Beñat Etxebarria. Athleticeko jokalaria

«Ez naiz damu itzuli izanaz, baina ezintasuna sentitu dut»

Athleticen itxuraldaketaren giltza «konfiantza» dela dio erdilari zuri-gorriak. Ez du gustuko Espainiako Kopako finala Camp Noun jokatzea, baina irabazteko aukera dutela iritzi dio.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Beñat Etxebarriak (Igorre, Bizkaia, 1987) talentuan oinarritzen du bere jokoa. Baloia duenean nabarmentzen da. Joko antolatzaile peto-petoa da, baina orain arte ez du Betisen erakutsi zuen jokoaren berri eman. Indarra eta lanerako gaitasuna duten euskarriek aurrea hartu diote Ernesto Valverderen lehentasunen artean. Hala ere, pixkanaka, hasi da bere balioa erakusten. Baina ez dago konforme: aurrera begira askoz gehiago eskaintzea espero du.

Camp Noun jokatuko da Kopako finala. Ondo hartu al duzue?

Erabaki hori ez zegoen gure esku; beraz, ezin genuen gauza handirik egin. Ez da zelairik aproposena, baina finala irabazteko asmoz jokatuko dugu. Partida bakarrera erabakiko da titulua, eta ziur naiz gure aukera izango dugula.

Bartzelonari abantaila ematea da. Ados zaude?

Partida jokatu egin behar da. Norgehiagoka gaitza izango da, baina, beste edozein futbol zelaitan jokatuta ere, ez pentsa erraza izango zenik. Gure asmoa gogor borrokatzea da.

Bartzelonak ohikoa baino presio handiagoa izango du etxean jokatzen duelako?

Bi taldeok izango dugu presioa. Guretzat ere oso garrantzitsua da finala. Faboritoak haiek dira, baina guk ezustekoa eman gura dugu.

Beraz, titulurik gabeko 30 urteko lehorteak ere zama dauka.

Bai. Athleticek klub moduan behar du garaipen bat, baina jokalariok ere sekulako ilusioa daukagu. Merezi dugula iritzi diot. Finala irabazteko prestatzen ari gara.

Azken bi finaletan, egurtu egin du Bartzelonak Athletic (4-1 duela sei urte, Mestallan, eta 3-0 duela hiru urte, Vicente Calderonen). Horrek eragina izango du?

Iraganeko kontuak dira. Maiatzean beste aukera bat izango dugu, eta guk datorrenari baino ez diogu jarri behar arreta. Bartzelona mendean hartzeko aukera izango dugula uste dut; ea kapaz garen aprobetxatzeko.

Inoiz egin al duzu amets Gabarra gainean zaudela?

Ia ezinezkoa da horrelako kontuetan ez pentsatzea. Ikustekoa izango zen Bilbo! Baina gure betebeharra orain eguneroko lanean dena ematea da.

Posible al da futbolari batentzat Ligari behar den moduan heltzea jakinda bi hilabete barru final bat jokatuko duela?

Inolako arazorik gabe, gainera. Datorren denboraldian ere Europa ezagutzen jarraitu gura dugu, eta helburua lortzeko egin behar dugu lan.

Denbora gutxian gauza asko aldatu dira Ligan. Espero zenuten horren tarte txikian egoerari buelta eman eta horrenbeste puntu irabaztea?

Bai. Guk argi geneukan ez geundela sailkapenak erakusten zuen bezain txarto. Konbentzituta geunden puntu gehiago merezi genituela. Oreka eta segida lortu ditugunetik hasi gara puntuak pilatzen.

Esan eta esan ari zarete ez dagoela alde handirik emaitza txarrak lortzen zituen Athletic haren eta puntuak pilatu eta pilatu ari den honen artean. Zer aldatu da, orduan? Zer pasatu da?

Taldearen dinamika da giltza. Emaitzak txarrak direnean, aurkariek, ezer gutxi eginda, sari handia lortzen dute. Txarto ari den taldeari, ordea, ikaragarri kostatzen zaio puntuak pilatzea. Eta emaitzak aldekoak direnean, berriz, justu kontrakoa gertatzen da. Hori da lehengo Athleticen eta oraingoaren arteko alde nagusia.

Futbolean, konfiantza ezinbestekoa da.

Futbolean ia guztia da konfiantza.

Posible da zazpigarren postua lortzea? Edo zuen buruak eta ingurua motibatuta edukitzea da Kopako finalera arteko helburu nagusia?

Puntu asko daude jokoan, eta gure asmoa da Malagak ateratzen digun aldea jatea.

Taldeak izan duen gorakada eta zurea bat etorri dira. Athleticera itzuli zinenetik, orain ari zara gehien nabarmentzen.

Gustura ari naiz. Konfiantza daukat, eta hori ezagun da zelaian.

Erdilari aurreratu gisa ezeroso aritu zara.

Ez nago ohituta postu horretan jokatzera. Atzerago erosoago sentitzen naiz. Baina bi postuen artean ez dago alde handirik. Aurrelariarengandik gertu jokatzeak eskatzen dituen mugimenduak barneratuz gero, leku horretara ere egokitu naiteke.

Izar gisa itzuli zinen, baina Athleticen ez duzu lortu Betiseko maila bera. Hartutako erabakiaz damutu al zara inoiz?

Damutu, sekula ere ez. Ezintasuna sentitu nuen, ez nintzelako gai daukadana erakusteko. Baina uste dut maila berreskuratzen ari naizela apurka-apurka.

Defentsan gabeziak dituzula leporatu dizute. Ados zaude?

Ez nago ados. Nire jokoaren inguruan gauza asko esan dira, baina uste dut ezagutzen ez nautelako esandakoak izan direla. Hala ere, ez dut horrelako kontuetan sakondu gura.

Neguko merkatuan, estu antzean zebilen Athletic, eta klubak erabaki zuen Asier Illarramendi fitxatzeko ahalegina egitea. Zure antzeko ezaugarriak dituen futbolaria da. Zer pentsatu zenuen?

Ez nuen ezer pentsatu. Klubak uste badu taldea indartu beharra dagoela, guztion onerako izango da. Nik neureari begiratu behar diot, eta ahalik eta onena eman.

Gehiago emango duzula espero duzu?

Bai. Nire jokoan konfiantza hartuz noan heinean, zelaian gauza gehiago egiteko gai izango naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.