«Asko» ikasi du Jon Odriozolak azken bizpahiru urteetan (Oñati, Gipuzkoa, 1970). «Gauzak aldatzeko euskaldunok indarrak gehiago batu behar ditugula ikusi dut; bakoitzak bere kontuak albo batera utzi ezean ez dugula ezer lortuko». 1995etik 2004ra txirrindulari profesional izandakoa eta zuzendari gisa ibilitakoa Orbean, Euskaltelen eta Gipuzkoan, bi aldiz geratu da Euskal Herriko «proiektu sendo bat» gorpuzteko zorian. Berak ere ez daki zer gertatu den. «Hamarrek baietz esan, batek ezetz, eta akabo dena. Inbidia handia dago mundu honetan». Ez du amore eman, eta 2015erako «ate txiki bat» irekita utzi du oraindik.
Inoiz baino indar handiagoa dauka lehen galderak: zer moduz zaude?
Tira... Isil-isilik lanean ari zarenean eta lan horri etekina ateratzeko aukera dagoela ikusten duzunean, oso gogorra da bidean geratzea. Zain zauden amets bat horrela galtzea... Jende askok esan izan dit Euskal Herrian ezinezkoa dela ezer egitea, eta arrazoi osoa daukate, ez daukagulako benetako proiekturik. Jota geratu naiz, oso hurbil ikusi dudalako.
Inork baino hobeto jakingo duzu zuk eta, zer gertatu da?
Euskal proiektu bat da hau. Ez da txirrindulari talde baten proiektu soil bat; denona da. Inplikazio handia izan dute nirekin lanean aritu direnek, eta horregatik ematen dit pena handia. Txirrindularitza da euskaldun guztiok batzen gaituen kirol bakarra, eta kirol proiektu bat baino askoz gehiago zen hau. Hain argi edukita ez zela Jon Odriozolaren proiektua baizik eta euskaldun guztiona, hain hurbil ikusita gauzatzera zihoala, pena handia eman dit amaierak.
Noiz ikusi zenuen ezetz, ez zela posible?
Planteamendua ez da hori. Gogorra izan zen joan zen urtekoa ere. Betiko borroketan sartu ginen, eta, azkenean, ez genuen ezer lortu. Aurrera eginda, argi geneukan proiektu honek nolakoa izan behar zuen: babes handia eta den-denon inplikazioa zeukana. Eta, denok esaten dudanean, denok da: enpresak, federazioak, politikari guztiak... Denok egon behar dugu barruan benetako euskal proiektu bat sortzeko eta gauzak ondo egiteko. Inplikazio, gogo eta indar hori badagoela ikusten duzunean, hor sortzen da galdera: zergatik ezin du egin aurrera? Nik ere ez dakit zer gertatu den.
Denen inplikazioa behar dela esan duzu, eta denen inplikazioa bazegoen. Ustez. %99 lotuta zegoela ere zabaldu zen...
Guk inoiz ez dugu esan ezer. Ametsa zen niretzat, ilusioa, eta ez du merezi jendearekin jolastea. Denek dakite ia bi urte daramatzadala gogor lanean, baina ez du merezi esatea ia eginda dagoela edo hau edo hura falta dela. Lortzen ez bada, berdin dio gertu egon den edo ez. Ni ez naiz inorekin jolastu. Ez daukat inori azalpenik eman beharrik, inoiz ez dudalako esan zenbateraino zegoen gauzatuta proiektua. Baina behar bat sentitzen dut jendeari erakusteko Euskal Herrian beharrezkoa dela proiektu hau. Beste proiektu eta ideia asko daude, eta denak dira ongietorriak. Beti izango da pozgarria txirrindulari talde bat osatzea, baina hori baino dezente gehiago da hau. Hori bai, zenbat eta denbora gehiago pasatu, zailagoa izango da, belaunaldi asko galduko ditugulako.
