatu dizu Porfi Fisacek?

Ez asko. Berak ondo ezagutzen nau, eta badaki zein ekarpen egin diezaiokedan taldeari. Jokatzera irteten naizenean eskatzen dit nire fisikoa baliatzeko.

Etxekoa izateagatik gehiago erakutsi behar duzu?

Ez dut uste. Kantxara ateratzean, behintzat, ez dut hori sentitzen. Alderantziz. Beste bat naiz. Zeure burua estutzen baduzu, gainera, gauzak ez dira ondo, ateratzen. Nik dakidana egiten dut, eta, alde horretatik, lasai nago.

Zuk ACB ligan jokatzea lortu duzu. Zer behar da horretarako?

Lan asko egiteaz gain, garai zailetan ez da etsi behar. Ez da erraza ACB ligara iristea, eta ezin da pentsatu Lehen Mailan jokatzeagatik hara ailegatuko zarenik. Pausoz pauso joan behar da, eta pazientzia eduki. Nik hala egin nuen. Ez nituen hiru koska bakarrean igo. Ni oso eskertuta nago Porfiri [Porfi Fisac]. Iaz Urrezko LEB ligan jokatzeko aukera eman zidan, eta uste dut ez niola huts egin. Horri esker, aurten berriz eman dit, eta nik horri eutsi nahi diot. Entrenamendu, partida, minutu bakoitza oso inportanteak dira niretzat, eta ahalik eta etekin gehiena ateratzen saiatzen naiz.

Taldeak itxura eman arren, zale gutxi joaten dira Illunbera. Zergatik?

Lehen partida aste barruan izan zen, eta jende gutxi etorri zen. Murtziaren aurka, berriz, zale gehiago egon zen. Etorri direnen babesa asko eskertu eta nabaritu dugu. Uste dut, ez direla damutu etortzeaz, partida politak ikusi dituztelako. Guk, lanean jarraituko dugu, zale gehiago erakartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.