Aritz Erkiaga. Puntista

«Ez naiz gogoratzen Daniako ezertaz; ez dut falta sumatzen»

Hirugarrenez irabazi berri du banakako txapela. «Oso pozik» dago azkenaldian lortzen ari den emaitzengatik, baina, batez ere, zesta-puntak bizi duen «garai gozoaren parte» izateagatik.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun

Osasuna, kirol emaitza bikainak, zesta-puntak azkenaldian bizi duen loraldia... Ospatzeko hainbat arrazoi ditu Aritz Erkiagak (Ispaster, Bizkaia, 1987). Hala ere, dioenez, «oso lasai» igaro ditu urte bukaera eta hasiera.

Badago urtea amaitzeko modu hoberik txapel bat irabaztea baino?

Ez. Polita da. Batetik, txapelketa berezia da banakakoa; urtean behin bakarrik jokatzen dugu. Bestetik, Berriatuan jokatzen da [Bizkaia], eta giro polita egoten da frontoian; zesta-puntako zale asko daude han.

Bigarren aldiz jarraian irabazi duzu banakako txapela, eta bietan hartu duzu mendean Imanol Lopez finalean. Iaz, oso lehia estua izan zenuten: 12-11 eta 12-9. Aurten, ordea, nagusitasunez irabazi diozu: 12-5 eta 12-6.

Txapelketa guztia kontuan hartuta, finalean egon da alderik handiena. Imanol eta biok gutxigatik ez ginen joan etxera finalerdietan: Olharanek partida irabazteko puntua izan zuen Lopezen aurka, eta Aimarrek nire kontra. Oso lehia estua izan dugu txapelketan.

Final biribila jokatu zenuen. Zein izan zen gakoa?

Errematatzen asmatu nuen. Imanol oso indartsua da, eta erraz nagusitu daiteke tantoan; garesti ordaintzen dira hutsak haren aurka. Argi nuen errematatzeko aukera txikiena aprobetxatu behar nuela; Imanol handia denez, kosta egiten zaio lehen pausoa ematea. Halaxe egin genuen, eta asmatu egin nuen. Pilotek ere zerikusia izan zuten: Berriatuako frontoia txikiagoa denez, pilotak ezberdinak dira, bote gutxiagokoak. Horrek ere mesede egin zidan, baita frontoia txikiagoa izateak ere.

Hirugarren txapela duzu banaka: 2013an irabazi zenuen lehena, eta iaz, beste biak. Zer sentitzen da etxean hiru txapel izanda? Felix Espillarekin berdindu duzu, eta Iñaki Goikoetxea bakarrik duzu gainetik: hamahiru.

Polita da hirugarrenez txapeldun izatea; ilusioa pizten dit. Baina ez diot erreparatzen palmaresari. Frontoi ezberdinetan jokatu izan da banakakoa; ez da izan txapelketa finko bat. Polita da hori, ikusteko pilotalekuaren arabera, nola jokatzen duen puntista bakoitzak. Baina ez du balio neurtzeko zein den onena orokorrean.

Banakakoan nagusituta, urte bikaina biribildu duzu: bitan irabazi duzu banakakoa; Jon Zabalarekin gailendu zinen Winter Series txapelketaren lehen aldian; Lopezekin, Munduko Txapelketa irabazi zenuen; eta, Zabalarekin berriro, Markinako (Bizkaia) Grand Slama, besteak beste. Espero zenuen halakorik?

Ez, baina ezta zesta-puntak halako arrakasta izango zuenik ere. Oso pozik nago, emaitza oso onak lortu ditudalako, baina, batez ere, zesta-puntak aspaldiko garairik onena bizi duelako; nik ezagutu dudan onena. Ederra da horren guztiaren parte izatea.

Zure sasoirik onenean zaude?

Emaitzei erreparatuta, bai, zalantzarik gabe; ez dut inoiz horrenbeste irabazi, eta ez dut uste inoiz horrenbeste irabaziko dudanik. Zortzi txapelketa irabazi ditut; oso zaila da hori lortzea. Oso gustura ari naiz. Gainera, uste dut puntistok ikuskizun polita ematen ari garela. Horrek asebetetzen nau gehien. Kanpoan egiten ari diren lan handia kontuan hartuta, gure beharrak izan behar du frontoian gure onena ematea.

Zein da sekretua halako bolada ikusgarria harrapatzeko?

Lana eta zortea. Hemen, zortea izan beharra dago, partida asko erabakitzen baitira hirugarren setean eta tanto bakar batengatik.

Duela urtebete, AEBetatik tzuli berriak zineten, eta ezinegon handia zenuten: ea zer-nolako etorkizuna izango zenuten. Goitik behera aldatu da egoera?

Bai, baita gure egunerokoa ere. Lehen, bizpahiru hilabetez soilik jokatzen genuen, eta ez ginen horrenbeste zaintzen urte osoan. Baina, orain, egutegi zabalagoa dugu, eta urte guztiko lana; esan daiteke profesionalak izateko bidean gaudela.

Hori nahi zenuten, baina aldaketa handia da. Sumatu duzue?

Bai; lan handia egiten dugu orain. Baina, lehen, kexatu egiten ginen jokatzeko aukera gutxi genuelako; orain, badugula, ezin gara kexatu. Gure esku dago aukera honi tinko eustea, segi dezan, atzetik datozenek ere honetaz goza dezaten, eta zestatik bizi daitezen.

Aukeratu beharko bazenu, AEBetako bizimodua edo egun duzuna aukeratuko zenuke?

AEBetan bizimodu erraza genuen: egunero jokatzen genuen, eguraldi ederra genuen, eta gazteak ginen. Baina, gaur egun, ez naiz gogoratzen Miamiko bizimoduaz. Han ginenean ere hemengo bizimoduaren beharra sentitzen genuen. Frontoiko giroa bakarrik genuen. Hemen, ordea, bizitza lasaiagoa dugu, eta merkeagoa, hangoa oso garestia baitzen. Ez naiz gogoratzen Miamiko ezertaz. Ez dut ezeren falta sumatzen.

Zerbait egin beharra zegoela zenioten orduan. Egin da.

Bai, eta aitortu behar dut ni izan nintzela lehena kritikatzen Winter Series txapelketa astelehenetan jokatuko zela. Inork ez genuen pentsatzen halako arrakasta izango zuenik. Baina oso lan ona egin da, eta puntistok oso eskertuta gaude.

Winter Series txapelketaren bigarren aldia jokatzen ari zarete, eta olatuak ez du behera egin.

Ez, eta txapelketak aurrerapauso handia eman du, eta lehen ekitaldian jokatu ziren jaialdiak halako bi egingo dira: hamasei. Bi bikote gehiago ari gara ere bai. Zalantza genuen jendeak nola erantzungo zuen, baina sekulakoa ari da izaten: jendeak txapelketaz egiten du berba kalean, gehiago ezagutzen gaituzte... Antolatzaileak oso lan ona egiten ari dira jendeak katigatuta jarrai dezan.

Zer eskatzen diozu 2023ari?

Osasuna, eta kantxan egotea. Lesio batek goitik behera alda diezazuke kirol ibilbidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.