Jaurlaritzak esan du bermerik ez dagoelako egin duela atzera. Bi urte luzeko lana ez al da nahikoa berme?
Izugarria izan da nirekin lan egin duen jendearen inplikazioa. Horrela lortzen dira gauzak, isil-isilik lan eginda. Hortik aurrerako balorazioak? Neurea egingo dut nik, eta baten batek, agian, niri eskatuko dizkit kontuak. Baina ez dut denborarik galdu nahi atzera begira. Lan handia dago egiteko, eta ziur nago etorkizunean gauzatuko dela proiektua. «Ni ez banago tartean, ezin da egin»; beti galtzen gara tontakeria horietan. Kirol arduradun gisa sartuko naiz ni egitasmo honetan, eta, gauzak gaizki eginez gero, bidali egingo naute. Izenen gainetik dago proiektu hau; euskal proiektu bat da, ez pertsona jakin baten egitasmoa. Denona da. Eta hori horrela ez bada, ez da proiektu hau; beste bat izango da. Horrelako ideia bat gauzatzeko momentua zen. Lehen Euskaltelek bideratzen zuen guztia, eta erreferentzia izan da. Edozein pentsamendu, edozein izaera... Denak talde bat babestuz eta sentituz. Hori lortu behar dugu, tontakeriatan denborarik galdu gabe. Diru pribatuarekin eta kontrol publikoarekin. Oso erraza da.
Hirugarren urtez borrokan jarraitzeko prest zaude?
Konturatu naiz egin dugun lan guztiarekin jendea aztoratu egin dela eta askok gerturatzeko prestasuna erakutsi dutela. Ni beti egongo naiz prest horrelako proiektu bati laguntzeko; izan barruan, kanpoan, zale gisa, zuzendari lanetan... Beharra dagoela uste dudalako. Oraindik ez da bukatu borroka hau. Inplikatuta zeuden enpresa batzuek eskatu didate eurekin hitz egiteko, zer edo zer egiteko, mahai gainean kolpe bat emateko... Ikusiko dugu, baina argi daukat amaitu dela amateur mailako nire ibilbidea.
Hitz egin duzu Jon Redondorekin [Jaurlaritzako kirol zuzendaria]?
Nik egindako lanari buruz hitz egingo dut nik. Bakoitzak jakingo du zer esan behar duen. Oso pozik nago jendearen inplikazioarekin, baina beste gauza askorekin ez. Mundu zaila da politika, eta askotan ez dut ulertzen hain erraza ikusten dudana, gehienok ados gaudena, bidean geratzea. Ezinezkoa litzateke, adibidez, Athletic desagertuko dela pentsatzea; neurri berean ikusten dut nik hau ere. Nolatan ez gara gai txirrindularitzan aurrera egiteko, dezente diru gutxiagorekin eta jendeak daukan inplikazioarekin?
Txirrindulari askoren izenak agertu dira batean eta bestean. Hitz egin duzu haiekin?
Inori ez daukat azalpenik eman beharrik, inorekin ez dudalako hartu konpromisorik. Nahiko serio lan egiten dudala uste dut. Argi dago denak etorriko zirela oso gustura horrelako proiektu batera, niregan konfiantza daukatelako eta euskaldunak direlako.
Zenbat aldiz pentsatu ote duzu zeinen ondo bizi izan zinen 1995etik 2004ra, bizikletan bakarrik sufritzen zenuenean...
Askotan esaten diet mutikoei sufritu, sufritzen dutela, baina eurena egin eta kito, beste lanik ez daukatela. Ardura asko daude hemen. Lasterketa on asko irabazteko gai direla erakutsi duten txirrindulari gazte horiengatik ematen dit penarik handiena. Gipuzkoa taldea da adibiderik argiena. Horrelako proiektu batean ia denek edukiko zuten aukera, eta oso pozgarria izango zen niretzat, egindako lanaren merezitako aitorpena izango zelako. Baina inor ez da arduratzen horretaz.
