Maddi Torre. Athleticeko jokalaria

«Ez naiz hona denbora-pasa bueltatu»

David Aznarrentzat, Torre funtsezko jokalaria da sasoi hasieratik. Talde zuri-gorriak Kopari ekingo dio gaur, Granadaren zelaian (20:00).

JUAN FLOR / BERRIA.
ainara arratibel gascon
2023ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
2016an utzi zuen Maddi Torrek Athletic (Donostia, 1996), taldea azken aldiz txapeldun izan zen urtean. 19 urte zituen. Orain, itzultzeko aukera izan du. «Hau nire etxea da, eta banuen bueltatzeko ilusioa», nabarmendu du.

Espainiako Kopari ekingo diozue gaur, beste txapelketa bati. Nola helduko dio taldeak Granadaren kontrako partidari?

Ilusio, anbizio eta gogo handiz. Taldeari falta zaion titulu nagusia da, eta asko gustatzen zaigu. Irrikaz nago txapelketa hau Athleticekin jokatzeko. Aurreko sasoian finalaren atarian geratu zen, eta bi aldiz izan da txapeldunorde. Arantza hori atera nahiko genuke, eta bide horretan gaur egin nahi dugu lehen urratsa. Sentipen onak ditugu. Azken batean, uste dut Kopan izan dezakegula aukera gehien titulu bat irabazteko. Dena den, zaila da, sei partida irabazi beharko baititugu horretarako.

Zuri oroitzapen onak ekarriko dizkizun zelaian izango da neurketa: Los Carmenesen. Han irabazi zenuen Kopa, Realarekin. Zer-nolako lehia espero duzu?

Kopa irabaztea ederra izan zen. Neurketari dagokionez, ligan jokatu genuen haien kontra, Lezaman. 1-0 irabazi genien. Baina uste dut partidak ez duela zerikusirik izango. Lehenik, kasu honetan kanporaketa bat delako; bigarrenik, haien zelaian jokatzen delako neurketa; eta hirugarrenik, haiek apur bat aldatu dutelako jokatzeko era.

Zertan aldatu dute?

Lehen partidetan, joko konbinatiboagoa egiten zuten, landuagoa. Baina ikusi dute horrek ez diela emaitza onik eman. Ligan sei porrot kateatu dituzte, eta orain joko zuzenagoa egiten ahalegintzen ari dira.

Horrek zertxobait aldatuko du zuen jokatzeko era?

Gu ondo moldatzen gara halako jokoa egiten duten taldeen kontra. Baloi jabetza uzten dizute, eta guk gustuko dugu hori. Jokoaren ekimena dugunean gaude erosoen. Hori bai, oso adi egon beharko dugu, baloia galduz gero haiek oso bizkor ateratzen baitira kontraerasora, abiadura handiko jokalariak baitituzte. Bestalde, uste dut garrantzitsua izango dela guretzat aurretik jartzea. Izan ere, aipatu bezala, haiek ez daude bolada onean, eta horrek zalantzak eragin diezazkieke; guri, berriz, lasaitasuna emango liguke gure jokoa egiteko.

Etxean partida guztiak irabazi dituzue; kanpoan, aldiz, guztiak galdu. Zer diozu horren inguruan?

Erregularragoak izatea falta zaigu, eta etxetik urrun aurrerapauso bat ematea. Uste dut Levante las Planasen eta Betisen aurkamerezi genuela punturen bat batzea. Bi partida horietan, guk izan genituen aukera garbienak, baita jokoaren ekimena ere. Kanpoko partidetan, agian, bi areatan sendoago egotea falta izan zaigu. Uste dut nahi eta merezi dugun baino beherago gaudela sailkapenean. Baina gauza onekin geratu nahiko nuke: etxean oso sendo ari garela. Norgehiagoka horietan erakutsi ditugun gauzak kanpoan ere erakusten baditugu, oso zaila izango da guri irabaztea: intentsitatea, buruz buruko lehiak irabaztea, jarrera... Gorago egon nahi dugu sailkapenean. Anbiziotsuak gara.

Jokalari berri asko iritsi zarete taldera, baita entrenatzailea ere: David Aznar. Hala izanda, beti behar izaten da egokitzapena. Sasoiaurretik nolako garapena ikusi diozu taldeari?

Handia. Azken denboraldietan asko hitz egin da Athletic trantsizio aldi bat bizitzen ari zela, eskarmentua zuten jokalari dezentek taldea utzi, eta harrobikoak hartzen ari zirela tokia. Uste dut aldi hori amaitu dela. Izan ere, gazte horiek jada lehen taldean finkatuta daude. Esperientzia pilatzen eta hazten jarraitu behar dute. Kalitatea eta ausardia sobran dituzte. Oso onak dira. Nik haien adinean ez nituen egiten haiek egiten dituzten gauza asko. Bestalde, taldeari eboluzioa ikusi diot. Entrenatzaileak nahi duena erakusten ari gara: baloia izan, eta ikuslearentzat erakargarria den jokoa egitea. Talde oso ona dugu.

Azken sasoietan ez zenuen nahi beste jokatu Realean. Baina Athleticen finkoetako bat zara hamaikakoan. Asko aldatu zaizkizu gauzak, ezta?

Bai. Realean bost denboraldi egin nituen, eta lortu nezakeen guztia lortu nuen: Kopa irabazi, Superkopako bi finaletara iritisi, ligan bigarren izan, Txapeldunen Liga jokatu... Oso zoriontsu izan nintzen bertan; onena opa diet. Asko maite dut kluba. Nire bihotzeko beste taldea da. Baina garbi nuen etapa hori ixteko garaia zela, alde batera egitekoa. Pozik nago hartutako erabakiarekin. Gauzak aldatu zaizkidan? Egunerokoan ez hainbeste. Baina argi dago jokatzeak beste zerbait ematen dizula,pizgarri bat dela. Izan ere, hona ez naiz etorri denbora-pasa. Ilusio handia dut, eta helburu batzuk ditut. Gauza handiak egin nahi ditut taldearekin, eta hori erakusten saiatzen naiz egunerokoan, Gainera, gazteei lagundu nahi diet nire esperientziarekin.

Realeko azken urteetan euskarrian aritu zinen. Athleticen, berriz, erdiko atzelari postura itzuli zara. Gustura ari zara?

Bai, oso-oso eroso eta gustura nago, bai zelaian, bai zelaitik kanpo. Izugarri ondo zaintzen gaituzte. Uste dut, gainera, gure jokatzeko erak mesede egiten didala.

Zer lortu nahi duzu Athleticek fitxatuta?

Egonkortasuna. Hiru urteko kontratua dut. Hori ez da ohikoa emakumeen futbolean, eta lasaitasuna ematen du. Gainera, hau beti izan da nire etxea. Hemen hasi nintzen, eta banuen ilusioa bueltatzeko. Nire etxea da. Taldetik irten nintzenean, ligako txapeldun izan zen; oso gaztea nintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.