Teresa Errandonea. Atleta

«Ez nago sasoi betean, baina lan ona egin nahi dut»

Gaurtik igandera jokatuko dute Pista Estaliko Munduko Txapelketa, Belgraden. Teresa Errandonea bihar lehiatuko da. Lesioek sasoia zaildu diote. Halere, finalerdiak ditu helburu.

SERGIO MATEO MARIA.
Julen Etxeberria.
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Teresa Errandonea (Irun, Gipuzkoa, 1994) bihar lehiatuko da 60 metroko hesidunean. Sailkatze proban ariko da lehenbizi (09:50); aurrera egingo balu, finalerdietan arituko litzateke (18:15); eta, zortzi onenen artean sartuko balitz, finalean parte hartuko luke (21:05).

Munduko Txapelketan lehiatzear zaude. Zer moduz zaude?

Pozik nago, hemen nagoelako. Bi helburu genituen pista estaliko denboraldian: Espainiako Txapelketa irabaztea eta Munduko Txapelketan lehiatzea. Biak lortu ditugu. Hala ere, ez nago asebeteta; azkarrago egin nahi nuen korri, baina lesioek buruko min dezente eman dizkidate: mina dut eskuin hankako tibian eta ezker hankako orpazurdan.

8,12 izan da zure markarik onena sasoi honetan; hamabi ehunen hobea da zurea. Aipatu dituzun min horiek eragotzi dizute azkarrago korri egitea?

Bai, indartsu ekin bainion denboraldiari. Inoizko emaitzarik onenak lortu nituen pisu eta abiadura ariketetan, eta parte hartu nuen aurreneko lasterketan, nire markarik onena berdindu nuen 60 metrokoan: 7,48. Horrek agerian uzten du azkar korri egiteko moduan nengoela. Baina ondoren izan ditudan minek entrenamendu jakin batzuk aldatzera behartu naute, eta horren falta sumatu dut gero. Pena da, baina ez nago sobera kezkatuta. Ez dut horrekin itsutu nahi. Udako sasoia da garrantzitsuena. Ea sasoi betean nagoen, eta lanak saria duen.

Mina arindu zaizu?

Bai, baina ez nago sasoi betean, eta ez naiz gai izango barruan dudan guztia emateko. Pena da, baina txarrenari onena atera nahi diot: hemen nago, munduko txapelketa batean. Askoz okerrago izango litzateke iritsi izan ez banintz.

Sasoi betean ez zaudela kontuan hartuta, presio txikiagoz lehiatuko zara?

Ez. Aitzitik, gehiagorekin ariko naiz. Badakit zer baldintzatan entrenatu naizen, eta, hala ere, asko eskatuko diot neure buruari. Ez nago sasoi betean, baina, hala ere, lan ona egin nahi dut.

Zein da helburua?

Gozatu egin nahi dut, eta sailkapen lasterketan nire onena eman. Gero ikusiko dugu zer gertatuko den. Finalerdietara 24 atleta pasatuko dira; hor egon nahiko nuke.

Munduko onenak ariko dira.

Bai, baina uda bete-betea dator: uztailean, Munduko Txapelketa jokatuko da, eta abuztuan, Europakoa. Atleta askok uko egin diote pista estalian aritzeari. Beste asko, berriz, lesionatu egin dira. Etorri direnen artean, Jamaikako eta AEBetako atletak ariko dira dominak irabazteko lehian.

Lehen aldia duzu munduko txapelketa batean. Duela bi urte ariko zinen lehen aldiz, Txinan, baina koronabirusak hankaz gora jarri zuen dena. Txapelketa berezia da hau?

Bai. Duela bi urte sekulako ilusioa egin zidan Munduko Txapelketarako sailkatzeak. Txinan zen jokatzekoa. Hura izan zen koronabirusagatik bertan behera geratu ziren lehen txapelketetako bat. Pena izugarria eman zidan ez lehiatzeak. Lehen aldia nuen, eta sasoi betean nengoen [markarik onena egin zuen]. Arantza txiki bat atera dut hemen lehiatuta.

Koronabirusak munduko lehen txapelketa hura gabe utzi zintuen. Ez, ordea, Tokioko Olinpiar Jokorik gabe.

Ez, eta esperientzia ederra izan zen. Berriz halako zerbait bizitzeko gogoz eta ilusioz bueltatu nintzen. Horri eusten diot oraindik. Parisen egon nahi dut, baina koronabirusa gabe [barrez]. Tokioko Jokoek aldatu egin naute.

Zertan?

Atletismoaren ikuspuntua aldatu didate. Lehen baino gogo handiagoa dut halako esperientziak bizitzeko. Uda hau, adibidez, oso aberatsa izango da txapelketei dagokienez. Baina, lehenbizi, orpazurdako lesioa sendatu nahi dut. Mina izatekotan, eramangarria izatea nahiko nuke; ez dadila izan muga edo traba bat behar bezala entrenatzeko. Sasoi betean iritsi nahi dut udako bi txapelketa garrantzitsu horietara.

Sailkatzeko aukera duzu?

Bai. Puntu dezente batu ditut denboraldi honetan Val-de-Reuilen [Frantzia] eta Madrilen lortutako emaitzei esker [irabazi egin zuen aurrenekoan, eta laugarren sailkatu zen bigarrengoan]. Aire zabaleko sasoian beste hiru emaitza on lortu behar ditut oraindik, baina, ondo bidean, espero dut munduko eta Europako txapelketan aritzea.

2018a mugarri izan zen zure ibilbidean: Ramon Cidekin hasi zinen entrenatzen. Hori lortu nahi zenuen?

Bai. Ramonekin hasita, azkeneko aukera eman nahi nion neure buruari, ea gai nintzen goi mailan lehiatzeko. Lehen, oso urrun ikusten nuen halako txapelketa handietan parte hartzea, baina, egun, eskura ikusten ditut denak. Gai naiz goi mailan lehiatzeko, eta halaxe jarraitu nahi dut. Merezi izan du aldatzea. Oso eroso nengoen Irunen entrenatzen, Ibon Muñozekin, baina gorputzak aldatzeko eskatu zidan, eta halakoetan kasu egin behar zaio gorputzari. Kasu egin nion, eta mesede egin dit.

Lan handia egin behar izan duzu?

Bai, noski. Nik oso argi nuen urte hauek nire kirol ibilbideko onenak izatea nahi nuela. Ramonek eta biok gauza asko aldatu ditugu: pisuekin egin beharreko lana, korri eta jauzi egiteko era... Lan trinkoa da. Gainera, entrenatzeaz gain, lan egiten dut, Salto Systems enpresan, eta batzuetan gogorra da biak uztartzea. Zorionez, lanean erraztasun asko ematen dizkidate. Bestela, ezingo nuke astean 32 orduz lan egin, bete-betean entrenatu eta bidaiatu. Eguneroko nekeza dut, eta ez dut nahi bezainbeste atseden hartzen. Baina, zerbait lortzeko, sakrifizioak egin behar dira.

Zure ibilbideko garairik onenean zaude?

Onenetako batean bai, behintzat. Baina uste dut oraindik hobetu dezakedala. Teknika funtsezkoa da, eta ez daramat horrenbeste denbora Ramonekin. Nola hobetu dezakedan? Ekinaren ekinez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.