Itxuraz hain sendoa zen proiektua, UCIk atzerapena onartuta zeukan dena aurkezteko; Vueltarekin ere erdi lotuta zegoen dena, Euskal Herriko Itzuliarekin eta enpresekin ere bai...
Isileko lanean zabiltzanean, baina pausoak ematen dituzunean, jende askorengana iristen da lana. UCIk badaki zer zegoen, Vueltako arduradunek ere bai... Baina horiek ez dira nire kontuak. Hau aurrera ateratzea zen nire erronka. Are gogorragoa da noraino iritsi den ikusita bidean geratzea.
1995ean atzerrira joan behar izan zenuen etorkizun bila, Gewiss Ballan taldera. Antzeko etorkizuna ari zaie geratzen oraingo gazteei ere?
Aukera gehiago zeuden garai hartan; bere zailean, errazagoa zen orduan. Gaur egun ez daukate horrelako aukerarik, eta horregatik dauka geroz eta zentzu handiagoa kontinental mailako talde bat ateratzeak. Tourrak izan behar duela helburu? Bai. Baina oinak lurrean izanda eta zein garen ahaztu gabe. Pausoak ezin badira hain azkar eman, polikiago eman beharko dira. Mallorca, Burgos, Ordiziako Klasikoa, Getxokoa... Kontinental mailan egonda ere polita izan daiteke egutegia.
Banestora iritsi zinen 1998an. Vueltan 12., Olanok garaipena, Chava Jimenez hirugarren...
Mundua jan beharrean etorri nintzen Italiatik. Oso urte onak igaro nituen han. Bjarne Riisek lagundu zidan gehien. Bi urte oso igaro nituen harekin logelan, eta izugarrizko laguntza eman zidan. Gauza asko erakutsi zizkidan, eta entrenamenduak ere oso gogorrak ziren... Han ikasi nituen kirol arduradunen estrategia kontuak, eta baita nire pentsatzeko modua zein zen ere. Haien seriotasuna, ardura... Hala ere, denen ametsa zen Banestora iristea. Erretiratu berria zen Indurain, baina talde handia zen artean, eta orduan ikasi nuen nire helburuak alde batera utzita horrelako talde batean nire egitekoa zein zen. Egunero hasieratik lanean arituta, 12. amaitu nuen Vuelta, eta oso pozgarria izan zen itzuli hura Olanok irabaztea. Asko ikasi nuen Unzue eta Etxabarrirekin.
2001ean balentria egin zenuen, hiru handiak amaituta.
Isil-isilik lan egiten nuen orduan ere, eta beste batzuena izaten zen meritua. Oso garrantzitsua nintzen, baina horrelako lasterketetan parte hartzeko bakarrik. Dirua irabazteko-eta beste batzuk garrantzitsuagoak ziren, eta hori ez nuen oso ondo ulertzen. Juan Miguel Mercado lesionatuta zegoelako joan nintzen Girora; Tourra ere nahiko ondo bukatu nuen; eta Vuelta ez nuen jokatu behar, baina, Urkiolan irabazita, hara ere joan egin behar nuela esan zidaten. Ondo lan egiten duzula konturatzen zara horrelakoetan, baina aitorpen falta ere nabaritzen duzu. Orain ez nuke onartuko hainbeste gauza. Nahiko nekatuta amaitu nuen psikologikoki.
2004an Kelmen itxi zenuen profesionaletako ibilbidea, Alejandro Valverde jada bertan zela. Gauza ilun asko agertu ziren gerora Kelme hartan.
Izugarrizko aldaketa izan zen, baina oso harro nago. Oso xelebrea da [Vicente] Belda, baina zuzendari moduan oso ona, oso gardena. Gauza on asko ikasi nituen Kelmen ere. Gauza onak hartzen ditut beti kontuan, eta txarrak alboratu egiten ditut. Zuzendari lanean asko balio izan dit Kelmeko esperientziak. Valverde ezagutzea, berriz... Txirrindulari gutxi ezagutu ditut hainbesteko klasea daukatenak. Ohiz kanpoko gaitasuna dauka Valverdek; Contadorrek ere bai; Ullrich fenomenoa zen; Zuelle ere bai... Ederra izan zen horiek denak ezagutzea.
Behin erretiroa hartuta, Orbearen aukera iritsi zen lehenengo, Euskaltelena gero, eta Gipuzkoarena azkenik.
Oso esperientzia polita izan zen Orbeakoa; asko ikasi nuen. Ia urtero lortu genituen kirol helburuak: lehen urtean, Etorkizuneko Tourra; bigarrenean, etapa bat Euskal Bizikletan... Oso polita izan zen, eta bi urteren ondoren iritsi zen Euskaltelen aukera. Ez zen nire helburua, baina euskaldun eta zuzendari gisa beti egongo naiz harro. Tourra, Giroa, Vuelta... Asko ikasi nuen, baina joatea erabaki nuen nire garaia amaitu zela ikusi nuenean. Gipuzkoako azken lau urteak, berriz, ederrak izan dira.
Nola bizi izan zenuen Igor Gonzalez de Galdeanok atzerritarrei atea ireki zien garaia?
World Tourrean egoteko exijentzia zen. Nik ez nuen emango pauso hori, baina enpresaren exijentzia edukiko zuen, ziurrenik. Taldeak nortasuna galdu zuen, argi eta garbi, baina exijentzia hori betetzeko ezinbesteko pausoa zen. Kontinental profesional mailaren aldeko apustua egingo nuen nik, agian, baina berak jakingo du pauso horiek zergatik eman zituen. Pena eman zidan, taldeak galdu egin zuelako nortasuna.
Ner Group eta Jon Odriozola:hori izan zen lehen borroka.
Ez dakit zortea den hitza, baina niregana jo dute Euskal Herriko proiektu bat gauzatzea pentsatu duten ia enpresa guztiek. Ni ez naiz joan ez Ner Groupera eta ez inora; eurak etorri dira proiektu batekin; gutxi gorabehera, borrokan nabilen proiektu horrekin. Baina beti berdin gertatzen da hemen: gutxi batzuek aukera daukate gehienok nahi dugun proiektua bidean uzteko. Zergatik? Bakoitzak atera ditzala bere kontuak. Baina uste dut gehienok nahi badugu azkenean lortuko dugula. Garai eta proiektu interesgarria zen Ner Groupena.
Zaleek ez dute ulertu gertatu dena, eta pentsatzekoa da zail-zail dagoela egoera, ezta?
Ikusiko dugu... Eszeptiko hutsa izan naiz beti, baina ameslaria ere bai, eta ametsak ez dira iristen zerutik. Oraindik ez da amaitu borroka hau. Pauso batzuk behera eman beharko dira, agian, benetako abiada hartu eta aurrerapausoak emateko.
Kontinental mailako talde xumeagoren batek atea irekita eduki dezake, beraz?
Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Aukera eduki dut World Tourreko beste talde batzuetan zuzendari lanetan hasteko, baina sinetsita nengoen proiektu hau aurrera ateratzeko gai izango nintzela. Orain, ez dakit. Txirrindularitza ez da lanbide bat; nire bizimodua da, eta ikusiko dugu hemen jarraitzea merezi duen edo ez. Neure buruarengan pentsatu behar dut gehiago. 2015erako, zer? Ate txikiren bat irekita dago oraindik ilusioa mantentzeko.
Jon Odriozola. Gipuzkoa-Orekiko kirol zuzendaria
«Ez naiz inorekin jolastu»
Ez iaz Ner Groupen babesean sortzera zihoana, eta ez aurten Eusko Jaurlaritzaren laguntza zeukana. Jon Odriozolak ez du lortu «bertako proiektu sendo bat» martxan jartzerik, baina ez du etsi oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu